Errusiako Munduko Kopa: F multzoa. Hector Moreno. Mexikoko jokalaria

«Helburua ez da final-laurdenetara iristea; urrunago joan nahi dugu»

Morenok hanka hezurra hautsi zuen aurreko Munduko Kopan, Mexiko kaleratu zuten partidan, final-zortzirenetan. Ordutik izan du buruan txapelketa hau.

«Helburua ez da final-laurdenetara iristea; urrunago joan nahi dugu».
Aitor Manterola Garate.
2018ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Mexiko eta haren madarikazioa Munduko Kopan. Hala diote beraiek, eta horregatik ez dutela gainditu azken 32 urtetan final-zortzirenetako langa. Aurten botako dutela dio Hector Morenok (Culiacan, Mexiko, 1998), Realeko jokalariak.

Noiztik duzu buruan Munduko Kopa hau?

Betiko esaldia izan daiteke, baina nire kasuan, duela lau urteko Munduko Kopatik kaleratu gintuzten egunetik. Dramatikoa izan zen niretzat. Hanka hezurra hautsi nuen, Herbehereen aurkako final-zortzirenetako partidan, eta, gainera, kalera bota gintuzten. Aukera ona izan genuen behingoz bosgarren partida ospetsu horretara heltzeko, eta, esan zidatenean kalean ginela, pena handia hartu nuen. Orduan esan nion neure buruari nire esku dagoen guztia egingo nuela Munduko Kopa honetan egoteko. Lanari esker, lortu dut hala izatea.

Neguko azkeneko merkatuan, Realera etortzeko erabakia hartu zenuen; Munduko Kopan egoteagatik, neurri handi batean?

Hasteko, talde handia delako etorri nintzen. Aukera nuen Erroman geratzeko, hamaikakoan lekua izateko borroka egiten segitzeko, egokitzapen kontua zelako ni hango futbolera moldatzea. Baina bide horretan aukera galduko nuen Munduko Kopa jokatzeko, eta horregatik ere etorri nintzen Realera. Hona heldu, eta zerotik hastea izan nuen erronka, Iñigoren [Iñigo Martinez] zuloa betetzeko asmoarekin, eta Erroman ez nintzen zerotik hasiko, taldea egina zegoelako ni joaterako.

Liga amaitzen ari zela, lesio txiki bat izan zenuen Realarekin, eta larritu zinen Munduko Kopa galduko zenuen beldurrez?

Ez, hasieratik esan zidatelako medikuek ez zela larria. Mexikoren zerrendan egoten segiko nuela ia ziur nekien, sekula jakiterik ez badago ere zer gerta daitekeen. Baina entrenatzaileak erakutsi izan du baduela nigan konfiantzan, eta berretsi egin dit zerrendan sartuta.

Zer da Munduko Kopa bat jokatzea?

Profesionala izatea zen nire ametsa, eta Munduko Kopa jokatzea gauzarik ederrena da jokalari batentzat. Zale gisa joan izan ginen 2006an Alemaniako txapelketara, gonbidatu egin gintuztelako Mexiko selekzioari, 17 urtez azpiko Munduko txapeldun izateagatik. Telebistaz ere ikusi izan ditut txapelketak, eta badakit zer- nolako zirrara sortzen duen selekzioa jokatzen ikusteak mexikarrentzat. 90 minutuko partida arrunt batek gauza pila bat eman diezakioke gure herrialdeari, bestelakoan gertakari zorigaiztoko nahiko izaten dugu eta. Futbola ihesbidea da Mexikon, eta, azkenean, jokalariontzat ardura bat daherrialdea ordezkatzea, baina poz handia ere ematen dit, familia oso futbolzalea baitut. 2010ean jokatu nuen aurreneko aldiz Munduko Kopan, Frantziaren aurka, eta,Hegoafrikan izan arren, mexikarrez betea zegoen zelaia. Azteca estadioan nengoela uste izan nuen ereserkia jotzen ari ziren bitartean. Ikaragarria izan zen. Inoiz izan dudan sentimendurik indartsuena bizi izan nuen une horretan, ordura arte bizitzan eta futbolean bizi izandako oroitzapen guztiak pasatu baitzitzaizkidan burutik ereserkiak iraun zuen bizpahiru minutuetan.

F multzoan zaudete, Alemania, Suedia eta Hego Korearekin. Gogorra?

Mexikon Alemaniaz bakarrik hitz egiten da, faboritorik handienetako bat baita txapelketa irabazteko, eta hiru talde on osatzeko adina jokalari baititu. Oso zaila izango da haien aurka jokatzea. Baina Suedia ere indartsua da, Europako talde onetan ari dira jokatzen jokalariak. Ez da izango haren jokoa beste batzuena bezain ikusgarria, baina ondo dakite nola jokatu. Talde gogorra da, fisikoa, geldikako jokaldietan oso arriskutsua, jokalarien batez besteko garaiera 1,87 metro baita. Hego Korea ez dugu mapan sartuta, urrun baitago, baina uste dut badakidala nolakoak izango diren. Salzburgoren aurka Realarekin jokatu nuenean, parean tokatu zitzaidan Hwang Hee-chan aurrelaria, eta, teknikoki, normala da, baina oso indartsua. Horrelako hamar izango ditugu parean, eta aurkari zaila izango da.

Zuek ere zailak izango zarete aurkarientzat?

Bai, seguru. Konfiantza handia dut, oso talde eta jokalari onak dauzkagulako. Duela lau urteko taldea da oinarria, eta hobeak gara orduan baino, jokalari modua eta pertsona moduan ere bai, beste esperientzia bat baitugu, urteek ematen dutena. Duela lau urte oso gertu izan genituen final-laurdenak, eta, orain, hobeak izanik, espero dugu gainditzea Mexikorentzat gaindiezina ematen duen hesi hori [1986tik ez da izan final-laurdenetan].

Zer du Mexikok azkenaldian ez gainditzeko final-zortzirenetako langa?

Ea zein den arazoa. Jakingo bagenu... Niri bitan tokatu zait langa hori ez gainditzea, baina burutik kendu behar dugu geure buruari jartzen diogun muga hori, ematen baitu helburutzat dugula final-laurdenak harrapatzea. Eta ez, guk ahalik eta urrunena heldu nahi dugu txapelketan.

Joko estiloan, antzik badute duela lau urteko Mexikok eta oraingoak?

Filosofia bera da. Oraingo entrenatzailea kolonbiarra da[Juan Carlos Osorio], baina oso ondo ezagutzen gaitu, eta badaki zein diren Mexikoko jokalariaren indarguneak eta gabeziak. Erasoan ausarta izatea gustatzen zaio, eta dena edo batere ez izaten da askotan. Horrela jokatuta, gauzak oso ondo atera izan zaizkigu, baina baita gaizki ere; begira, esate baterako, Txileren aurka nola galdu genuen Amerikako Koparen 100. urteurrenean (1-7), edo Alemaniak nola irabazi zigun Konfederazio Kopan (1-4). Jokatzen dugun bezala jokatuta, atzealdean zulo handiak uzten ditugu, eta horrek eskatzen digu oso eraginkorrak izatea erasoan, golak sartzeko.

Zuen baloiaren irteera ez da izango eraginkortasuna baino arriskutsuagoa?

Hor nonbait. Baloia jokatuta ateratzen saiatzen gara, eta oso irekita jartzen gara zelaian. Egoera horretan baloia galtzea oso da arriskutsua, bai.

Hain zaila al da faboritoen koskara heltzea Munduko Kopan?

Zaila da, bai. Azkeneko txapeldunak ia talde berdinak izan dira. Alemania, Frantzia, Espainia eta Brasil, adibidez, txapelketan egongo diren hogei talde baino hobeak dira. Jokalari on mordoa izaten dituzte aukeratzeko entrenatzaileek, nahi duen bezala jokatzeko. Ezusteak beti egoten dira, eta ea Mexiko izaten den, gu goi-goian izatea ezustea izango baita, ez dugunez oraindik selekzio handi horien izena eta ospea.

Amerikako selekzio batek irabaziko du Europan oraingoan?

Zergatik ez? Badakigu Brasilek bakarrik egin duela hori, 1958an, baina uste dut Europako eta Amerikako taldeek aukera berbera dutela txapelketa hau irabazteko.

Brasil eta Argentina nola ikusten dituzu?

Oso indartsu daude bi taldeak. Messi edukita, Argentina beti izan da hautagaia irabazteko.

Jokalaria denbora luzez egoten da taldearekin Munduko Kopa batean, eta ordu asko dira ia ezer egin gabe. Zertan pasatzen duzu denbora?

Ez naiz partidak ikusi zalea, ez bada oso erakargarria. Egoten da lana egiteko taldean, gimnasioko lana, bideoak ikusi...

Denbora librean buruari bueltak ez emateak zenbateko garrantzia du?

Handia. Ez naiz hasten partidan pentsatzen oso gertu egon arte, okerrago baita buruarentzat. baldintzatu egiten bainau zelaian hartu beharreko erabakietan.

Denbora librean zer egin adostu egiten da entrenatzaileekin?

Bai. Hobe da horrela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.