Donostiako 66. Zinemaldia. Sail Ofiziala

Bi emakumeren aginduetara dabilen gizona

'L'homme fidèle' lanean, komedia eta drama lotu ditu Louis Garrel. zuzendari eta aktore frantsesak. Jean-Claude Carriererekin batera idatzi du maitasun istorioaren gidoia

Ainhoa Sarasola.
Donostia
2018ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Laukote baten harreman berezia aurkeztu du Louis Garrel zinemagile frantsesak Sail Ofizialean. Eta komediatik nahiz dramatik hartu ditu osagaiak L'homme fidèle filmak kontatzen duen maitasun istorioa sortzeko. Berari ere kosta egiten zitzaion filma definitzea atzo goizeko proiekzioaren osteko agerraldian; are, adierazi zuen ez dituela etiketak maite. «Drama bada, baina komedia ere bai, suspensea ere badu... Nahastuta daude generoak, eta zaila da zehaztea, baina niri positiboa iruditzen zait hori; ez dut gustuko ni neu sailkatua izatea». Filma zuzendu ez ezik, protagonistaren rola ere jokatu du.

Harreman desberdinak nahasten dira filmean. Abelen rola jokatu du Garrelek. Mariannerekin (Laetitia Casta) bizi da, baina, filmaren hasiera-hasieran, Mariannek utzi egingo du, haurdun dagoelako eta haurraren aita Paul delako. Handik zortzi urtera, Paul hil egin dela jakingo du Abelek, eta haren hiletan berriro elkartuko da Mariannerekin. Harremanari berriro ekingo diote, baina horrek jeloskor jarriko ditu oso gertuko beste bi pertsonaia: Joseph (Joseph Engel), Marianneren semea; eta Eve (Lily-Rose Depp), Paulen arreba, gaztetxoa zenetik Abelekin maiteminduta dagoena. Umorea erabili du Garrelek lauren arteko harremanaren nondik norakoak kontatzeko.

Berak antzezten duen pertsonaiaren hainbat jokabide dira horren isla. Aktore eta zuzendariak berak eman zuen azalpena: «Niretzat plazera da agintzen duten bi emakume ikustea, dena erabakitzen dutenak, eta gizonak elementu soil izatea. Haiek agintzen dute, eta Abel batera eta bestera eramaten dute, globo bat balitz bezala». Evek neskatila bat izateari utzi eta emakume izateko egiten duen trantsizioa egin zaio interesgarri Deepi bere pertsonaiatik, eta nola boteretuz doan ibilbide horretan. Castak, berriz, aitortu zuen beldur izan zela Marianne ez ote zen «gogorregia, erradikalegia» agertuko, baina hasieratik gogoko izan zuela haren erabakimena.

Gidoia, lau eskutara

Philippe Garrel zinemagilearen semea da Louis Garrel, eta, aktore gisa ibilbide luzea egina badu ere, zuzendaritzan murgildu den bigarren aldia da —Les deux amis-ekin estreinatu zen, 2015ean—. Haren aitarekin lan egina zen, berriz, Jean-Claude Carriere gidoilaria, eta semearekin aritu da oraingoan istorioa idazten. Ehundik gora gidoi ondu baditu ere, azaldu zuen beti zerbait berria egiten saiatzen dela. «Esaterako, orain arte inoiz ez nuen off-eko ahotsik sartu».

Garrelek 35 urte dituela eta berak 87 bete dituela gaineratu zuen Carrierek, eta bi esperientzia oso ezberdin uztartu dituztela lanean. «Esan dezakedan bakarra da ezingo nukeela idatzi gidoi batirribarrerik gabe; ez litzateke film bera izango».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.