Musika

Aditu ezin diren olatuen hotsa

Bere ibilbideko diskorik minimalistena aurkezten izango da Devendra Banhart Donostiako Viktoria Eugenia antzokian: 'Ma'. Vetiver taldea ariko da lehendabizi.

Devendra Banhart musikaria Frantziako Eurockeennes jaialdian eskainitako kontzertuko une batean. HUGO MARIE / EFE.
Inigo Astiz
2020ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Devendra Banhart musikariaren azken diskoa bere horretan osorik entzunda, nekez irudika daiteke Ma izeneko lana osatzen duten hamahiru abesti goxo, xuxurlati eta bareen atzean dagoen sortzailea freak folk izeneko ildoaren izen nagusietakotzat hartzen dutenik. Ordea, nahikoa da diskoari buruzko informazio pixka bat gehiago leitzea, apurka pieza guztiak bat nola hartzen duten ohartzen hasteko; belarriari lehen kolpean hain garden heltzen zaizkion abesti horietan nahasian baitoaz, besteak beste, budismoari egindako erreferentziak, amatasunari buruzko gogoetak, musikariak gaztaroan bizitoki izan zuen Venezuelako egoera politikoak motibatutako leloak eta jario surrealisten airea duten aitortza pertsonalak. Banhartek berak kontatua duenez,diskoa adi-adi entzunez gero, abesti bakoitzaren hondo-hondoan, badago Ozeano Barea sentitzerik ere, zeren eta, azkenean, entzuleak ez-entzuteko moduan utzi badu ere, diskoa grabatu zuen estudioaren ondoko itsasoko olatuen pista bat izan baitute abesti guztiek oinarri-oinarrian. Europan ematen ari den biran geldialdia egingo du musikariak Donostiako Viktoria Eugenian, Vetiver taldearekin batera emango duen emanaldian.

Estatubatuarra du aita Banhartek eta venezuelarra, berriz, ama, eta bi herrialde horien artean joan zitzaion gaztaroa. Berez, Houstonen (AEB) jaio zen, 1981ean, baina gurasoak bereiztean, amarekin joan zen haren sorterrira, eta han eman zuen haurtzaroa eta gaztaroa. Horregatik egiten ditu gaztelerak tartean-behineko agerpenak nagusiki ingelesezkoa den errepertorioan, eta horregatik egiten ditu herrialde hartan bizi dituzten estutasunari eta autoritarismoari buruzko aipamenak bere azken diskoan ere. Handik, San Frantziskora joan zen bizitzera gazte zela, ordea, eta Parisen ere egonaldi bat egin ostean, 2002an kaleratu zuen bere lehen albuma: Oh me, oh my.

Soinu akustiko xumea zuten bere hasierako lanek, eta pixkanaka zainduagoak bilakatuz joan ziren bere konposizioak. Beti izan du ikuspegi fantasiatsuko letra intimistak sortzeko joera, eta hasieratik ezarri zizkioten adituek freak folk, avant folk eta folk psikodeliko etiketak. Eta bere estudioko hamargarren diskoraino lagundu du itzal horrek, baita Ma haren lanik minimalistena izan arren ere.

Arte ikasketak egin zituen, eta musikari izateaz gainera, margolaria ere bada Barnhart. Besteak beste, San Frantziskoko Arte Modernoko Museoan eta Bruselako Arte Ederren Zentroan ikus daitezke haren lanak, eta diseinurik onenaren Grammy saria ere jasotzeko hautagai izan zen 2009an, Jon Beasleyrekin batera What Will Be diskorako egindako lanagatik.

Azken diskoko abestien hondoan Ozeano Barea dagoela jakinik, olatuz olatu jarioan doan kontaketa bat dirudite maiz Banharten hitzek ere. Kezka, aitortza eta ospakizun nahas-mahas zaindu bat da, adibidez, Taking a page kantua. «Txinan egindako Free Tibet kamiseta daramat soinean,/ eboluzioaren azken abialekua justu zure atzean dagoela,/ oraindik kontra egoteko gauza zerrenda infinitu bat dut, ordea./ (...) Errari gabiltza gutako inork/ ulertzen ez duen munduan,/ eta jasanezin zaizula uste duzunetan,/ egin zoom out eta ikusi planeta,/ ze hori baita amodioa/ publikoa surfeatzea, /hutsik dagoen klub batean./ (...) Musika hutsa diren abestietan hartzen dute hitzek zentzurik gehien,/ pentsatu al duzu inoiz koloreek euren buruari galdetzen ote dioten:/ 'ei, zein gizaki duzu gustokuen?».

Kide diren taldeak

Vetiver taldearekin arituko da Banhart Donostian, eta bi taldeen arteko kidetasuna kontuan harturik, ezin esan kontzertua irekitzeko hautatutako talde soil bat denik. Freak folkaren eta folk psikodelikoaren etiketez gainera, musikariak ere konpartitzen dituzte tarteka bi taldeek, eta, 2005. urtean, diskoetxe bat ere sortu zuten elkarrekin Banhartek eta Andy Cabic Vetiver taldeko abeslari eta sortzaileak: Gnomosong.

2004an atera zuen bere lehen diskoa Vetiver taldeak, eta Cabicen gitarraren akorde minorrak eta melodia xuxurlatiak izan dira taldearen nortasun marka nagusia geroztik. Bere zazpigarren diskoa aurkezten izango da Euskal Herrian, Up On High izenekoa, eta Banharten taldean ere arituko da musikari.

KONTZERTUAK

Donostia. Asteazkenean, Viktoria Eugenian, Devendra Banhart eta Vetiver, 20:00etan. 28 euro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.