LITERATURIAN HARTU DUTE ATERPE HITZEK

Euskal letren plaza bihurtu du Literaturiak Zarautz beste urte batez, hitzaren bueltan antolatutako askotariko ekitaldiekin. Aingura hartu du aurten gaitzat, eta liburu azokaz nahiz liburu aurkezpenez gain, jaialdirako espresuki sortutako emanaldiak ere badira. Gaur iluntzera arte bada zer dastatu.

Biziminak emanaldia egin zuten Itzel konpainiako Itziar Eliasek, Maddi Irazokik eta Dani Irazokik Zarautzen, atzo arratsaldean, Literaturiaren barruan. GOTZON ARANBURU / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Zarautz
2018ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Euripean esnatu zen eguna. Laino mardulak zeruan, eta ur putzuak zoruan. Askorentzat, liburu on bat hartu, eta etxean geratzeko modukoa. Baina aterkiak batera eta bestera zebiltzan atzo Zarauzko (Gipuzkoa) kaleetan. Liburuak kalean baitzeuden, Literaturian aterpe hartuta. Jaialdiaren aterkipean hartu zuten babes askotariko sortzaileek eta zaleek, eta euskal letren plaza bilakatu zuten udalerria beste urte batez.

Liburu azokako mahaiak lanez janzten zebiltzan Musika Plazan Susa, Elkar, Txalaparta, Maiatz, Ataramiñe eta beste zenbait argitaletxetako arduradunak. Txakur Gorria sortzaile kolektiboko kideak ere beren lanak mahaian jartzen zebiltzan, eta Literaturia bezalako plaza batean erakusteak ilusio handia sortzen ziela zioten Malen Amenabarrek eta Ane Labakak: «Beste urteetan entzule huts gisa etorri izan gara, baina aurten aukera sortu zitzaigun, eta asteburu-pasa etorri gara». Gaur ez dira azokan izango, baina ez dira liburuak eraman duten gauza bakarra: Lau emanaldia egingo dute arratsean, Antoniano aretoan. Beren kontraesanetatik jaiotako sorkuntza bat dela, eta ikus-entzunezkoetatik, antzerkitik eta errezitaletik izango duela aurreratu zuten. Haien mahaitik ez oso urrun, Musika Plazako kioskoaren aurrean, gero eta haur gehiago ari ziren elkartzen, beren aterkitxoen pean. Maite Franko ipuin kontalariarekin hitzordua zuten; gurasoak plazan utzita, elkarri eskutik helduta joan ziren denak saioa entzutera. Udalerriko eskoletan aritua da Franko, baina lehen aldia zuen jaialdian, eta Mundu-ipurdiko ipuinak prestatu zituen estreinakorako. «Hitz jokoari lotuta, ipuin ilunak, zikinak, aldrebesak... bildu ditut». Hogeitik gora haur izan zituen entzule, eta pozik zen haientzako eskaintzarekin. «Nire ustez, garrantzitsuak dira halakoak, ahozko ipuinak zubirik motzena baitira literaturara hurbiltzeko». Beste haur batzuk kioskoan geratu ziren, han ere prestatu baitzieten beren gustuko lanez betetako txoko bat.

Bien bitartean, liburu aurkezpenen zaparrada hasia zen Garoa liburu dendan. Iñigo Roque izan zen lehena; Jack Kerouacen Errepidean (Pasazaite) ekarri du euskarara. Haren ostean Zauri bolodia (Txalaparta) aurkeztu zuen Oier Guillanek, eta Juankar Lopez Mugartzak hartu zuen lekukoa jarraian, Arima animalia (Maiatz) poesia bildumarekin. Ez beti, baina Literaturiako aurkezpenetan ohikoa da egileek beste lagun bat izatea aldamenean. Hain zuzen, Xabier Mendiguren idazlea Andoni Tolosa Morau musikariaren laguntzaz zen aurkeztekoa Zu entzuteko gaude (Elkar) ipuin liburua. Aldiz, errepideko arazoak tarteko, egilea ezin izan zen Zarautzen izan, eta musikariak aurkeztu zuen haren lana, azalpenak eta bere kantuak tartekatuz.

Bazuen zer aurkeztua Xabier Amurizak ere, eta Neska bat leku inposiblean (Elkar) liburua hartuta «oso pozik eta ilusioz» heldu zen Zarautzera. Baita arratsean Karlos Cid Abasolo lagunari Keinu konplizeak (Susa) bere liburua aurkezten lagundu behar ziolako ere. Literaturiaren gisako plazak garrantzitsuak dira Amurizaren ustez, bereziki, sortzaileen topagune direlako. Aurkezpen zaparradak ez zuen egun osoan etenik izan: Asel Luzarragaren Bioklik, Judith Butlerren Genero nahasmendua (Ana Isabel Moralesek itzulia), Sonia Gonzalezen Erreka haizea. Botere, isilpen eta herioaz, Antxiñe Mendizabal eta Iraia Okinaren Emakume burugabea, eta Alice Munroren Etsaiak, lagunak, ezkongaiak, maitaleak, senar-emazteak (Isabel Etxeberriak itzulia) aurkeztu zituzten.

Jaialdiak ordura arte emandakoarekin pozik zegoen Ana Galarraga antolakuntzako kidea bazkalorduan. «Uste dut hau oso plaza gertukoa dela sortzaileentzat, eta etxe giroan egoten direla». Literaturiaren harira haien artean sortzen diren harremanak balioetsi zituen. «Guk esperimentatzeko plaza bat jartzen diegu». Eta horren adibide argi bat azaldu zen une horretan kalean barrena: ordu batzuk geroago ematekoak ziren Zer hartu ontzitik, itsasoa harri bihurtzen bada ikuskizuna prestatzetik zetozen Joseba Larretxe Josevisky marrazkilaria eta Miren Narbaiza eta Joseba B. Lenoir musikariak. Hirurek aitortu zuten, Literaturiako ekitaldia jarri izan ez balute, ikuskizun hura ziurrenik ez zela sortuko. Haien aurretik, Biziminak emanaldia izan zen Itzel konpainiaren eskutik —Itziar Elias, Maddi Irazoki eta Dani Irazoki—.

Aingura eta sorkuntza

Gaur iluntzera arte izango da ekitaldirik Zarautzen. Goizez, Musika Plazak liburu azoka hartuko du berriro. Juan Kruz Igerabideren ipuin kontaketa 11:30ean izango da, eta, haren ondotik, Literattipia hasiko da, haurren literatura festa. Liburu trukea, kantuak eta kalejira izango dira, eta Jesus Mari Olaizola Txiliku omenduko dute.

Eguerdian, Antoniano aretoak Oroimenaren aingura: Alzheimerra eta sorkuntza izeneko solasaldia hartuko du. Eritasuna eta zaintza lanak izan dituzte euren azken lanen iturburu Anjel Lertxundik, Andoni Tolosa Morau-k eta Maddi Zubeldiak, eta horren inguruan arituko dira. 17:00etan, leku berean, Txakur Gorria taldeko kideek Lau aurkeztuko dute. Emanaldiarekin esango du agur jaialdiak. Heldu den urtera arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.