BESTE BATZUK

2017ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Unio Democratica de Catalunya. 1931ko azaroan sortua, eta 2017ko martxoan likidatua. CiUko kidea izan zen, 2015ean bereizi ziren arte, bide orri independentistarekin zituzten aldeengatik. 2015eko Kataluniako Parlamentuko bozetan ez zuten ordezkaririk lortu (103.000 boto), ezta 2016ko Espainiako Gorteetarakoetan ere. Ordezkari instituzionalik gabe, eta bankuekin zuen 22,5 milioi euroko zorrak itota gelditu zen Josep Antoni Duran i Lleidak gidatutako alderdi historikoa. Hartzekodunen konkurtsoan sartu zen 2016an, eta azkenean Deloittek likidatu zuen alderdia. Units Per Avançar mugimendua sortu zuten kide ohi batzuek orduan, Ramon Espadaler buru hartuta. Boz hauetarako PSCrekin egin dute ituna, eta sozialistek hiru diputatu postu eman dizkiete.

Democrates de Catalunya. Uniok eta Convergenciak CiU desegitea erabaki zutenean, 2015ean, Democrates de Catalunya sortu zuten Uniotik ateratako politikari batzuek. Demokristau independentista gisa aurkezten dute beren burua, eta Antoni Castella dute presidente. 2015ean, Junts Pel Si koalizioaren barruan aurkeztu ziren, eta hiru diputatu lortu. 2016an, CDCrekin Democracia i Llibertat plataforman aurkeztu zen Espainiako Gorteetarako hauteskundeen lehen saioan; bigarrengoan, koalizio hori utzi egin zuen. Abenduaren 21erako, ERCren listetan sartu dira.

Iniciativa Per Catalunya Verds (ICV) eta Esquerra Unida i Alternativa (EUiA). 1983an sortu zen Iniciativa Per Catalunya (IC), PSUC (1936an sortua) eta beste alderdi batzuk elkartuta. Beti mantendu du autonomia Espainiako Izquierda Unidaren aurrean. 1995ean hauteskunde koalizio bat osatu zuen Els Verdsekin (IC-EV; 1993an sortua). Gorabehera eta zatiketa batzuen ondoren, ekosozialista gisa definitu zuen bere burua, eta 2002an oraingo izena hartu zuen, ICV. Tartean, handik zatitutako frakzio eta alderdi batzuek sortu zuten EUiA, 1998an. Baina azken horiek ere lankidetza hitzarmen bat egina dute Espainiako Izquierda Unidarekin eta, 2003tik aurrera, ICV-EUiA koalizioa elkarrekin aurkeztu izan da Kataluniako Parlamentuko bozetara (360.000 boto 2012an). 2015ean Catalunya Si Que Es Pot koalizioko parte izan ziren (368.000 boto). Aurten, En Comuren sorreran parte hartu dute bi alderdiek, eta koalizio horren barruan aurkeztuko dira abenduaren 21ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.