Nafarroako entitateei dei egin diete Euskaraldian parte hartzera

Azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo dute euskararen aldeko ariketaren hirugarren aldia. 2018ko «ilusioa» berreskuratu nahi dute

Nafarroako hainbat entitatetako kideak, Iruñean. OLAIA L. GARAIALDE.
Olaia L. Garaialde.
Iruñea
2022ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo dute Euskaraldiaren hirugarren aldia, Hitzez ekiteko garaia lelopean, eta, Nafarroako entitateei parte hartzera dei egiteaz gain, hala egin nahi duten entitateek eman beharreko pausoen nondik norakoak azaldu dituzte, Iruñean egindako agerraldian. 2020an bezala, eragileen parte hartzea sustatu nahi dute, eta norbanakotik kolektibora «pausoz pauso» jauzi egin.

Ekinbidearen berri eman dute Ana Ollo Nafarroako Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak eta Euskaltzaleen Topaguneko Oskar Zapatak eta Iñaki Sagardoik, eta lurraldeko eragileei dei egin diete euskararen aldeko ariketa sozialean parte hartzera. Aurkezpenean izan dira, besteak beste, Iruñerriko Mankomunitatea, Osasuna, ELA, LAB eta CCOO sindikatuak, EH Bildu eta Geroa Bai.

Ariguneak zer diren ere gogora ekarri dute: «Euskaraz lasai aritzeko guneak dira». Horiek belarriprest eta ahobiziz osatuta daude. «Rolak gaitasunari lotzeko joera dago, baina jarrerari eta norberaren erabakiei lotuta daude», azaldu du Sagardoik.

2018ko Euskaraldiaren balorazio positiboa egin dute, baina bertan ikusi zuten entitateen parte hartzea beharrezkoa zela. 2020ari dagokionez, pandemiak Euskaraldia baldintzatu zuela esan dute: «Ezin ginen kalean elkartu, eta batzordeetan biltzeko arazoak zeuden». Hortaz, aurten 2018ko gogoa eta ilusioa berreskuratu eta handitu nahi dute.

Adostasuna giltzarri

Entitateek parte hartzeko urratsak ere azaldu dituzte: Euskaraldiaren berri jaso behar dute aurrena, eta proposamena aztertu eta prozesua abiatzeko erabakiak hartu behar dituzte gero. Ariketa adostuta, Euskaraldiko parte hartzea berretsi edo izena eman eta, eta arigune kopurua zehaztu behar dute. Segidan, entitateko kide guztiei jakinarazi behar diete, eta euskara bultzatzeko lehentasunezko neurriak erabaki eta gizarteratu behar dituzte. Gainera, parte hartuko duten kideei prestatzeko baliabideak eskaini behar dizkiete, eta balorazioa egin. «Garrantzitsua da adostasuna lortzea, bestela nekez lortuko dira helburuak», esan du Sagardoik.

Beste urteetan izena eman zuten norbanakoek eta entitateek ez dute aurten zertan berriz izena eman; mezu bat jasoko dute parte hartzea berresten dutela adierazteko. Horrez gain, adierazi dute edozein zalantza argitzeko prest egonen direla.

Antolatzaileek 2020an parte hartu zuten Nafarroako hainbat entitateren testigantzak jaso dituzte; esate baterako, Bang Atarrabiako Neska* Gazteena. Kideen arabera, beren arteko dinamikak aldatu dituzte, eta «zaila» da harremanak hizkuntza batean sortzen direnean beste hizkuntza batera aldatzea. Hala ere, horretan dabiltza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.