Erresistentzia guneak. Errepaso historikoa

Urbina (2006). AHTaren kontrako geltokia

Abiadura handiko trenaren lanak hasi zirenean, haren kontrako ekintzak ugaritu egin ziren. Lehen obrak egin zituzten herrian, Urbinan, mobilizazio eta ekintzarik jendetsuenetako batzuk jazo ziren.

2006ko uztailean AHTren aurka Urbinan egin zen kanpaldiko partaideak, obretan. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Oiartzabal Azketa.
2017ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Arabako Urbina herriaabiadura handiko trenaren kontrako erresistentzia gune garrantzitsua izan da. Hein handi batean, AHTaren obrak bertan hasi zirelako, 2006. urtean. Hango erresistentzia gogorragoa izan zen tarte batez, eta,desobedientzia zibilaren bidetik, hainbat ekintzak egin zituzten tren lasterraren kontrako ekintzaileek. «Baina haren antzeko erresistentzia borroka gehiago izan dira AHTaren kontra», azaldu du Bea Aranak (Irun, 1963), AHTaren kontrako ekintzaileak. Izanere, 1995. urtearen inguruan hasi ziren AHTaren kontrako batzarrak eta ekintzak, eta protestak ez dira eten oraindik.

2006. urtean, ordea, AHTaren kontrako erresistentzia garairik gorenean zen. «Trenaren kontrako ekinaldi asko ari ziren egiten sektore autonomoagoak, alde batetik, eta AHT Elkarlanean plataforma eta gisakoak, bestetik». Adibidez, AHTa igarotzen zen herri askotan kontsulta ugari egin ziren garai hartan. «Jende askok hartu zuen parte, eta gehiengoa trenaren kontra agertu zen. Horrek denak argi uzten zuen proiektuak ez zuela zilegitasunik».

Urbinan, uztailaren 16ean egin zuten galdeketa —urteroko kanpaldia ere hil horretan egin zuten, Urbinan bertan—. Bozkatzeko eskubidea zuten 115 herritarretik 108k eman zuten botoa. Guztiek, AHTaren kontra.

Emaitza horiek ematen zien zilegitasuna baliatuta, azaroan, bi hilabete eta erdi iraun zuen erresistentzia gunea antolatu zuten Urbinan. Batez besteko bat eginez gero, 50 lagun inguruk hartu zuten parte. Egunero han egoteaz gainera, hainbat ekintza ere egin zituzten: esaterako, obren makinak han zeuden, eta jendea kateatu zen makinetara. «Lanak aurrera ez egitea zen helburua, erakustea AHTa zentzugabekeria hutsa zela, eta ez zuela herritarren babesik erakustea». Hala ere, ez zen lortu obrak atzeratzea.

2009ko martxa, mugarria

AHTa egiteko obrek bezala, haren kontrako borrokek ez zuten etenik izan urte haietan. Hala, 2009ko urtarrilaren 17an Urbinako obretara martxa jendetsu bat antolatu zuten. «Bertan 600-700 lagun inguruk hartu genuen parte. Gutxitan ikusi da halako ekintza zuzen bat hain jendetsua».Aranak zehaztu duenez, ekintza sinboliko bat izan zen; ez zen asmoa bertan geratzea.

Obren muino bat zegoen, eta jendea bertara igo zen. «Ertzainak etorri ziren eta izugarrizko oldarraldiak egin zituzten. Muinoan zeudenak atxilotu eta besteon kontra hasi ziren, ehizan, untxiak bagina bezala. Izugarria izan zen. Ikaragarrizko bortizkeria erabili zuten: pilotakadak gertu-gertutik, borrarekin kolpeak, jendea tuneletan harrapatu ostean jo...». Istilu horien harira, zortzi lagun atxilotu zituzten; horietatik sei epaitu egin zituzten. Gertaera hura mugarri bat izan zela adierazi zuten ekintzaileek.

Harrezkero AHTaren kontrako ekintza ugari egin dira, eta tartean, baita zenbait erresistentzia gune ere. Aranak zuzeneko parte hartzea izan zuen 2010ean Itsasondon (Gipuzkoa) eginiko batean. Oraindik, haren epaiketaren zain daude.

Itsasondoko arbel meategiak ziren zuloetan egin zuten hiru egunetako erresistentzia ekintza. «Lau lagun sartu ginen bi kobazulotan, bi neska eta bi mutil. AHTaren tunelak egiten ari ziren orduan inguru hartan, non eta iraganean meategiak izan ziren ingurune batean». Hau da, zulatuta zegoen mendia barrutik, eta urez beteta. «Guk ohartarazi nahi genuen zeinen arriskutsua zen han lanak egitea. Lanak gelditu egin behar ziren».

Hiru egun eta hiru gau igaro zituzten bertan, kateatuta. «Bien bitartean, tunelak egiteko leherketak egiten jarraitu zuten, harik eta sinistu zuten arte jendea zegoela barruan». Ekintzaileekin elkartasunez, Itsasondoko herrian jendeak frontoian igarotzen zuen gaua.

Borroka horiekin lanak ez egitea eragotzi ez arren, Aranak ez du zalantzarik AHTaren kontrako erresistentziarekiko: «Eguneroko berriek erakusten digutezentzugabekeria bat dela AHTa. Bistakoari hitza jartzen jarraituko dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.