Eskozia. I-18: Independentziari buruzko erreferenduma

Gales, Eskoziaren arrastoan

Carwyn Jones Galesko lehen ministro laboristak egungo estatusari eutsi nahi dio. Baina Plaid Cymru bera epeltzat jotzen duten alderdi txiki asko ari dira itzalpeko lanean, independentziaren ametsari hauspoa ematen.
Caernarfon herriko gaztelua, Galesko ipar-mendebaldean.
Caernarfon herriko gaztelua, Galesko ipar-mendebaldean. DABI PIEDRA

Dabi Piedra -

2014ko irailak 14
Eskoziako galdeketak ikusmina sortu du Galesen, batez ere abertzaleen artean. Hala ere, politikari, aditu eta herritarrak bat datoz: Eskoziako eta Galesko egoerak ezberdinak dira. Historikoki, Gales Ingalaterrari oso lotua egon da, eta mugaren bi aldeen arteko trukea etengabea da. 1990eko hamarkadan hasitako devolution prozesuan ere, Eskoziak probetxu handiagoa atera zuen. Autonomia mugatuagoa lortu zuen Galesek, eta geroago. Horregatik, 2011ko erreferenduma «azken geltokitzat» daukate galestar askok. Galdeketa hartan, herritarrek onartu zuten Cardiffeko Asanblea Nazionalari botere legegilea esklusiban ematea alor zehatz batzuetan, Londresen kalterako. Garaipen harekin konforme gelditu eta, harrezkero, herritar gehienek devolution prozesuan gehiago sakondu litekeenik ez dute pentsatu.

Nolanahi ere, Eskozian irailaren 18an erabakitzen denak bete-betean eragingo dio Galesi. Ezezkoak irabazita ere, aditu asko ziur daude Eskoziari botere zabalagoa emango diola Londresek eta, kasu horretan, Galesen ere autonomia gehiagorako nahia piztu liteke. Gales Eskoziaren arrastoan baitoa maiz, autonomia berreskuratzeko bidean. Baiezkoaren garaipenak, ostera, aurreikusi ezineko lurrikara eragingo luke. Erresuma Batua Eskozia eta Ingalaterraren arteko baturatik sortu zen eta, hortaz, Eskozia gabe, Britainia Handi batuaren kontzeptua hutsik geratuko litzateke. Estatuaren izaera errotik birpentsatu beharko litzateke, eta ikusteko dago Galesen eta Ingalaterraren arteko harremanak zer bide hartuko lukeen.

Gaur-gaurkoz, burujabetzaren aldekoak ez dira asko. Azken urteetan egindako inkesta gehienen arabera, herritarren %10 inguruk nahi dute Galesen independentzia. Legebiltzarreko 60 eserlekuetatik, laboristek 30 dituzte; kontserbadoreek, 14; Plaid Cymruk, 11; eta liberal-demokratek, bost. Carwyn Jones Galesko lehen ministroa, Eskoziako independentziaren aurka agertu da jendaurrean, Better Together (Elkarrekin Hobeto) mugimenduarekin bat eginda. Alderdi Laboristako kidea denez gero, Eskoziako alderdikideei ezezkoaren aldeko kanpainan lagundu die Jonesek. Dena dela, lehen ministroaren ustez, eskoziarrei dagokie beren etorkizuna erabakitzea eta, hartara, galdeketa egitearen alde dago. «Guk 2011n erreferenduma modu arrakastatsuan egin genuen, geure autonomiaz erabakitzeko; eskoziarrek gauza bera egitea egokia da», adierazi du Jonesek. Eskoziarrei Erresuma Batuan jarraitzeko deia egin die eta, Londresi, nazioei eskumen gehiago emateko galdegin dio.

Plaid Cymru alderdia, aldiz, baiezkoaren alde agertu da. 1925ean sortu zenetik, abertzaletasunaren bilgune nagusia izan da. Hala ere, independentismoaren arloan, moderatu samarra da Plaid Cymru. Burujabetzari bainoago, ingurumena edo justizia sozialaren gisako helburuei arreta gehiago eskaintzea leporatu izan zaio. «Eskoziaren independentziak onura ekarriko luke Galesko gizartean, politikan eta ekonomian», adierazi du Rhun ap Iorwerth Plaid Cymruko parlamentariak. «Eskoziako erreferendumaren ondoren, autogobernu zabalagoko garai bat beharrezkoa da, galestarren, ingelesen eta Erresuma Batuko gainerako nazioen arteko parekidetasunarekin».

Politikari handien fokuen atzean, alderdi independentista txiki ugari ari dira itzalpean lanean, Plaid Cymruren epelkeriarekin gogaituta. Haietako bat da Plaid Glyndwr. Erresuma Batutik eta Europako Batasunetik kanpo nahi dute Gales, alderdiko buru Dennis Morrisek BERRIAri esan dionez: «Geure arazoez arduratzeko gai izan behar genuke, natur baliabideez, nekazaritzaz, arrantzaz eta immigrazioaz». Morrisen ustez, Eskoziako prozesua oso onuragarria izaten ari da: «Herritarrek ikusi dute geurea bezalako herri zelta txikiek badutela burujabe izateko modua». Dena dela, Erresuma Batuaren hedadura murrizteko arriskuaren aurrean, ingeles jatorriko galestarrak —«kolonizatzaile» deritze Morrisek— batasunaren alde sutsuago jardungo direlakoan dago Plaid Glyndwr. Plaid Cymru eta haren «abertzaletasun ahula» ere jopuntuan jarri ditu Morrisek: «Lorden Ganbera deritzon britainiar klub elitistan sartu dira, eta independentzia eskuratzeko plangintzarik ez dute inoiz izan».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna