Albistea entzun

Nafarroako gobernu akordioa. Osasuna eta Berdintasuna

Arlo publikoa gotortzeko unea

Abortatzeko aukera egongo da Nafarroan, legea lehenbiziko aldiz beteta.

Baztertuta geratzeko arriskuan direnek ez dute botikarik berrordainduko.

Pribatizazioen aurka egingo du gobernu berriak
Abortatzeko eskubidearen aldeko iazko apirileko manifestazio nazionalean egindako ekintza bat, Iruñean.
Abortatzeko eskubidearen aldeko iazko apirileko manifestazio nazionalean egindako ekintza bat, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Saioa Alkaiza Guallar -

2015eko uztailak 19

«Osasun arloa ezin da egonkortasun ekonomikoaren arabera neurtu». Horra Nafarroako Gobernuaren akordioan jasotako esaldia. Ildo horretatik, sistema publikoaren aldeko neurriak iragarri ditu. Lehenik eta behin, artatzea ziurtatu nahi du; hori xede, egoera administratibo irregularrean dauden pertsonei ez dizkie fakturak egingo, eta, hala, bizi kalitatea ziurtatuko die. Nafarroako Munduko Medikuak elkarteko presidente Yolanda Rodriguezek begi onez ikusten du neurria: «2012an, paperik ez zutenak ez artatzea agindu zuen Espainiak, baina Nafarroak bidezidor bat aurkitu zuen, foru lege baten bidez, eta zerbitzua haien eskura ere jarri zuen. Hori bai, larrialdietan, fakturak egiten zizkieten paperik ez zeukatenei, eta horrek uxatze efektua zeukan. Berez ordaindu behar ez bazituzten ere, mamu horren beldurrez ez ziren bueltatzen». Akordio berria dela medio, aldiz, «edozein» joango da berriz ere osasun sistemara. Unibertsalizatu egingo dute.

Ez da hori hitzarmenean dagoen giltzarri bakarra. Botiken berrordainketari erreparatu dio Rodriguezek. Baztertuta dauden pertsonek ordaindu behar ez dezaten «formulak» bilatuko dituela jarri dute gobernu akordioan. «Alimaleko efektua izango du berrordainketa kentzeak; pentsa, egoera ekonomiko larrian daudenek lasaiago hartuko dute arnasa», azpimarratu du.

Parte hartzea. Horra Nafarroako Osasun Plataformak maiz aldarrikatutako puntua. Hori ere jaso du gobernu talde berriak; izan ere, eragile sindikalen eta sozialen hitza entzun nahi du Osasunbidearen kudeaketaren eta erabakien inguruan. Matazaren beste hari bati eutsiz, Osasun Kontseiluak berrindartzea da xedea. Plataforma «kontent» egongo dela aurreratu du Rodriguezek; izan ere, horko parte hartzailea da Munduko Medikuak erakundea ere. Oraindik analisi ofizialik kaleratu ez duten arren, «positiboa» da interpretazioa. «Egia esan, osasun arloan lan egiten duten eragile guztien aldarriak bildu dituzte».

Pribatizazioarekin ere oroitu da EH Bilduk, Geroa Baik, Ezkerrak eta Ahal Dugu-k osatutako gobernua akordioa. Gaitzetsi egin dute herri mugimendu eragileek osasun arlo publikoaren eraistea, eta horren bueltan mintzo da txostena: entitate pribatuekin hitzartutako guztiak aztergaitzat hartuko dituzte, arlo publikoa egonkortu eta sendotzeko asmoz. Horren adibide izango da Nafarroako Ospitale Guneko sukaldea, behin eta berriz polemika iturri izana; oraingo akordioa berraztertu eta publifikatzeko nahia azaldu dute. Prozesua, gainera, azterketaren bidetik sor dadin nahi dute, ikerketa bat egingo baitute, hain justu, publifikazioak izan ditzakeen eraginen gainean.

Finantzaketaren nolakotasuna da beste ardatzetako bat. Aurrekontuetan «gardentasuna eta efizientzia» galdegin dituzte, eta, horretarako, botikak erosteko sistema ikertuko da, bai eta farmazia industriak profesionalekin dituen hartu-emanak ere. Generikoen alde egiteko urratsak iragarri dituzte, halaber.

Oinarrizko arreta zerbitzuek giltzarria izan behar dute: erdigunea. Horrela jaso dute akordioan. Bertan metatu nahi dituzte indarrak. Neurriak, askotarikoak: finantzaketa eta autonomia agindu dituzte, eta profesionalentzako baldintza hobeak. Rodriguezen iritziz, hori zen egin beharrekoa: «Hori da-eta gaixotasunak aurreikusteko bide zuzenena».

Buruko gaitzen auzian artatzea hobetzeko konpromisoa ere hartu dute, bai eta arintze artatzea gauzatzeko ere. Era berean, egonaldi laburreko gune bat iragarri dute Nafarroako Ospitaleen Gunean, eta hainbat plan gaurkotuko dituzte. Balantze orokor bat eginez, osasunaren harira ezarriko diren neurriez egin du solas Munduko Medikuakeko kideak, aldarte onez: «Osasuna giza eskubidetzat hartzen da, orain arte ez bezala, eta horrek argi uzten du pertsona guztiok daukagula osasun zerbitzuetarako eskubidea».

Nafarroan, azkenean

Abortatzeko eskubidearen aldeko gaiaren karietara ailegatuko da aldaketa nabarmenetako bat: sare publikoan eten ahalko dute haurdunaldia horrela nahi dutenek, orain arte ez bezala —klinika pribatuetan edota ondoko lurraldeetan abortatu behar zuten nafar emakumeek—. Hasieran, zortzi astera arteko abortua jarriko dute indarrean; gero, gainontzeko modalitateak. Erabakiaren gaineko analisia egin du Begoña Zabala Abortatzeko Eskubidearen Asanbladako eta Emakume Internazionalistak taldeko kideak: «Gobernuan, feminismoaren aldeko espiritu nabaria dago. Hori esanda, hasiera batean planteatzen dutena da zortzi asterako abortua segituan egitea. Hori orain sartzea oso ongi dago. Geroago, gainontzeko abortu motak gauzatuko dituzte. Kontua da data airean geratzen dela. Noiz ahalko dira egin? Ongi legoke zehatzago azaltzea».

Zenbait ohar izkiriatu dizkio mugimendu feministako partaideak edukiari: «Ugaltze eta sexu eskubideak aldarrikatzen ditugu, osotasunean. Badaude, baina banatuta azaltzen dira, atal ezberdinetan, loturarik ez balute bezala, eta guk batera ikusi nahi ditugu». Nolanahi ere, babesa adierazi dio hauteskundeen osteko osaketari: «Bereziki konektatzen dugu aldaketarako gobernu proiektu honekin».

Ugaltzea eta ugalkortasuna laguntzeko tratamenduen gaiari ere eutsi dio hitzarmenak. Denen eskubideak ziurtatuko ditu, egoera zibila eta aukera sexuala diskriminaziorako ezaugarriak izan ez daitezen. Hori «aurrerapauso handia» dela nabarmendu du Zabalak.

Abortatzeko eskubidea eta ugalkortasuna dira osasunaren atalean bildutako bi neurriak, baina badira generoari erreferentzia egiten dioten beste batzuk, berdintasunaren zatian. Esaterako, Nafarroako Berdintasun Institutua jarri nahi dute berriz martxan, eta generoa zeharkako lerro moduan txertatuko dute politika publiko guztietan. Halaber, hizkera ez-sexista erabiltzeko hautua egingo dute. Lan esparruan, soldata ezberdintasuna gutxitzeko ahaleginak egingo dituzte, eta enpresek aukera berdintasunarekin lotutako legeak nahitaez bete ditzaten jardungo dute.

Legeei dagokienez, mugimendu feministaren iritzia aintzat hartuko dutela esan dute, bai Genero Berdintasunerako legea egiteko garaian, bai emakumeen kontrako bortizkeriaren kontrako legea indarrean jartzeko garaian. Zabalaren aburuz, beharrezkoa da eragileak eztabaida horietan biltzea.

«Zeharkakoa» izango da berdintasunaren gaia lege guztietan. Hala azpimarratu dute. Zabalak tentuz hartu beharreko neurria dela esan du. «Transbertsalitateak iruzurra ere badu beregan; azken finean, toki guztietan dago gaia, baina, aldi berean, ez dago inon». Horregatik, genero ezberdintasuna edozein politika mota zehazteko orduan kontuan hartu beharrekoa bada ere, beste batzuetan nabarmen utzi behar da emakumearen subjektua dela patriarkatuak bortizkien zapaltzen duena. Soilik horiei dagozkien gai batzuk ere badaude: «Edo eraso sexistak ere zeharka landu behar dira? Ugalketa eta sexu eskubideak?». Lege zehatzak eta egiturazkoak behar direla dio.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Mugimendu feministaren protesta bat, Iruñean. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Abortu librerako urratsa

Ion Orzaiz

Abortuaren lege proiektua onartu du Espainiako Gobernuak. Heziketan eta osasun menstrualean eragiteko neurri sorta bat jaso dute. Subrogazio bidezko haurdunaldia indarkeriatzat joko dute
 ©IÑIGO URIZ / FOKU

«Ez du laguntzen abortuak sare pribatuan egiteak, ia ezkutuan»

Arantxa Iraola

Kontzientziarekin lotutako argudioak direla-eta alor publikoan aborturik ez egiteko erabiltzen diren arrazoiketei kritiko erreparatu izan die Triviñok; egokitzat dauka legea, zentzu askotan.
E28 Koordinakundeak egindako deialdiari erantzunez, ehunka pertsona elkartu ziren atzo Bilbon. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

«Borrokatzeko garaia da»

Olatz Enzunza Mallona

Hilabeteotan Bizkaian gertatutako erasoak jarri ditu jomugan E28 koordinakundeak LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Egunean. «Beldurra alde batera utzi», eta antolatzeko deia egin dute

Aitor Esteban eta Mertxe Aizpurua, Espainiako Kongresuan. ©MARISCAL / EFE

Eragileek ontzat eman dute legearen edukia, urrats gehiago eskatu duten arren

Gotzon Hermosilla

Higiene menstrualerako produktuen BEZaren gaiari heldu behar zaiola azaldu dute. Emakundek txalotu egin du «eskubideak berreskuratu izana»

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...