Errusiaren kontrako zigor berriak gaurtik indarrean jartzea erabaki du Bruselak

Ukrainako bake planaren bilakaeraren arabera, irail amaierarako berrikusi egingo ditu.

Obamak gaur jakinaraziko ditu AEBen zigor gehiago

Xabin Makazaga -

2014ko irailak 12
Gaurtik bertatik, Errusiako energia, defentsa eta finantza alorrei eragingo dieten zigorrak indarrean sartu ditu Europako Batasunak. Zigorrak iragan ostiralean hitzartu zituzten, eta astelehenean onartu. Bruselak orain arte onartutako zigorrik gogorrenak dira, Moskuk Ukrainako gatazkan izan duen esku hartzeari aurre egiteko. Kieven eta matxino errusiazaleen arteko su-etenaren eta bake planaren bilakaera gora-behera, iraila amaitu aurretik Bruselak zigorrak mantentzea, aldatzea edo bertan behera uztea aztertuko du, Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteak argitu duenez.

Errusiak «neurri bereko erantzuna» agindu du Europako Batasunaren kontra. Hegazkin konpainiei aire eremua ixteko mehatxua egin zuen Dmitri Medvedev lehen ministroak, eta, atzo, barazkiez gain, auto eta ehun-gaien inportazioak mugatzeko aukera aipatu zuen Vladimir Putin presidentearen aholkulari Andrei Belusovek. AEBetako presidente Barack Obamak, bestalde, gaur jakinaraziko ditu Washingtonek Errusiari ezarriko dizkion zigor berriak: «Europako Batasunarekin bat egin, eta finantza, energia eta defentsa alorreko zigorrak handituko ditugu, Errusiak Ukrainan egin dituen legez kanpoko ekintzei erantzuteko», azaldu zuen atzo Obamak berak.

Errusiak Artikoko itsasaldeko petrolioa nahiz haustura hidrauliko bidez ustiatzen duen gasa ateratzeko baliabideei, defentsa alorrari, erabilera militarra izan dezaketen goi teknologiako gaiei eta bankuen epe luzerako finantza eragiketei eragingo diete Europako Batasunaren zigorrek, uztailean bidai eta ondasunen izoztea ezarri zieten pertsonen zerrendari Errusia, Donbass eta Krimeako beste 24 agintari eta oligarka gehitzeaz gain.

Europako Batasunaren Aldizkarian gaur bertan argitaratuko dituzte zehatz-mehatz zigor guztiak, eta orduan sartuko dira indarrean. Errusiako bost bankuri EBko enpresekin 30 egunetik gorako maileguak hitzartzea, eta energia alorreko hiru enpresa handiri —Gazprom Neft, Rosneft eta Transneft aipatu dituzte— eta defentsa alorreko enpresa nagusiei EBko bankuekin zorra berfinantzatzea galaraziko diete.

Bruselak uztailean onartu zituen Errusiaren aurkako lehen zigorrak, eta aspaldian zigor gogorragoak ezartzeko adostasun bila aritu dira 28 estatu kideak. Irailaren 5ean, Ukrainako Gobernuak eta Donetsk eta Luhanskeko matxino errusiazaleek su-etena hitzartu zuten egun berean adostu zituen Europako Batasunak Errusiaren kontrako zigor berriak.

Errusiaren erantzuna

Bruselak Errusiari zigor gogorragoak jartzea onartu zuelarik, Europako hegazkin konpainiei aire eremua ixteko mehatxuarekin erantzun zuen Moskuk. Aurreko zigorren ondorioz, barazkiak inportatzeko debekua ezarri zuen, eta atzo, bigarren eskuko autoen eta ehungintza gaien inportazioak mugatzeko aukera aipatu zuen Putinen aholkulari Andrei Belusovek, Errusiako Ekonomia ministro izan zenak. Atzerri Ministerioko bozeramaile Aleksandr Lukaxevitxek, era berean, «eragindako kaltearen neurriko erantzun bat» agindu zuen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna