Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Gizartea Bortxatu egin dutela salatu du adingabe batek Iruñean, festen azken egunean

Publizitatea

Gizartea

Bortxatu egin dutela salatu du adingabe batek Iruñean, festen azken egunean

Sanferminetan bi sexu eraso izan dira, eta Asironek azaldu du salaketa kopurua jaitsi arren kasu bakar bat dagoen bitartean «datu txarra» dela
Joseba Asiron, atzo, jaiei eta sexu erasoei buruz egin agerraldian.
Argazkia: VILLAR LOPEZ / EFE

2017-07-16 / Joxerra Senar

Herenegun, sanferminen azken egunean, bortxatu egin zutela salatu zuen 15 urteko neska batek. Esan zuenez, Labriteko aldapa inguruko tabernetan ezagutu zuen erasotzailea, eta handik kilometro batera dagoen Tomas Caballero parkearen atzealdean jasan zuen erasoa. Arrosadia auzoko toki hori argitasun gutxiko eremua da. Espainiako Polizia ari da gertaera ikertzen. Zabaldutako informazioaren arabera, erasotzailea 17 urteko adingabe bat dela uste da.

Atzo, Iruñeko Udalak baieztatu egin zuen festetan bigarren eraso hori gertatu dela. Hala ere, ez zuen xehetasun gehiagorik eman nahi izan, eta «zuhurtzia eta ardura» eskatu zizkien komunikabideei. Aritz Romeo Iruñeko Hiri Segurtasunerako zinegotziaren arabera, informazioarekin zentzuz jokatu behar da salaketa jarri duen emakume gaztearen «birbiktimizazioa» saihesteko eta Poliziaren ikerketa lana errazteko

Kasu horrekin, bi izan dira festetan izandako sexu erasoak. Iaz, lau kasu salatu ziren, eta beste eraso bat egiten ahalegindu ziren. Horiez gain, hamabi sexu ukitu salatu dira aurten. 11 erasotzaile atxilotu dituzte, eta gehienei epaiketa azkarra egin diete. Joseba Asiron Iruñeko alkatearen arabera, datu hotzek erakusten dute salaketek behera egin dutela: «Baina kasu bakar bat dagoen bitartean, datuak txarrak dira».

Errealitate horri aurre egiteko, udalak mezu irmoa igorri du azken urteetan. Asironek bide beretik jotzeko aholkatu die jai eredu parekideekin bat egiten duten udalei: «Arazoa ikusaraziz, aurre egin dakiokeelako». Laura Berro Iruñeko Berdintasun eta LGTBI hautetsiak uste du kanpainak «arrakasta handia» izan duela gizartea kontzientziatzeko orduan. Adibidez, haren ustez, lehen, festaren gehiegikerien baitan onartzen zituen sexu ukituak; orain, ikuspegia bestelakoa da.

Publizitatea

Sortu kontua
Joxerra Senar Joxerra Senar

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak