Ion Arretxe

Itzala argitara atera zuen

Duela 32 urte, Guardia Zibilak atxilotu eta Intxaurrondon torturatu zuen Ion Arretxe, Mikel Zabalzarekin batera. Egun haietan jasandakoa zabaltzeko lanean aritua zen azken urteotan. 52 urterekin zendu da.
Arretxe, Zabalzaren omenaldi batean, 2015ean.
Arretxe, Zabalzaren omenaldi batean, 2015ean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Mikel Rodriguez

2017ko martxoak 19
Betiko aldatu zen Ion Arretxeren bizitza 1985eko azaroaren 26ko goizaldean. Espainiako guardia zibil talde batek etxetik atera zuen, eta bortizki mendi batera eraman. Jo, eta erreka batean burua sartuta torturatu zuten. Lau eguneko amesgaiztoaren hasiera izan zen. Intxaurrondoko kuartelean eduki zuten bi egunez, eta, gero, Madrilen, inkomunikatuta eta torturapean. Carabanchelgo espetxean (Espainia) sartu zutenean jakin zuen berarekin batera atxilotu zutela Mikel Zabalza izeneko bertze gazte bat, eta haren inguruko berririk ez zegoela —torturatuta hil, eta atxiloketatik hogei egunera agertu zen gorpua, Bidasoa ibaian—. Infernu hartatik igaro eta 30 urtera argitaratu zuen Intxaurrondo: la sombra del nogal liburua (Intxaurrondo: intxaurrondoaren itzala; El Garaje Ediciones, 2015), Euskal Herriko tortura zentrorik handienaren itzala argitara ateratzeko. Atzo zendu zen Arretxe, 52 urterekin.

Errenterian (Gipuzkoa) jaio zen, 1964an, eta ibilbide oparoa izan zuen sormenaren munduan: zinemako arte zuzendari gisa jardun zuen, idazle, marrazkilari, baita aktore ere. Guardia Zibilak atxilotu zuenean Arte Ederretako ikasle zen. Zabalzarekin, Idoia Aierberekin eta Manuel Bizkairekin batera atxilotu zuten, eta guztiak torturatu zituzten; Zabalza, hil arte. «Ez nuen Mikel Zabalza ezagutu, baina beti gogoratuko dut Mikel Zabalza, eta maite dut», adierazi zuen Arretxek Zabalzari Garraldan (Nafarroa) egin zioten omenaldian, 2015ean.

Arretxek Intxaurrondon pairatutakoaren testigantzak Euskal Herritik kanpo ezohiko oihartzun mediatikoa izan zuen duela gutxi. Iazko abenduan Espainiako Tele5 kateak telesail bat eman zuen 1980ko hamarkadako Intxaurrondoko kuartelean girotuta. Arretxek, sare sozialen bidez, telesailaren egileei leporatu zien kuartelaren historia zuritzea, eta Espainiako hainbat hedabidetan elkarrizketatu zuten. Duela bi hilabete, liburuaren aurkezpen ekitaldi baten harira, mezu bat idatzi zuen Twitterren: «Estatuaren gezurren aurrean, idatzi, idatzi, zerbait geldituko da eta».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna