Bi umeren gorpuak aurkitu dituzte Aturri ibaian itota, Baionan

Haurren ama ere ibaian zegoen; «eldarnioan» zegoela esan dute, eta erietxe psikiatriko batera eraman dute. Ikerketa bat hasi du Poliziak

Bi umeen ama aurkitu zuten lekua, Aturri bazterrean, Baionan. E.E.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2016ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Bi umeren hilotzak aurkitu zituzten ostiral gauean, Aturri ibaian itoak. Ur bazterretik hurbil zeuden, Baiona eta Mugerre (Lapurdi) arteko bide ondoan. 6 urteko mutiko batena eta 4 urteko neskato batenak dira gorpuak. Lehenago, bi umeen ama aurkitu zuten sokorri zerbitzuek, ibaiaren beste aldean, errepide bazterrean biluzik.

Baionako prokuradorearen arabera, 41 urteko emakumea «eldarnioan» zegoen, eta «hitz jario inkoherentea» zeukan; adierazi duenez, ez zegoen Poliziaren galderei erantzuteko egoeran, eta erietxe psikiatriko batean sartu behar izan dute.

Umeen aitak, abisua

Samuel Vuelta Simon Baionako prokuradoreak azaldu duenaren arabera, bi umeen aitak eman zien abisua sokorri zerbitzuei. Lanagatik kanpoan zegoen, eta, emazteak erantzuten ez ziolako kezkatuta, jendarmeei abisatu zien. Familiak Kanbon (Lapurdi) duen etxera iristean, ez zuten nehor aurkitu. Hori ikusita, jendarmeek Baionako Poliziari dei egin zioten, eta horiek emakumearen sakelakoaren geolokalizazioaren bidez jakin zuten non zegoen.

Vuelta Simonen hitzetan, «bipolaritate arazoak» dauzka emakumeak, eta lehenago ere aurkitu izan dute «nora ezean». Litekeena da bi umeekin batera ibaira sartu eta urak eraman izana. Baionako Polizia judizialak ikerketa bat martxan jarri du gertaturikoa argitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.