Babesa adierazi diete Intxaurrandietari eta Errazkini Azpeitian

Datorren ostegunean epaituko dituzte GHK-ko bi agintari ohiak, Madrilgo Kontu Auzitegian, errauste plantaren lanak eteteagatik

Bi kargudun ohiek eskerrak eman zizkieten bertaratutakoei. GORKA RUBIO / FOKU.
Samara Velte.
2018ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Azpeitiko (Gipuzkoa) plaza goraino bete zen atzo: ehunka lagunek babesa agertu zieten Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin GHK Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa partzuergoko agintari ohiei. Apirilaren 12an, Espainiako Kontu Auzitegian epaituko dituzte biak, Gipuzkoako Foru Aldundiak aurreko legealdian Zubietako errauste planta egiteko kontratuak eten zituelako. Intxaurrandieta GHK-ko presidentea zen orduan, eta Errazkin, Ingurumen diputatua eta GHK-ko administrazio kontseiluko kidea. Instituzioaren izenean, akordioa egin zuten erraustegia egin behar zuten enpresekin, eta kalte-ordain baten truke proiektua bertan behera uztea adostu zuten.

Orain, foru gobernu berriak—EAJk eta PSE-EEk agintzen dute bertan— berriz abiatu du egitasmoa, eta auzitara jo du Intxaurrandietaren eta Errazkinen aurka: etenaldiaren kostuak euren poltsikotik ordainarazi nahi dizkie, denera 40 milioi euro baino gehiago.

Errazkin Azpeitiko alkate ohia ere badenez, hari babesa agertzeko manifestaziora deitu zuen ElkarEkin herri mugimenduak; herri horretako azken 30 urteotako hainbat agintariren babesa ere jaso du. Azkenean, baina, esperotako dimentsioak gainditu zituen atzoko mobilizazioak, eta kanpoko jende ugari ere bertaratu zen «bere garaian erabaki justu bat hartzeagatik sortutako egoera injustua» salatzera, antolatzaileen hitzetan: «Finean, hondakinen gatazkaren atzean gizarte ereduen gatazka bat dago: kapitala erdigunean jartzen dutenen eta bizitza erdigunean jartzen dugunon artekoa». Amaieran, Errazkinek eta Intxaurrandietak eskerrak eman zizkieten bertaratutakoei: «Harro gaude hartu genuen erabakiaz, eta berriz hartuko genuke orain».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.