Oihana Elduaien Uranga.
HIZPIDEAK

Gaixo

2022ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Ez da gauza berria osasuna eta poltsikoa lotuta daudela. Hego Euskal Herriko osasungintzaren egoera ez da ona. Pazienteek zailtasunak dituzte osasun langileengana iristeko. Itxaron zerrendak luzeegiak dira. Eta poltsikoak aukera ematen dionak pribatura jotzen du askotan; bai baitaki osasuna zein den garrantzitsua.

Josune Sagardui Jaurlaritzako Osasun sailburuaren esanetan, bi helburu ditu lantzen ari diren osasun publikorako legeak: «euskal herritarren osasuna, interes goreneko ondasun publiko gisa, ahalik eta maila gorenean babestu eta sustatzea»; eta pertsonen «aukera berdintasuna eta ekitatea» lortzea. Ekuazioan poltsikoa dagoen bitartean, baina, zaila da aukera berdintasuna egotea.

Zer egin asmo du Sagarduik helburu handi horiek lortzeko? Sistemako langileen egonkortasunik eza, adibidez, traba handia da arta egoki baterako. Sagarduik iragarri berri du 2.109 lanpostu egonkortuko dituela eta 358 berri sortu. Nolanahi ere, sindikatuek ohartarazi dute zifra horiekin ez dela behin-behinekotasun tasa %8ra jaitsiko.

Ahul zetorren osasun sistema are gehiago pattaldu da pandemian. Bada zer egin hura erdigunean jartzeko eta indartzeko. Ongizate gizarte baten oinarri-oinarrian dago osasunerako eskubidea, eta eskubide hori herren dabil. Sistemak gaixoak behar bezala artatu ditzan, sistema bera artatu beharko da aurrena. Sintomak agerikoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.