Israelek airez bonbardatu du Gaza, lehen aldiz udako erasoaldiaren ondotik

Hamasen egoitza bat jo dute Israelen misilek, baina ez dute inor zauritu.

Tel Avivek dio bezperako eraso bati emandako erantzuna izan dela
Abuztuko eraso bat.
Abuztuko eraso bat. M.SABER / EFE

Iker Aranburu -

2014ko abenduak 21
Palestina nazioartean lortzen ari den gero eta onarpen handiagoari ohi duen moduan erantzun dio Israelek. Atzo, Gaza bonbardatu zuen, lehen aldiz udako erasoaldiaz geroztik. Israelgo F-16 hegazkinek gutxienez bi misil bota zituzten Hamasek Khan Yunis hirian duen egoitza baten aurka. Udako kanpainak bi mila palestinar inguru hil zituen; atzokoak, berriz, ez zuela biktimarik eragin esan du Maan berri agentziak.

Israelgo armadak ziurtatu zuenez, ostiral gauean Gazatik botatako misil baten erantzuna izan zen atzoko aire erasoa. Misilak Eskhot herriko zelai huts bat jo zuen eta ez zuen inor zauritu. «Armadak ez du Israelgo herritarren bizitza arriskuan jarriko duen inolako saiorik onartuko», adierazi zuen Peter Lerner-ek, militarren bozeramaileak. Israelek Hamasi egotzi dio ostiraleko erasoa, hark inolako erantzukizunik ez duela esan duen arren. Are gehiago, Gaza gobernatzen duen mugimendu islamistak «ergelkeriatzat» jo zuen ostiraleko ekintza.

Uztailean eta abuztuan, Gaza 51 egunez bonbardatu eta txikitu zuen Israelek. Su-etena abuztuaren 26an sinatu zuten Tel Avivek eta erakunde palestinarrek. Orduz gero su-eten horren baldintzak behin eta berriro hautsi izana egotzi dio Hamasek Israeli, arrantzaleak eta beste zenbait herritar tirokatu dituelako. Ostiralean bertan, soldaduek sei manifestari palestinar zauritu zituzten mugatik gertu.

Hani Basus analista politikoak Maan agentziari esandakoaren arabera, litekeena da atzoko erasoa ekintza bakan bat izatea, Israel hauteskunde atarian egonda —martxoan izango dira— ez zaiolako komeni erabateko gerran hastea. «Palestinako taldeei eta Hamasi ohartarazi nahi zien muga ondoko edozein ekintzari erantzun gogorra emango diela», azaldu du Basusek.

Mugimendu diplomatikoak

Hauteskunde horien gertutasunak baldintzatu dezake agenda diplomatikoa ere. Asteazkenean, palestinarren izenean, Jordaniak ebazpen zirriborro bat aurkeztu zuen Nazio Batuetako Segurtasun Batzordean. Onartuz gero, NBEk bi urte emango lizkioke Israeli Zisjordaniaren eta Gazaren okupazioa amaitu eta irtenbide negoziatu bat lortzeko. AEBak Europako Batasuneko kideak presionatzen ari dira ebazpen hori onar ez dezaten. Haaretz egunkariak kaleratu duenez, John Kerry AEBetako Estatu idazkariak ohartarazi die ebazpen hori onartzeak Benjamin Netanyahuren eta muturreko beste hautagaien alde egingo lukeela. Kerryk jakinarazi du AEBek ebazpen hori trabatuko duela, gutxienez hauteskundeak igaro arte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna