Unai Iturriaga.
Jon Lopategi hil da. IRITZIA

Jonek plan bat zeukan

2019ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Bertsolaria

Gaitza da batzuetan berben bila ibiltzea. Hala ere, gogoa Lopategirengan jarri eta bat aukeratu beharko banu, intuizioa aukeratuko nuke. Premiak azkartutako intuizioa seguruenik ze, Jonek, plan bat zeukan.

Laurogeiko hamarkadan Bizkaiko bertsolaritza, gaztetxoei zegokienez behinik behin, bazterra jota zegoen. Gaur ebidentea dirudi, baina, artean, bertsolaria, Sanjoselora-k lez, izotz-ondoko eguzkiak lehertuko zuen zertzat zuen askok. Lopategik, Ikastolen Elkartearen eskutik, ikastolaz ikastola eta eskolaz eskola lantzeari ekin zion. Lehen ere udaberririk bako urteak ezagutua baitzegoen maisua.

Eskualdeka antolatuta, gaztetxo taldeak Saba furgoneta laranjan hartu, eta eskolaz eskola eroaten gintuen kantura. Ofizialki plazaratu ginenerako, hiru urtetik hasi eta hemezortzi urte bitarteko ikasleen aurrean, Bizkaian, astero, nahinon arituak ginen gutariko asko. Azala gogortzeko lain.

Inprobisatzen ikasi genuen, baina gehiago ikasi genuen berari entzunez. Xalbadorri zion miresmena (zenbat aldiz ez ote zizkigun errezitatu emaztearen soineko hutsari botatako bertsoak); Azpillagarekin edo Amurizarekin herriz herri ibilitako garaietako anekdotak; Eustakio Mendizabal Txikia-rekin egindako bertso afari klandestinoak; Tolosako ikasle garaietan eskuratu zuen Orixeren Euskaldunak irakurtzeak sortu zion zirrara... Eta guk, belarriak orain bezain zabal, baina are adiago. Kontatzen eta entzuten zekien. Zer gehiago eska diezaioke nerabe batek heldu bati?

Intuizioak eroango zuen Bizkaian bertsotan genbiltzan gazte mordoxka barnetegi batean biltzera, Kanpantxun (Ajangiz). Toponimoaren sonoritateagatik bakarrik fikziozkoa zirudien auzo hartan jositako harreman sareak Bizkaiko bertsogintzari (eta ez soilik bertsogintzari) eman diona, Lopategik bakarrik imajina zezakeen. Matxalen Busturiko eta Pedro Navaja eskutik zebiltzan paraje hura zen, gure ikaskideek bertsolaritza fariasarekin eta txapelarekin lotzen zuten garai haietan, gure territorio libre bakarra.

1990eko Bizkaia eta Arabako txapelketa bere esanetara prestatu genuen. Gero, egundo ahaztuko ez dugun egun batean, irakatsi beharrekoak irakatsi zizkigula eta aurrerantzekoak geure kontu zirela bota zigun. Maisu handiek bakarrik egiten dakiten moduan. Ze, Jonek, plan bat zeukan eta lanean jarraitu behar zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.