Zuri-beltzetik koloretara

XX. mende hasierako irudiak, gaur egungo koloretakoak, nahiz droneen bidez ateratakoak bildu ditu Zarauzko Argazki Bilerak, lau erakusketatan banatuta
Felipe Manterola argazkilariak XX. mendearen hasieran egindako irudia.
Felipe Manterola argazkilariak XX. mendearen hasieran egindako irudia. PHOTOMUSEUM

Gorka Erostarbe Leunda -

2018ko apirilak 4
Urteroko ekitaldi bilakatu da Zarautzen (Gipuzkoa), udaberriko oporraldien bueltan. Kultur erromesaldi moduko bat, argazkigintzari dagokiona, zehazki. Photomuseum museoak Argazki Bilera atondu du beste urte batez. Lau erakusketa izango dira ikusgai, herriko beste hainbeste gunetan. Aurreko urteetan bezala, erakusketek hainbat genero fotografiko lantzen dituzte: antropologia, erreportajea, argazkilaritza artistikoa eta natura argazkigintza, oraingo honetan. Antolatzaileen esanetan, horrek guztiak helburu nagusi bat du: argazkigintzak eskaintzen dituen aukera zabalak ikusleei hurbiltzea.

Zarauzko Photomuseumen, eta herriaren erdigunean dagoen Zazpi galerian, Torre Luzea aretoan eta Sanz Enea kultur etxean, horietan izango dira lau erakusketak hurrengo asteetan ikusgai.

'MAISUAK ZURI-BELTZEAN'

Non. Photomuseum museoan.

Noiz arte. Maiatzaren 6ra arte.

XX. mendeko lehen erdiko zuri-beltzeko irudien xarma berezia jasotzen du Maisuak zuri-beltzean erakusketak, Photomuseum beraren funtsetik ateratakoak. Tamaina erdiko 40 lanetik gora dira ikusgarri daudenak; Indalecio Ojanguren (Eibar, Gipuzkoa, 1872-1972), Jose Ortiz de Echague (Guadalajara, Espainia, 1886-Madril, 1980), Jesus Etxebarria (Bilbo, 1882-1962), Caferino Yanguas (Fitero, Nafarroa, 1889-Gasteiz, 1970), Felipe Manterola (Zeanuri, Bizkaia, 1886-1977), eta Salvador Azpiazu (Gasteiz, 1867-1927) argazkilari aitzindarien lanak dira, hain zuzen ere. Bere garaiko eguneroko bizitza islatzen duten argazkiak dira: baserrietako lan gogorretik hasita, hirietako azoka eta kale jendetsuetara. Ospakizunek ere beren tartea dute, hala nola Debako marinelen eguna, Antzuolako alardea (Gipuzkoan biak) eta Urkiolako erromesaldia (Bizkaia).

Ojangurenek ditu argazki gehien erakusketan, hogei bat inguru. Ondare artistiko eta arkitektonikoaren serie tematikoak egin zituen, baita ekitaldi politikoen, hirien eta herrien gaineko serieak, kirolak eta kirolariak, baserri bizitzako eta bizimolde kostunbristetako eszenak ere. Erakusketan azaltzen dira dantza, koru, jai eta erromesaldien argazkiak, laburbilduz, euskal kultura tradizionala bere osotasunean. Gainerako egileen lauzpabosna argazki ere ikus daitezke.

'LETRA XEHEZ ARTEA'

Non. Sanz Enea aretoan.

Noiz arte. Maiatzaren 6ra arte

Argazki erakusketa kolektiboa da, lau egileren lanak bildu baitituzte Sanz Enea kultur etxeko lau aretotan banaturik. Lau egileak batzen dituena Iruñea inguruko Zzzz kolektibo artistikoa da. Hala mintzo dira beraiek: «Kolektiboak norberaren lana bideratzen du, taldean kideek elkarri ematen dioten berrelikadurak sustaturik». Egile bakoitzak estilo propioa du, besteekin ia zerikusirik ez duena, baina erakusketa honetarako iraganeko beste arte eta sortzaile batzuei keinu egiten diete guztiek, nork bere erara.

Jose Antonio Larrosañak Leonardo Da Vinciri begira egindako gogoeta lana islatzen du pinturatik gertu dagoen dozena bat lanez osaturiko bilduman. «Irudietan islatu nahi izan dut Errenazimentuko maisu handi hark nire irudimen xumean sortzen duena». Enrique Apariciok tamaina txikiagoko 23 lan bildu ditu, aldiz, eta batez ere argiari erreparatu dio. «Argazkiak egiteko prozesuan ezinbesteko faktore fisikoa izateaz gain, adierazteko eta modelatzeko eginkizun plastikoa betetzen du».

Ignacio de Alavak ere argiaren eta itzalaren arteko kontrasteetan jarri du mira, Jorge Oteiza eskultorearen lana izanik gogoetarako tresna, eta Paco Sadak basoen argazki-konposizio batzuk ondu ditu: «Baso horietan babes dugun natura horren jatorrizko ideia adierazten da; non argia trabeska agertzen baita zuhaitz zutabeen artean, jatorrizko gurutzadura azpimarratuz eta birsortuz».

'DRONEGRAFIAK; BEGIRADA HEGALARIA'

Non. Zazpi galerian

Noiz arte. Apirilaren 22ra arte.

Dronegrafia terminoa oraindik ere arrotza da hiztegietan, eta baita testu zuzentzaileentzat ere, baina ohikoa Santiago Yanizen (Bilbo, 1957) eguneroko lexikoan. Dronegrafiak erakusketan eztabaida berri bat proposatu du Yanizek. Droneak gaur egunera arte ezinezkoak ziren lurralde bisualak esploratzeko erreminta interesgarria eskaintzen dio argazkigintzari. Paisaiaren eta lurraldearen irakurketa deskribatzailea baino harago, lurraren azala esplora daiteke ikuspegi berri horrekin, seinaleak, ikonoak, geometriak eta abarrak bilatuz. Baina, eztabaidarako osagaiak ere badakartza. Zer da dronegrafia bat? Argazki bat? Irudi robotiko bat? Eta jarraian beste galdera batzuk: Nork egiten du dronegrafia bat? Droneak? Pilotuak? Argazkilariak?

Yanizek Euskal Herriko paisaien, mendien eta naturaren argazkiak egin nahi izan ditu, argazkilaritzak sortzen dion pasio nekaezinarekin. Argazkilari, idazle eta gidoilari aritu ondoren, orain kameraria da droneekin egindako bideo ekoizpenetan. Eta Dronegrafiak argazkilaritzaren begirada finkatzeko lurralde berrien bila ari den esperimentu bisuala da...

'ARGAZKIAK'

Nona. Torre Luzea aretoan.

Noiz arte. Maiatzaren 13ra arte.

Italian bizi da azken urteetan Jose Ignacio Altuna argazkilari gipuzkoarra. Argazkigintza ikasi zuen Milanen, eta 1987tik argazkilaritza dauka lanbidetzat, bai enpresa pribatuetarako, bai zenbait aldizkaritarako lan egiten du, publizitatearen eremuan batik bat.

Argazki Bilerako erakusketan, «egunerokoaren irudi ezaguterrazak» abiapuntutzat izanik, abstraktu bihurtu ditu,fokatze faltaren bitartez haiei mugimenduaren efektua emanik edo gehituz. Haren ohiko jarduneko irudi komertzialenetatik aldendu da, hortaz, eta alderik artistikoena erakutsi du Zarauzko erakusketa honetan, eta kolorea izan du guztiei batasuna emateko lan tresna nagusi; kolore gorrixketatik urdin aldera egiten dute argazkiek, tonalitate jolasa proposatuz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna