Gaurko bozetan Kosovoko lehen ministroak bere lidergoa neurtuko du

Hirugarren agintaldia irabaz dezake gaur Haxim Thacik, aurreratutako hauteskundeetan.Azken inkestek estu-estu jotzen dute irabazletzat

Haxim Thaci, kanpainako ekitaldi batean, Pristinan, maiatzean. VALDRIN XHEMAJ / EFE.
Jon Fernandez.
2014ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Haxim Thaci Kosovoko lehen ministroak asko du gaur jokoan. Herrialdeak 2008an independentzia aldarrikatu zuenetik egingo diren parlamenturako bigarren hauteskundeak dira, eta azken inkestek garailetzat jotzen dute Thaciren PDK Alderdi Demokratikoa, botoen %30ekin. Baina Isa Mustafa Pristinako alkate ohi eta oposizioko LDK Liga Demokratikoko burua oso gertu izango du, boto asmoaren %27rekin. 2007az geroztik Pristinako gobernuburua Thaci izan da. Hark irakurri zuen parlamentuan alde bakarreko independentziaren adierazpena 2008ko otsailaren 17an, eta harrezkero hauteskunde guztiak irabazi ditu. Gaur ere irabaziz gero, hirugarren agintaldirako giltza lortuko du, baina baliteke Mustafak herritarren babes handiagoa jasotzea. Bi-biak dira kontserbadoreak.

Maiatzaren hasieran desegin zuten Kosovoko Parlamentua, eta horregatik aurreratu dituzte hauteskundeak. Ganbera desegiteko arrazoi nagusia izan zen Thaci ez zela gai izan Kosovoko armada sortzeko behar adina babes lortzeko. Gutxieneko serbiarren diputatuek blokeatu egin zuten proposamena. Legebiltzarrak 120 eserleku ditu, eta horietatik hamar dira serbiarrentzat eta beste hamar gainerako gutxiengo etnikoentzat.

Promesa ekonomikoak

Kosovo iparraldeko serbiarrek parte hartuko duten lehen hauteskundeak dira gaurkoak, eskualde horretan abstentzio handia espero bada ere. Serbiak eta eta Kosovok harremanak normaltzeko ituna sinatu zuten iaz EBren babespean. Bozak «normal-normal» egitea espero dute Pristinak, Belgradek eta Bruselak.

Hamar eguneko kanpainan promesa ekonomikoak izan dira nagusi, eta baita ustelkeriaren kontrako deiak ere. Izan ere, Europako herrialderik txiroenetakoa da Kosovo. 1,8 milioi herritarren %34,5 pobrezian bizi dira, eta batez besteko soldata 300 eurokoa da. Ekonomia ahula suspertzeko estatuaren milioi askoren inbertsioak iragarri dituzte bi hautagai nagusiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.