Albistea entzun

Qatarko Munduko Kopa

Polonia: gaurko ogia, biharko gosea

Poloniak ezustean harrapatu nahi du gaur Frantzia final-zortzirenetan. Jan Urbanek dio horretarako «ausartago» aritu beharko duela.
Robert Lewandowski, Argentinaren aurkako partidan.
Robert Lewandowski, Argentinaren aurkako partidan. RONALD WITTEK / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Eñaut Agirrebengoa -

2022ko abenduak 4

Bereak eta bi ikusita gainditu du Poloniak Munduko Kopako lehen galbahea. Latz sufritu zuen azken jardunaldian, Mexikorekin izaniko zeharkako lehian. Poloniarrak 0-2 ari ziren galtzen bigarren zatian Argentinaren aurka, eta mexikarrak emaitza horrekin berarekin ari zitzaizkion irabazten Saudi Arabiari. Launa puntu zituzten bi taldeek, eta sartutako eta jasotako gol kopuruan ere berdinduta zeuden. Soilik txartel horiek apurtzen zuten oreka, Poloniaren alde. Hasperen egin zuten zale poloniarrek, eta arindu handia hartu Mexikok azken hatsean gola jaso zuenean. Polonia hurrengo fasean zegoen.

Lehen langa gainditzea arrakasta handia da zuri-gorrientzat. 1986an lortu zuten hori azkenekoz: Brasilek 4-0 menperatu zituen final-zortzirenetan. Munduko Kopa hartan izan zen Jan Urban (Jaworzno, Polonia, 1962), eta «pozik» dago Polonia berriz ere onenen artean ikusita. «Bazen garaia. Gauza asko gertatu dira Mexikon kanporaketak jokatu genituenetik». Halere, aho zapore «gazi-gozoa» du Osasunako mitoak. Ez zaio gustatu taldeak orain arte emandako itxura. «Meritu handia du talde honek, baina aitortu beharra dago: zortea izan dugu. Hobe jokatzen saiatu behar dugu».

Urbanen ikuspuntuak bat egiten du zaleen iritzi orokorrarekin. «Oso joko defentsiboa egin du taldeak, eta inorentzat ez da gustagarria». Alabaina, ez ditu ezustean harrapatu joko proposamen ikaratiak. «Bagenekien Michniewiczek zer estilo duen. Defentsari eman dio beti lehentasuna». Kexu da Urban, uste baitu taldeak badela gai hobe jokatzeko. «Erasoan oso jokalari onak ditugu. Onenak aski ezagunak dira: Robert Lewandowski eta Piotr Zielinski. Ordea, baloia ez zuten usaindu ere egin Argentinaren aurka. Ez da posible».

Qatarkoa bigarren Munduko Kopa du Lewandowskik, eta ez da nahi beste gozatzen ari. «Baloirik iristen ez zaizunean, lan ilunagoa egin behar duzu. Taldeari asko lagun diezaiokezu, baina ez da atsegina. Eta are gutxiago Lewandowskirentzat. Golegile onena izateko borrokan egon nahiko luke. Frustragarria izan behar du». Distira egiteko, zelai erdian ez, area barruan iritsi behar zaizkio baloiak. «Robert ez da Mbappe. Ez ditu 40 metroko jokaldiak egiten. Bera jokaldiak bukatzen da maisua. Hori baliatzeko, taldeak aukerak sortu behar ditu».

Penaltia huts eginez hasi zuen torneoa, Mexikoren aurkako partidan. Gero, arantza atera zuen Saudi Arabiaren kontra. «Behar zenean agertu zen: gol bat sartu eta goleko pase bat eman zuen. Betiko Robert izan zen, alegia». Erabakigarriagoa izan da Wojciech Szczesny atezaina. Bi penalti geratu ditu, eta beste geldiketa garrantzitsu asko egin. « Taldearen sostengua izan da». Taldeari «sormena» falta izan zaiola uste du Urbanek, jokaldien hastapenean batik bat. «Euskarrian jokatzen dutenak ez dira sortzaileak. Zielinski erdiratzeak izan beharko luke irtenbidea».

Gaurko Frantziaren aurka final-zortzirenetako lehian ezustea emateko, bide bakarra dakusa Urbanek: «ausardiaz» jokatzea. «Paseak lotu eta erasoko jokaldiak kateatzeko gai bagara, taldea hazi egin daiteke».

Non dago Grezia?

Halere, ikusitakoak ikusita, atzean gotortzeko hautua egingo du ziurrenik Poloniak. «Taldea sinetsita dago hori dela urrun iristeko duen modu bakarra». Eta, halako batean, munduko txapelduna kanporatu, eta azkenean torneoa irabaziko balu? «Horrela ez goaz inora. Grezia da horren adibide. Gure antzera jokatuz irabazi zuen 2004ko Eurokopa. Oso ongi. Baina non dago orain? Talde bat ezin duzu garatu jokatzeko modu oso kontserbatzailea baduzu». Hau da: gaurko ogia, biharko gosea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©Aritz Loiola / FOKU

Euskal derbia izango da Kopako finalerdietan

Beñat Mujika Telleria

Sadarren jokatuko da joaneko partida, eta San Mamesen itzulerakoa. Hortaz, euskal talde bat arituko da Espainiako Kopako finalean. Real Madrilek eta Bartzelonak jokatuko dute beste finalerdia.

Jai Alai Ligaren antolatzaileak eta sustatzaileak, gaur, Gernikako frontoian. ©Markel Suarez

Lehen aldiz, liga bakarra osatuko dute Iparraldeko eta Hegoaldeko txapelketa nagusiek

Julen Etxeberria

Gernikako, Donibane Lohizuneko, Miarritzeko eta Paueko txapelketak batuko ditu Jai Alai Liga berriak. Antolatzaileen arabera, zesta-puntak «pauso historikoa» eman du, eta «mugarri» izango da aro berri honetan.

Celtaren eta Athleticen arteko partida amaiera. ©Salvador Sas / EFE

Porrot egin dute txuri-gorriek Balaidosen

Berria

Hasierako gol baliogabea medio, berdintsu ibili ziren bi taldeak. 70. minutuan, ordea, Iago Aspasek gola sartu zuen. Iñaki Williams ez zen izan Balaidoseko partidan.

Realaren eta Real Madrilen arteko partida. ©Rodrigo Jimenez / EFE

Puntu batekin itzuli da Reala

Berria

Bederatzi jokalari bajan edukirik ere, Real Madrilen erasoei eutsi ahal izan zieten txuri-urdinek atzoko partidan. Bigarren erdian sendo aritu zen Reala, baina berdintuta amaitu zuten.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.