KRITIKA. Donostiako 54. Jazzaldia

Euri arteko jazza

JRedman, Miles, Colley eta Kingen kontzertua. IDOIA ZABALETA / FOKU.
2019ko uztailaren 28a
00:00
Entzun

Joshua Redman-Ron Miles-Scott Colley-Dave King: 'Still Dreaming' eta Unspeakable Garbage



Lekua: Donostiako Trinitate plaza. Eguna: Uztailak 26.

Kontzertua euri artean hasi da. Joshua Redman saxo jotzaileak hasi baino lehen aipatu digu: «Hau Ameriketan ez da gertatzen!» Halaxe esan du, Ameriketan; eta, suposatzen dut, esan nahi zuela, euria eginez gero, Estatu Batuetako jaialdietan kontzertuak bertan behera gelditzen direla, eta, hemen, Trinitate plazan, bada, ez! Agian, hemen ohituagoak gaude bustitzera, eta euriarena hobeto eramaten dugu; agian, antolaketa hobea dugu, eta minutu gutxi batzuetan ikusleok, ia guztiok, banatutako plastikozko zorro baten barruan sartzen gaituzte euriari aurpegi txarrik ez jartzeko. Hori bai! Ahaztu egin dugu eguraldiaren gorabehera Redman handiaren saxoa entzundakoan.

Izugarria da, lasaia. Malgutasun ikaragarria du; teknika ezin hobea, eskalak aise gora eta behera. Jostagarri, eta saltoka pikatu zehatzak jotzean. Hunkigarria, eta sakona esaldi eder eta luzeetan. Milesen kornetarekin batera lortzen duen jokoa eta bat-etortze musikala erabatekoa da, txinparta biziak sumatzen ditugu kontrapuntu jostagarri eta perfektuak entzuten ditugunean; duo bikain, eder, gozo eta sentiberak eskaini dizkigute. Kontzertua bizi hasi da, indar eta umore handiarekin, eta, apurka, sakontzen joan da.

Aitaren omenez jardun da Redman jauna, aita zena ere saxo jotzailea zuen, Coleman handiarekin ikasi zuten horietakoa. Redmanek duen doinua bikaina da, arina, azkarra, eta, era berean, sakona, sustrai handikoa. David King jaunak bateriarekin eta Scot Collinek kontrabaxuarekin laguntzen diote, eta lehen aipaturiko Ron Milesekin batera, laukote bikaina osatzen dute. Bejondeizuela! Euriarena ia ahaztu dugu zuen musika zoragarriarekin.

Ondoren, Moppa jauna eta haren lagunak etorri dira festa dibertigarri bat antolatzeko asmotan, mozorrotuta, gogo onez eta alai. Mopparen taldearen izena Unespeakable Garbage da (zentzugabeko zaborra bezala itzul dezakegu). Jazzari ukitu fresko bat eman nahi diote, intelektualismotik at.

Diskurtso indartsuak botatzen ditu Moppakek musikak aurkeztean. Pennsylvaniatik datoz, eta, hogei hitzetik behin, Pennsylvania ateratzen zaio. Badirudi oso harro dagoela jatorriarekin. Proposatzen duten musika aspaldiko telesailetan eta B zinemako filmetan erabiltzen ziren saxo doinuen eta rock musikaren nahasketa demodé eta kitsch bat da. Asmoa: jendeari une dibertigarri eta parrandazalea eskaintzea. Ikuslea prest zegoela esango nuke, dantzatzeko eta mugitzeko gogoz ere bazegoela, bazela jendea. Kontua da asmo horiek guztiak euriak zapuztu zituela, zaparradek hobeto esanda. Gupidarik gabe, euri jasak hustu zuen, ia, Trinitate plaza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.