Xabier Amuriza.
PASCALEN IRRIBARRETIK

Azken gaua

2020ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Haitz tontor zorrotz baten azpiko sakonunean, mendi-etxe bakarti bat. Bi ahizpa xahar bizi ziren bertan, biak ezkongeak. Bata hil zorian jartzea gertatu zen, besteak ulertu zuenetik, eta hau apaizaren bila jaitsi zen berehala. Goranzkoan, elurra gupida gabe hasi zuen, eta mendi-etxea ozta-ozta harrapatu zuten biek. Bitartean, ahizpa gaixotuak, luze iritzita, hiltzea erabaki zuen. Apaiza saiatu zen ahizpa bizia kontsolatzen. Elurra sendotu zuen, eguraldia beldurgarriro zakartu zen eta gauak dena irentsi zuen. Biharamunean hilotza jasotzera berriz igo beharko baitzuen, gaua bertan egitea onartu zuen apaizak, ahizpa biziak eskaturik.

Etxe zahar-zaharra, nonahitik haize-txistua. Keak kedarturiko zurerian, amaraun-poltsak, hotzak uzkurtuak. Senak beldurrerantz bultzatzen zuen, baina etxe hartan laurogei urteko emakume bat hilik zetzan, eta apaizak bazekien ahizpa zenduaren arimari laguntzea bezain obra ona zela ahizpa biziaren gogoa sorostea. Honi lo ona opaturik, kare hezea zerion horma tripa-handi baten kontrara oheratu zen apaiza.

Biharamun goizean, kontuz irekitzen saiatu arren, hilotzaren gelako ateak kirrinkada haserrea egin zuen. Leiho txikiaren kontraleiho sekula ondo itxi gabetik, elurraren nagusigoa nabari zen. Barruratu zenean, izutu zen. Oheburutik hilak eskua jaso zuen. Hemen nago! Apaizak hortzak estutu zituen, arima ahotik eskapa ez zekion. Hartan, bi buru hauteman zituen oheburuan. Bigarren susto handiago hartatik seneratu zeneko, ahizpa bizia hilaren ondoan zetzala ohartu zen, eta oihu egin zuen:

Baina, Luziana! Nola oheratu zara hilotzaren ondoan?

Jauna! arrazoitu zuen hark. Guk elkarrekin lo egin dugu beti. Nola utziko nuen azken gaua beronekin igaro gabe?

Apaiza herio punturaino dardaratu zuen pentsamendu batek:

Orain bien erdian etzatea al dagokit?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.