Liga urrats batera du

Reala penaltietan gailendu zaio Polori, eta belar hockeyko ligako finala jokatuko du gaur Juniorren aurka. Eguerdian izango da lehia

Realeko jokalariak, atzo, finalerako sailkapena ospatzen. REALA.
ainara arratibel gascon
2018ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Ezustea eman, eta liga irabazteko ilusioz abiatu zen herenegun Bartzelonara Realeko belar hockeyko taldea. Horretarako lehen urratsa atzo egin zuen, finalerdietan Polo kanporatu baitzuen. Sufrituta egin zuen, partida hutsean amaitu baitzen, eta penaltietan lortu zuen sailkapena: 3-4. Marina Helguera Realeko atezainaren lana nabarmendu behar da, bi penalti geratu baitzituen. Beste finalerdia ere oso lehiatua izan zen. Junior ezustean gailendu zitzaion Club de Campori, 0-1. Azken minutuan sartu zuen gol erabakigarria Juniorrek, penalti korner bati esker. Hala, txuri-urdinek Madrilgo taldea izango dute aurkari gaurko finalean (12:00).

Realak ez zuen erronka erraza atzo. Polok etxean jokatzen zuen; liga erregularrean, gainera, bigarren amaitu zuen. Realak, berriz, seigarren. 23 punturen aldea egon zen bien artean. Horrenbestez, etxekoak ziren faborito.

Baina final-laurdenetan Complutense kanpoan utzi eta gero, Realeko jokalariek konfiantzaz heldu zioten finalerdiari. Aste osoan adierazi zuten ezustea emateko moduan zirela, halako partidetan hazi egiten direlako. Eta hala erakutsi zuten atzoko norgehiagokan. Izan ere, Jorge Perezek zuzentzen duen taldeak partida oso serioa jokatu zuen, batez ere defentsan. Kontraerasoan Polo ezustean harrapatzen ahalegindu zen.

Partida itxia eta lehiatua espero zen, eta hala izan zen. Aukerarik garbienak eta jokoaren ekimena etxekoek izan zuten. Baina Maria Saguesek, Olalla Piñeirok eta Xantal Ginek ez zuten asmatu Marina Helgueraren atean gola sartzea. Realak penalti kornerretan izan zituen abagune nabarmenenak, baina ez zen fin aritu.

Minutuak aurrera joan ahala,Reala are sendoago aritu zen defentsan. Etxekoak, berriz, urduritzen hasi ziren. Hala, 0-0 amaitu zen arauzko denbora. Penaltietan, Realeko Virginia Gonzalezek, Patricia Marañak, Dalila Mirbella eta Elisabetta Pacellak gola sartu zuten. Polok, berriz, bi huts egin zituen: Marta Seguk eta Olalla Piñeirok.

Gaurko finaleko aurkaria, Junior, laugarren sailkatu zen ligan, 31 punturekin. Elkarren aurka jokatutako partidetan Junior izan zen nagusi: 1-0 eta 0-4, hain zuzen ere. Espainiako Kopan ere Juniorrek utzi zuen kanpoan talde txuri-urdina. 1-0 irabazi zion final-laurdenetan. Arantza hori kendu, eta liga titulua irabazteko erronka dute gaur eguerdian Realeko jokalariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.