Salagoiti, presidente

Baionako administrazio kontseiluak 1999tik 2001era klubeko lehendakari izandakoa aukeratu du karguan Manu Merin ordezkatzeko

Erredakzioa -

2015eko ekainak 28
Baiona errugbi klubak presidente berria du atzotik, eta aski ezaguna da: Francis Salagoiti, klubeko lehendakari izandakoa. 1999tik 2001era kluba bulegoetatik zuzendu zuen lagunaren alde egin du Baionako administrazio kontseiluak. Manu Merin ordezkatu du Salagoitik, behin-behinean. Merinek dimisioa eman du Baiona eta Miarritze errugbi taldeen arteko bateratze ahaleginak porrot egin ostean.

Egina zirudien bateratzea pikutara joan da lau egun eskaseko tartean. Joan den asteazkenera arte geldiezina zirudien proiektuak. Baina asteazken arratsaldean eztanda egin zuen. Miarritzeko harrobia kudeatzen duen elkarteak betoa jarri zion Baionarekin bat egiteko proiektuari. Beraz, klubeko administrazio kontseiluak ez zuen bat egin Baionarekin elkartzeko proposamenarekin. Lehen ondorioa berehalakoa izan zen: Serge Blanco klubeko presidenteak dimisioa eman zuen. Blancoren dimisioari Merinena gehitu zitzaion egun bat geroago.

Ordurako bateratzea ezinezkoa zen, baina, zalantzaren bat bazegoen, Baionako bazkideek eman zioten errematea herenegun, ezohiko batzarrean. Han, ezezko biribila eman zioten bateratzeari. Bazkideen %78k esan zioten ezetz Miarritzerekin batera euskal talde bat osatzeari. Orain, ikusteko dago talde bakoitzak zer-nolako egoeran egingo dion aurre sasoiari. Ez da sasoia prestatzen hasteko modurik onena.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna