Aberastasunaren kontzentrazioa

GUZTIA DENEKOA IRABAZLEARENTZAT

Dirudunen irudia distira galtzen ari da AEBetan, orain arte milioidunak gurtzen zituen herrialdean. Aberastasunaren pilaketa XX. mende hasierakoaren parekoa bihurtu denez, bor-bor dago eztabaida: nola jarri behar zaie muga ezberdintasunaren hazkundeari eta fortuna eta botere neurrigabeei?

GUZTIA DENEKOA IRABAZLEARENTZAT.
Irune Lasa.
2019ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Ados al zaude esaten dutenekin mila milioidunek [billionaire] AEBetan botere gehiegi dutela?». «Um... Mila milioidun izengoiti hori eslogan huts bihurtu dela uste dut», erantzun zuen Howard Schultzek, Starbucks kafetegien multinazionaleko jabeak. «Egia da baliabideak dituen jende bat gai izan dela bidezkoak ez diren moduak erabiltzeko beren aberastasunaren eta interesen mesederako, eta horrek desberdintasuna eragiten duela», gaineratu zuen. Hots, aberatsetan aberatsen horiei «billionaire» deitu beharrean hobe «baliabideak dituzten jendea» esatea. Starbucksen jabeak 3.500 milioi euroko fortuna du, eta asmoa agertu du zentroko hautagai independente gisa 2020ko AEBetako lehendakaritzarako hauteskundeetara aurkezteko.

Ultraaberatsak, mila milioidunak, AEBetan izen txarra hartzen ari direla esatea gehiegitxo litzateke agian, irabazleak horrenbeste maite dituen eta meritokrazian sinesten duen herrialdean. Baina egia da aberatsak euren distiraren zati bat galtzen ari direla, herritar gero eta gehiago direlako pentsatzen dutenak mugak ezarri behar zaizkiela dirudun horietako askoren gehiegikeriei eta nagusikeriei.

Donald Trumpen agintaldiak ere izango zuen zerikusirik, baina eztabaida azken urteetan joan da mamitzen, eta indartu egin da Alexandria Ocasio-Cortez kongresista demokrata gazteak hamar milioitik gorako errenta sarrerei %70eko zerga tasa ezartzea proposatu baitu —horrek esan nahiko luke lehen hamar milioiak ez liratekeela maila horretan zergapetuko, bai hortik aurrera irabazitakoak—.

Trump ordezkatzeko orain arte aurkeztu diren hautagai demokrata ezkertiarrenek ere aberatsak zergapetzeko proposamenak egin dituzte. Elizabeth Warrenek aberastasunaren eta ondarearen gaineko urteroko zerga federal bat nahi du, %2ko tasarekin 50 milioi dolarretik 1.000 milioiko ondareentzat, eta %3koarekin hortik gorako fortunentzat. Bernie Sandersek, berriz, ondarearen gaineko zerga federala proposatu du, %77ko tasarekin 1.000 milioitik gorako jabetzentzat.

Halako egitasmoen kontrako ahots asaldatuak agertu dira, jakina, baina ekonomista prestigiotsuen babesa ere jaso dute proposamen horiek. Adibidez, Paul Krugman Ekonomia Nobel saridunak nabarmendu du Ocasio-Cortezek esandakoa oso zentzuduna dela ekonomiaren ikuspegitik. Eta aberastasunaren banaketa desorekatua ikertzen urteak daramatzaten Emmanuel Saez eta Gabriel Zucman ekonomistek landutakoa da Warrenen proposamena.

'Belle époque'

Izan ere, inor gutxik uka dezake zer dagoen aberatsen distira galeran; zer dagoen haiek gehiago zergapetzeko proposamenen eta monopolioen kontrako araudia gogortzeko eskakizunen oinarrian: aberastasunaren banaketa desberdintasuna- ren maila handia. Gabriel Zuckmanen arabera, gaur egun, AEBetako %1 aberatsenen esku dago herrialdearen aberastasun guztiaren %20; 1978. urtean, berriz, %7 zuten.

Horrek esan nahi du AEBetan aberastasunaren banaketa XX. mendearen hasierakoaren parekoa dela desberdintasunean. Urte haiek Gilded Age (Aro Urrekara) edo belle époque izena hartu bazuten ere, desberdintasun soziala sekulakoa zen, eta gutxi batzuk soilik bizi ziren esne mamitan. Gaur egun, Depresio Handiaren eta mundu gerren atarian zegoen gizarte horren desberdintasun maila bera dute AEBek.

Desberdintasunari buruz urtero txostena ateratzen du Oxfamek, Davosko Foroaren hasiera baliatuz. Txosten horren arabera, aberastasun are gehiago bildu dute dirudunetan dirudunenek. Murriztu egin da munduko biztanleen erdiek bezainbesteko jabetza duten aberatsen kopurua. Gaur egun, 26 pertsonak biltzen dute 3.800 milioi txiroenek bezainbeste ondasun; 43 pertsona ziren 2017an, eta 61,2016an. Jakina, aberatsenen artean ia gehiengoa dira gizonezkoak. Eta pobreenetan pobreenak, gehienak emakumeak.

Zikloak

Aberastasunaren kontzentrazioaren inguruko debatea «ez da berria», onartu du Jesus Mari Valdaliso Historia eta Erakunde Ekonomikoetan EHUko katedra- dunak. «Aldiro sortzen da, batez ere krisi eta depresio garaietan. XIX. mendearen amaieran, John Rockefellerren eta enparauen aroan, eskala ekonomia handiak baliatuz izugarri handitu ziren enpresei mugak jarri zizkieten,monopolioen aurkako legediarekin. Eztabaida oso antzekoa izan zen Depresio Handiaren garaian. Estatuaren parte hartzea eskatu zuten, eta horrela mugatu zutenenpresa eta banku handien boterea. Baina, batez ere, finantza merkatuak kontrolatu eta arautu zituzten». Gero etorri ziren gerrak, besteak beste, aberastasuna oso gaizki banatuta zegoelako. «Zer izan zen bada iraultza boltxebikea bera ere?», ohartarazi du Oskar Arantzabal ekonomistak eta UEUko ekonomia saileko buruak.

II. Mundu Gerra osteko urteak, ordea, oso bestelakoak izan ziren AEBetan eta, oro har, Mendebaldeko Europan. Hori baieztatu du Valdalisok: «Berdintasunaren hazkunde bat izan zen garatutako herrialdeetan. Soldatek BPGan zuten pisua handitu zen, progresibitate fiskalaren garaia zen, eta zergak handiagoak ziren... Ongizate estatuaren garaia izan zen, oso garai ona garatutako munduarentzat».

Branco Milanovic ekonomistak ere antzeko analisia egin du. Munduko Bankuko ekonomistekin desberdintasunari buruzko hainbat azterketa egina denaren arabera, indar gaiztoek eta indar onberek bultzatuta egiten du gora eta behera desberdintasunak. Sakonagoa izan zen XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran, hiperinflazioak eta gerrek —indar gaiztoek— aberastasuna suntsitu zuten arte.

Gero, II. Mundu Gerraren ostean, zerga progresiboek, sindikatu indartsuek eta hezkuntza eskuragarriagoak desberdintasunari behean eutsi zioten. Valdalisok beste faktore bat ere gehitu die AEBetan eta, beranduxeago, Europan 50eko, 60ko, eta 70eko hamarkadetan izan ziren urte on haiei: «Kontrabotere bat, eredu alternatibo bat zegoen, Sobietar Batasuna. Langile sobietarrentzat desastrea izan zen, baina eredu harekiko beldurra Mendebaldeko langileen mesederako izan zen».

Kapitala eta irabazleak

Thomas Piketty ekonomista frantziarrak Aldi Berezia deitzen die mundu gerren osteko urrezko urteei. Ekonomiaren historia osoan urte haiek salbuespenezkoak izan zirela uste du. II. Mundu Gerraren kapital suntsiketak, eta kapitalaren errendimendua handitzeko gaitasuna txikiagoa izateak esplikatzen du, hein batean, hurrengo urte haietako berdintasuna.

Izan ere, Pikettyren arabera, kapitalismoan ezinbestez areagotzen da desberdintasuna: kapitalaren errendimenduen hazkunde tasa handiagoa eta epe luzeagokoa delako beti errenten eta produkzioaren hazkunde tasa baino. Alegia, soldata errenten aldean kapitalaren errentak beti irabazle dira, eta aberastasuna gero eta esku gutxiagotan pilatuz joaten da. «Irabazleak guztia eramaten du».

Piketty neomarxista da batzuentzat, eta hainbat kritika jaso ditu, baina ekonomiaren eta desberdintasunaren inguruan azken urteetan plazaratutako liburuen artean eraginik handienetakoa izango da datuz jositako Le Capital au XXIe siècle (2013) haren liburua (Kapitala, XXI. mendean).

Ongizate gizartearen urte haien amaiera 80ko hamarkadan etorri zen, Valdalisok azaldua duenez. Ronald Reaganen eta Margaret Thatcherren garaia iritsi zen, enpresa handiek sindikatuen kontra egitea erabaki zuten, haien botere handia murrizteko. Estatuaren esku hartze ahalik eta txikienaren alde jokatzen hasi ziren. «Sindikatuek boterea galdu zuten, estatuaren esku hartzea ere nabarmen txikitu zen, zergak jaitsi zituzten, eta finantza merkatuen desarautze handia izan zen. XX.aren hasieran, desberdintasuna handituz zihoala, lehen eskandaluak iritsi ziren, Arthur Andersen, Enron... 2008ko amiltzea iritsi zenean, desberdintasun ekonomikoa gehiago handitu zen, eta, gaur egun, %1 aberatsenek gero eta ondare gehiago biltzen dute; aldi berean, hazkunde ekonomikoa izanagatik ere, soldatak nekez igotzen dira.

Zerk ekar dezake horri buelta ematea? EHUko katedradunaren aburuz, gaur egun botere handia du iritzi publikoak, eta zeregin garrantzitsua izan dezake banaketa orekatuago baten aldeko borrokan.

Ezinegona

Mende bat geroago, atzera desberdintasun maila bera iritsita, egia da gizartearen ezinegona gero eta gehiagotan agertzen hasia dela. Aberastasuna gero eta okerrago banatuta egoteak jendea haserretzen du, eta horri ezinegona, beldurra eta ziurgabetasuna areagotzen duten aldagaiak gehitzen zaizkio. Globalizazioak herrialde garatu askotan eragin duen desindustrializazioaren ondorioz bazterrean gelditu diren langileak, automatizazioak mehatxupean jartzen dituen lanpostuak, immigrazioa... Populismoak eta natibismoak areagotu dira, eta faxismoa bera ere begi bistan indartzen ari da.

Aberastasunaren banaketa gaiztoari muga jarri behar zaiola esaten gero eta ahots gehiago entzuten dira. Ahots horiek sinesgarriak diren ala ez alde batera utzita, demokrazien oinarri den kontratu soziala bera arrisku larrian jarri dute aberastasunaren banaketa gero eta okerragoak, eta oparotasunaren kontzentrazioak.

Iritzi horiek sistemaren muinean ere badira. Klaus Schwab Davosko foroaren sortzaileak aitortu du aldaketak behar direla: «Sistema sozioekonomikoetan beharrezkoak dira zerga politikei buruzko arau berriak. Irabazleak dena hartzen du moduko konpainiekin, ia ziurra da aberastasunaren gaineko zergak igo beharko direla, eta lan errenten gainekoak txikitu; lehia eta aukerak errespetatuak izango direla ziurtatzeko, monopolioen kontrako ekimenak ere hartu beharko dira».

Pikettyk ere zergen bidea proposatu du: kapitalaren gaineko urteroko zerga progresibo bat eskatu du fortunen kontzentrazioa geldiarazteko. Hori bai, globalizazioaren garaian, zerga herrialdeka ezartzea ez litzateke nahikoa izango; mundu osorako zerga progresibo bat beharrezkotzat du, hori «utopia bat» dela onartu arren.

Pikettyren ezberdintasunari buruzko deskripzioa ontzat jo arren, hark aurkeztutako konponbideei nazio ikuspegitik ekarpen kritiko bat egin die Arantzabalek. Irakaspen sozioekonomikoak Eskozia eta Kataluniako prozesuetatik (UEU, 2017) liburuan. Arantzabalen ustez, Pikettyk ezditu estatu txikiak asko atsegin, dumping fiskala egin dezaketelako, zerga globala eragotziz. Frantziarra jakobinismoaren arrastoan ikusten du hor Arantzabalek. Eta, ezberdintasun txikiagoaren bila, beste ideia batzuk ekartzen ditu. «Aberastasuna neurtzen duen Gini koefizienteari begira, herrialde handietan —AEBetan, Mexikon, Erresuma Batuan, Espainian bertan ere—, oso desoreka handiak sortzen dira; estatu txikietan, berriz, kohesio soziala handiagoa delako edo homogeneoagoak direlako, ezberdintasuna txikiagoa da».

Independentziaren gakoa

Arantzabalek jaso duenez, «Flandriako Vives institutuak egindako azterketa baten arabera, herrialde txikiak aberatsagoak dira per capita BPGan, gobernu handiagoak dituzte, zuhurragoak dira zerga politikan, lehiakorragoak dira, inflazio txikiagoa dute, kanpo merkataritzara irekiagoak dituzte, eta atzerriko inbertsio gehiago jasotzeko gai dira». Hor dago, haren iritziz, eskoziar askok estatu independentea nahi izateko giltzarrietako bat: aberastasuna hobeto banatuko dutela uste dute.

Eztabaida hor dago: nola geldiarazi aberastasuna pilatzeko kapitalak, aberatsenek, duten ahalmen gero eta handiagoa? Zaila dirudi hitzetatik ekintzetara pasatzea. Besterik ez bada ere, aberats irabazle horien artean ez daudenek, gehiengoak, orain arte irabazitako gutxiak galtzeko beldur direlako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.