Koronabirusa

Pandemiei aurre egiteko nazioarteko akordio bat nahi du OMEk

Hegoafrikan atzemandako omikron aldaera zabaltzen hasia da Europan. G7ko kideek «erantzun azkar bat» eskatu diote nazioarteari. Hegoafrikak kritikatu egin ditu iparraldeko estatuek hartutako neurriak

Pandemiei aurre egiteko nazioarteko akordio bat nahi du OMEk.
arantxa elizegi egilegor
2021eko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Aste bat bete da Hegoafrikak SARS-CoV-2 birusaren aldaera berri bat atzeman zuela jakinarazi zuenetik —OME Osasunaren Mundu Erakundeak omikron izena jarri dio—, eta jada mundu osoan zabaltzen hasia da. Europan hainbat estatuk atzeman dituzte aldaera berriaren kasuak; besteak beste, Espainiak, Belgikak, Frantziak eta Portugalek. Hala, Osasunaren Mundu Batzarra hiru eguneko ezohiko biltzarra egiten hasi zen atzo pandemiei aurre egiteko nolabaiteko ituna adoste aldera. 194 kideen helburua litzateke aurreragoko izurriei aurre egiteko «testu lotesle bat» adostea.

«Nazioen batasunak elkarlanerako eremu bat adostu behar du, hori delako modu bakarra mehatxu komunei aurre egiteko. Konpromisoa behar da», nabarmendu zuen OMEko idazkari nagusi Tedros Adhanomek. Antzeko beste izurri berrien aurrean osasun arta unibertsala bermatzea litzateke erakundearen helburu nagusietako bat: «Pandemiak argi utzi digu osasuna ez dela luxu bat, giza eskubide bat baizik; ez da gastu bat, inbertsio bat baizik; ez da garapen baten emaitza, gizartearen egonkortasun eta segurtasun ekonomiko eta politikorako oinarria baizik».

OME joan den ostiralean hasi zen aldaera berria ikertzen, eta ohartarazi zuen «asteak» beharko dituela emaitzak jasotzeko. Izan ere, hamar mutazio ditu, eta ez dakite horrek zer ondorio izan ditzakeen izurriaren eboluzioan. Aurrez beste lau aldaera ditu sartuak OMEk «arriskutsuen» zerrendan: alfa, beta, gamma eta delta. Horiek hala, ondorio argiagoak izan artean, osasun neurriak zorrozteko eskatu die erakundeko kide diren estatuei, eta kolektiborik zaurgarrienen txertaketa azkartzeko. Aldi berean, baina, kritikatu egin du herrialdeek mugak itxi eta Afrika hegoalderako hegaldiak eten izana.

Mugak itxi dituzten estatuetako bi izan dira Japonia eta Israel. Marokok, berriz, eten egin ditu Europa eta Afrikako beste herrialdeetarako hegaldiak. Ezohiko bilera egin zuten atzo G7ko kide diren herrialdeetako —Kanada, Frantzia, Alemania, Italia, Japonia, Erresuma Batua etaAEBak— Osasun ministroek ere, eta aldaera berriaren aurkako «erantzun azkar bat» eskatu zioten nazioarteari, eta eskertu egin zioten Hegoafrikari aldaera berria atzeman bezain azkar gainontzeko estatuei jakinarazi izana. Horrez gain, txertaketa azkartzearen garrantzia ere nabarmendu zuen erakundeak, eta eskatu zien estatuei hartutako konpromisoak bete eta bidal ditzatela hitzemandako dosiak hegoaldeko herrialdeetara.

Poloniak eta Norvegiak ere neurri berriak iragarri zituzten, kasuen gorakadari aurre egiteko. Oslok iragarri zuen aldaera berriaz kutsatuta egon daitezkeenek zazpi eguneko itxialdia bete beharko dutela —orain arte bost egunekoa zen—, eta hamarrekoa haiekin kontaktuan egon direnek. Horrez gain, berrogeialdia amaitutzat eman aurretik test bat egin beharko dute nahitaez—orain arte ez zegoen horren beharrik—. Neurri horiek bete beharko dituzte txertatuta daudenek ere. Poloniak, berriz, erdira murriztu du jatetxe eta zinemen gehienezko edukiera, hamalau eguneko berrogeialdia egin beharko dute Schengen eremutik kanpoko bidaiariek, eta luzeagoa Afrikako herrialderen batetik iristen direnek.

Neurri horiek Afrika hegoaldeko estatuen haserrea eragin dute, hala nola Hegoafrikarena. Cyril Ramaphosa presidenteak eskatu zien estatuei zabaldu ditzatela mugak eta has ditzatela berriz ere hegaldiak, «ekonomiak kalte handiagoa» jasan aurretik. Ehunka lagun geratu dira Afrikako hegoaldetik atera ezinik, iparraldeko herrialdeek hartutako neurrien ondorioz.

Zenbaki beltzak

Bost milioi pasa pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz pandemiaren hasieratik, eta 260 milioi kasu baino gehiagoren berri eman dute gobernuek. Baina datu ofizialak dira horiek. OMEk ohartarazi du pandemiak eragindako hildako eta kutsatuak bi edo hiru aldiz gehiago izan daitezkeela. Kasu asko asintomatikoak dira, eta zaila da horiek atzematea proba asko egin arren.

Azken datuen arabera, Errusia, Ukraina eta India dira hildako gehien jakinarazi dituzten herrialdeak. 2019ko abenduan pandemia hasi zenetik gogorren jotako estatua, ordea, AEBak izan dira 776.639 hildako eta 48.229.273 kasurekin; jarraian legoke Brasil 614.278 hildako eta 22.080.906 kutsaturekin.

Kasuekin bezala, txertaketarekin ere alde handiak daude. Herritarren %54,2k hartu dute COVID-19aren aurkako txertoren bat. 7.940 milioi dosi banatu dira mundu osoan; egunean 29,93 milioi dosi; baina irabazi gutxien dituzten estatuetako herritarren %5,8 hartu dute txertoren bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.