Auziko behin betiko erabakiaren ostean, kolokan jarri dute Espainiako justizia

Epaiarekin operazioa bakearen aurkakoa zela baieztatu da, Otegiren arabera. Sortuk ezker abertzalearen estrategia oztopatzea aipatu du

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Ebazpenak hautsak harrotu ditu. Sare sozialak baliatu zituen atzo Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak ebazpenaren gaineko iritzia emateko: «Baieztatu du gure espetxeratzea Euskal Herriko bakearen aurkako operazioa izan zela. Espainiako Estatuan justizia independenterik ez dagoela gogoratzeko eguna da». Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak ere bere iritzia eman zuen, kritiko: «Zigortu zituen auzitegiak, Konstituzionalaren babesarekin espetxean bidegabeki sei urtean izan zituen horrek, hogei hilabete behar izan ditu Estrasburgoko auzitegiak emandako sententzia bere gain hartzeko». EH Bilduko beste hainbat kidek ere ildo bereko adierazpenak egin zituzten. Sortuk epaiketa «bidegabea» izan zela gogoratu zuen.

Roberto Uriarte Elkarrekin Podemoseko Espainiako Kongresuko diputatuak ere hizpide izan zuen ebazpena: «Nazionalismo erradikalak erabilitako identitate planteamenduen eta metodoen beste muturrean egonda ere, zorionak Otegiri eta Auzitegi Gorenari Estrasburgorekin lerrokatutako erabaki justu batengatik». Iñigo Martinez EPeko legebiltzarkideak uste du erabakia ona dela, baina berandu iritsi dela. «Justizia berantiarra ere injustua da, ondorioak espetxea eta inhabilitazioa izan zirelako. Justizia demokratizatu beharraren beste adibide bat».

Nazioartean, elkartasuna

Nazioartean ere izan du oihartzuna epaiak, hala nola Herrialde Katalanetan. Esate baterako, Poble Lliure alderdiak Espainiak izan duen jarrera gaitzetsi du mezu baten bitartez: «Zigor bidegabea da, hautatutako bide politiko eta demokratikoa zapuztu nahi baitzuen estatuak. Espetxeratzeak, erbestea eta inhabilitazioa. Togarik eta errepresiorik gabe politika egitea onartzen ez duen estatua, estatu ahul bat da, porrot bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.