Albistea entzun

Gizane Martinez. Lehen mailako arretako medikua

«Bide osoan eman behar da laguntza, ez eutanasia egiteko unean bakarrik»

Lehen mailako arta da eutanasia eskeen sarbideetako bat; Martinezek esan du profesionalek«laguntza» behar dutela kasuei ondo erantzuteko, eta pazienteei eskaintzen dieten «denbora» ere giltzarri dela prozesuan.

ARITZ LOIOLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Iraola -

2022ko ekainak 23

Lehen mailako arretako medikua da Gizane Martinez (1971, Bilbo) Osakidetzan, arloko profesionalen Osatzen elkarteko kidea, eta Lehen Mailako Osasun Arretako Bizkaiko Bioetika Batzordeko presidentea. Osasun sistemaren aterik zabalena da lehen arreta, eta, askotan, eutanasia eskeen sarbidea. Paziente eta profesionalen hartu-emana hurbila izaten da osasun sistemaren eremu horretan, eta kontsultak «sakratuak» izaten direla esaten duten profesionalak badira: horietakoa da Martinez. Bizitzaren amaierako kontuak hizpide, ezaugarri hori maila gorenera heltzen dela uste du: «Sakratuetan sakratuenak dira». Trebakuntza ona eta pazienteak artatzeko astia ezinbestekoak dira profesionalentzat halakoetan ondo aritzeko.

Ikusi gehiago: Gizane Martinez: «Bide osoan eman behar da laguntza, ez eutanasia egiteko unean bakarrik»

Zuen jarduera eremutik begiratuta, zelan joan da eutanasia legezkoa izan den lehenbiziko urte hau?

Ate honetatik sartzen ari dira kasu gehienak. Balorazio orokor bat? Zaila da. Kasu bakoitzak ezaugarri berezkoak ditu. Baina profesionalak kontatzen ari zaizkigunaren arabera, oso garrantzitsua da laguntza jasotzea.

Zer laguntza klase behar dute?

Mailarik gertukoenean laguntza emateko, Osakidetzak erreferentziazko taldeak jarri ditu martxan; ESI erakunde sanitario integratu bakoitzak badu halako bat, baina egoera oso ezberdinak ikusten ari gara erakundetik erakundera. Talde horien helburuetako bat da laguntza eske jotzen duten mediku eta erizainei laguntzea. Garrantzitsua da profesionalek jakitea erreferentziazko taldeko kideak hor daudela bidean laguntzeko, eta sortzen diren dudak argitzeko. Ez prozesu osoan bakarrik, baita bukatu eta gero ere, prestazioa eman eta gero: garrantzitsua da hor zaintza, laguntza, profesionalari zer moduz dagoen galdetzea... Edota, adibidez, prestazioa egiten duen egunean hori izatea bere eguneko lan jarduera bakarra. Halakoak dira eman beharreko laguntzak.

Azaldu duzu erreferentziazko taldeen egoera oso ezberdina dela , ESI batetik bestera...

Ez dago uniformetasunik. Baina aintzat hartu behar dugu hasten ari garela. Martxan dagoen prozesu bat hau, eta denbora eskatzen du, eta bidean ikastea. Baina helburuetako bat da lehen esandakoa: erreferentziazko taldeek bide osoan ematea laguntza, ez eutanasia egitean bakarrik.

Ondorengo egun hori ere aintzakotzat hartuta, ezta?

Bai. Ezinezkoa baita barruan zerbait ez mugitzea. Oso sakona da dena, emozioak astintzen ditu, eta hor oso garrantzitsua da egotea: zaintzea, ondoan egotea.

Prestazioa ematen ari diren profesionalen premiei begira hori. Eta gainerakoan? Zeren beharra dago?

Trebakuntzan arreta jartzea ondo legoke. Jakin behar da zer den metodo deliberatiboa, pairamenduaren lanketa, erabakien aurretiazko planifikazioa... Horietan trebakuntza jasotzea sustatu beharko litzateke.

Pazienteekin solastatzeko arta izatea ezinbestekoa izango da halako egoerak tokatzen direnean. Baina kexak eguneroko kontua dira: gainezka dago lehen arreta. Nola egiten da?

Oso zaila da, oso zaila. Nola egiten da? Ba, ahal dena eginez. Baina zailtasuna da hori. Laguntzak eta bokazioa hor daude, baina zaila da. Guretzat, lehen arretan oro har, beti da garrantzitsua pazienteari entzutea, haren beharrak zein diren jakitea... Zailtasunez egin diogu orain arte aurre horri, eta zailtasun handiagoz egin beharko dugu oraindik ere.

Zer lekukotasun eta balorazio ematen ari zaizkizue eutanasia prozesuetan dabiltzan profesionalak?

Jaso ditugun lekukotasunen arabera, esperientzia positiboak izan dira. Garrantzitsua da profesional horiek zelan sentitzen diren jakitea, eta, askotan dudak badaude ere tartean, eta gaia hain sakona izanda ere, eta hain berria, pazientearen ondoan egotea gogobetegarria izan daiteke. Zailtasunak hor dira, baina sentipen nagusia hori izan da.

Hazten jarraitze aldera, zer?

Garrantzitsua da lehen mailako artako profesionalak heriotzara hurbiltzea: heriotzaz hitz egitera, izan ditugun heriotza esperientziez aritzera... Oraindik tabua da gizartean, eta gu geu gizartearen etsenplua besterik ez gara. Hor bada zer landua.

Lehen mailako artako kontsultetan gaiaz naroago jardun ahal izateko, era naturalagoan...

Bai, nola amaitu nahi dudan bizitza, zer balio eta sinesmen ditudan... Halakoak aintzakotzat hartzeak komunikazio klase bat izatea dakar kontsultan, zeinaren bidez ulertu egiten baituzu aurrean duzun pertsona.

Tartean eutanasia eskariak daudenean, edo ez daudenean, ezta? Beti da garrantzitsua komunikazio gaitasun hori medikuaren kontsultan, ezta?

Hain zuzen ere. Kontua da jakitea pazientea nola eraikitzen den pertsona bezala, zer balio dituen, eta horren arabera zer desio dituen. Horrek eutanasia prozesu bat ekar dezake bukaeran, edo beste zerbait. Pertsona bakoitzak unean-unean dituen beharrei erantzutea da helburua. Hori lehen arretako funtsezko balioa da, eta, horren alde egiten ez badugu, denok galduko dugu osasun aldetik.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Alarde parekideki kideak, abiatu aurretik. ©Arantxa Iraola

Alarde parekideak kaleak bete ditu, baina alkateak ez die harrerarik egin

Arantxa Iraola

Talde politiko guztietako ordezkariak izan dira balkoian, PP izan ezik, eta lehen aldiz udal gobernuko kide batek eman die hiriko bandera alarde parekideko kideei: Berdintasun zinegotzi Miren Etxebestek (Ahal Dugu)

Seaskako kideek protesta antolatu dute Kanboko Xalbador kolegi aitzinean ©Bob Edme

Seaskako ikasleek hasiak dituzte brebetako azterketak

Ekhi Erremundegi Beloki

Frantziako Hezkuntza Ministerioaren debekuen gainetik, euskaraz erantzunen dute bihar zientzietako azterketa. Seaskak protestak antolatu ditu gaurko eta biharko.

Esperientzia ezagutarazteko egindako mahai ingurua, atzo Donostian. ©JON URBE / FOKU

Euskal curriculuma: paperetik praktikara

Irati Urdalleta Lete

'Euskal curriculuma: egungo esperientziak eta etorkizuneko aukerak' jardunaldiak egin dituzte Donostian. Hutsuneetatik zer eraikitzen ari diren ekarri dute hizpidera.

Herriko Etxean inprimaki bat betetzea aski izango da abizena aldatzeko. Irudian, Baionakoa. ©Guillaume Fauveau / EFE

Abizena aldatzea errazagoa izango da bihartik Iparraldeko biztanleentzat

Edu Lartzanguren

Amaren, aitaren edo bien abizena erabiltzea aukeratu ahalko da, herriko etxean adierazita. Bizitzan behin bakarrik aldatu ahalko da, ordea.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...