Saria kultur arloko kazetaritzari

'Kulturrizketak' telebista saioa eta 'Kixotenean' liburua nabarmendu dituzte Rikardo Arregi sariek

Behean, Mutuberria eta Astiz, sari berezidunak; ezkerrean, Bilbao, Eguna-ren aipamenarekin; erdian, Goienako kideak, sari nagusiarekin; eta eskuinean, Mikel Mujika Ortzadar-en aipamenarekin. J.C. RUIZ / ARP.
Garikoitz Goikoetxea.
Andoain
2017ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Kulturaren arloko bi lan nabarmendu dituzte aurten Rikardo Arregi kazetaritza sarietan. Batetik, sari nagusia jaso du Goiena telebistaren Kulturrizketak saioak; bi kultur sortzaileren arteko solasaldiak ditu ardatz, eta epaimahaiak adierazi du «saio borobila» osatu dutela. Bestetik, sari berezia jaso dute Kixotenean erreportaje liburuaren egileek, Iñigo Astiz BERRIAko kazetariak eta Maite Mutuberria ilustratzaileak; «sorkuntza paregabea» dela goraipatu diete.

Sarien 29. aldia izan da aurtengoa. Andoaingo Udalak antolatzen du, herriko seme izan zuen kazetariaren omenetan. Euskarazko kazetaritza lanak goraipatzen dituzte. Sariketatik kanpo, bi aipamen berezi egin dituzte aurten. Batetik, Ortzadar kultur gehigarria, Noticias taldearena; hogei urte bete ditu aurten. Azaldu dute erdarazko prentsan «uharte bat» dela gehigarria, euskal kulturaren berri euskaraz ematen baitu. Bestetik, Eguna egunkaria gogoratu dute, sortu zeneko 80. urteurrena baita aurten; nabarmendu dute euskarazko kazetaritzan «mugarri» izan zela kazeta hura. Eguna-ren sortzaileak hilak daudenez gero, garaikurra Bizkaiko Foru Aldundiak hartu du, Lorea Bilbao Kultura diputatuak, diputazioko liburutegian baitago kazetaren bilduma oso eta ezagun bakarra.

Rikardo Arregi sari nagusia Kulturrizketak saioak eskuratu du. Hamar emanaldi egin dituzte azken denboraldian: bi kulturgile jarri dituzte solasean, aurrez aurre, biak bakarrik. Epaimahaiak nabarmendu du elkarrizketak «harrapatu» egiten duela ikus-entzulea, «erraz» jarraitzen dela, eta horren guztiaren atzetik «gidoigintza eta edizio lan handia» dagoela. Sariketaren helburuak erabat betetzen dituela, finean. Taldearen izenean, Oihane Agirre zuzendariak adierazi du kulturgileak hartu dituztela ardatz, «ezin eskertuzko lana» egiten dutenak.

Harkaitz Cano idazlearen gutun bat ere irakurri dute —saioan izana da—. Haren arabera, euskal kultura eta kazetaritza «ez daude onenean»; ikusgaitasunik ezaz aritu da. Agirrek adierazi du euskarazko ikus-entzunezkoak sortzen jarraitzeko akuilu dela saria.

Aipamen berezia Kixotenean erreportaje liburuak jaso du. Iazko abuztuan erreportaje sorta bat argitaratu zuten BERRIAn Astiz kazetariak eta Mutuberria ilustratzaileak, Miguel Cervantes idazlea hil zeneko 400. urteurrenarekin bat. Sorta hura orraztu eta osatuta liburu bat kaleratu zuten Elkar argitaletxearekin. Lan hori saritu dute. Epaimahaiaren esanetan, «irakurterraza» da liburua, «eta oso goi mailakoa, aldi berean». Hortaz, «eredugarritzat» jo dute.

Elkarlan eske

Hitzartzea baliatu zuen Astizek «euskal kulturari buruzko hitzarmena» eskatzeko. Eragileen eta erakundeen arteko elkarlana, ikuspegi luzekoa, ez urtez urtekoa.

Lankidetzari buruz aritu zen, hain justu ere, Estibalitz Alkorta, Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendaria. Euskal kazetarien lana goraipatu zuen —«sekulako meritua dauka»—, eta nabarmendu zuen bide horretan «laguntzeko prest» dagoela gobernua. «Elkarlan bideak badaude». Ohartarazi zuen komunikazioa «funtsezko esparrua» dela euskara biziberritzeko bidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.