Koronabirusa

Murrizketa neurri gehiago iragarri dute Ipar Euskal Herrian

Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2020ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Jean Castex Frantziako Lehen ministroak osasun larrialdia ezarri eta biharamunean, Ipar Euskal Herrian errespetatu beharko diren neurriak iragarri zituen atzo goizean Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak: «Zenbakiak ez dira onak», adierazi zuen. Haren hitzetan, departamendu mailan intzidentzia tasa anitz emendatu da: 100.000 pertsonako 80 kutsatu zeuden irail hasieran, eta 155,2 gaurko datuetan. Ipar Euskal Herrian hamalau agerraldi daudela jakinarazi zuen, gehienbat ikastetxeetan. Hamar pertsona daude Baionako ospitalean: hiru, suspertze unitatean.

Horiek horrela, hainbat neurri hartu ditu, eta, egoera okertuko balitz, heldu den aste erditsuan are gehiago zorroztuko dituela abisatu du, besteak beste, ostatuek 23:00etarako ixtea aginduz. Gaur-gaurkoz, hauek dira neurriak: eremu publikoan sei pertsona baino gehiago biltzea debekatua izanen da gaurtik aitzina, eta eremu pribatuan ere kopuru hori ez gainditzeko gomendatu du. Baina arau horrek ez du balio aldarrikapen manifestazioentzat, izaera profesionaleko bilkura eta jarduerentzat, bidaiarien garraio zerbitzuentzat, publikoa hartzen duten aire libreko eraikinentzat, hileta zeremonientzat, profesionalek antolatutako bisita gidatuentzat eta merkatuentzat. 1.500 pertsona baino gehiagoko ekitaldiak prefeturan deklaratu beharko dira, orain arte bezala.

Ostatu eta jatetxeetan ere gehienez ere sei pertsona batzen ahalko dira mahai bakoitzean, eta kadiren artean metro bateko distantzia atxiki beharko da gutxienez. Halaber, egituraren gehienezko harrera gaitasuna afixatu beharko dute.

Horrez gain, astelehenetik aitzina besta gela, karpa edo gisa bereko azpiegituretan edaria edo janaria eskaintzen duen ekitaldi pribatu oro debekatua izanen da, ez baitute bermatzen etengabe maskara eramatea.

Kanpoan, 5.000 gehienez

Publikoa zutik eta mugimenduan dagoen eremuetan pertsona bakoitzeko lau metro karratuko espazioa atxiki beharko dute. Haatik, jendea eserita dagoen eremuetan, kadira bateko gutxieneko tartea utzi beharko da pertsona bakoitza edo sei pertsona baino gutxiagoko talde bakoitzaren artean. Gehienezko kopurua 5.000 pertsonakoa izanen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.