«Elkarri berotasuna emanda, hotzari aurre egin ahal izan genion»

Igandean erreskatatu zituzten Sorogain eta Belate arteko bidean galduta zeuden hiru anaia

Miguel, Jose eta Javier Errea anaiak, larunbatean, Sorogainen (Nafarroa). JAVIER ERREA.
Edurne Begiristain.
2022ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Javier, Miguel eta Jose Errea Mujika anaiek ez dute aise ahaztuko asteburuan mendian bizi izandakoa. 56, 47 eta 40 urteko hiru anaia iruindarrak larunbat arratsaldean galdu ziren mendian, Sorogain eta Belate (Nafarroa) arteko bidea egiten ari zirela. Iluntzean itzuli ez zirenez, desagerpenaren abisua eman zuten etxekoek: igande goizaldean erreskatatu zituzten suhiltzaileek. Onik daude hirurak, baina «esperientzia oso latza» izan dela kontatu dio BERRIAri Javier Erreak. Izan ere, Josek, anaiarik txikienak, hipotermia sintomak izan zituen, eta galduta ibili ziren hamar orduak hura suspertzen egon ziren beste biak.«Anaiari berotasuna ematea zen gure helburu bakarra. Ez genuen beste ezer buruan».

Mendian askotan ibilitakoak dira Errea anaiak. Behin bainogehiagotan egin izan dute Sorogain eta Belate arteko bidea, eta sekula ez dira galdu. Asteburuan, baina, dena okertu zitzaien. Bidearen erdia egina zutela, ondoezik sentitzen hasi zen Jose. «Minduak zituen bizkarra eta hankak, eta esaten zigun ozta-ozta iritsiko zela Belatera», azaldu du Erreak.

Bidea mantsoago egitea erabaki zuten orduan. Elurrak zurituta zeuden belardiak, baina ez GR-11 bideak estaltzeko adina, eta ibilbidea aise egiteko moduan zirela uste zuten. Okolin menditik gertu zirenean, baina, ohartu ziren ezinezkoa izango zela helmugara iristea, eta bidezidor bat topatzea erabaki zuten. Ez zuten asmatu. «Anaia nahiko makal ikusten genuenez, bidea aldatu eta mendia inguratzea erabaki genuen. Nahastu egin ginen: kontrako norabidea hartu genuen».

Bide okerra hartua zutela ohartu zirenerako, «berandu» zela kontatu du Erreak. Iluntzen ari zen, argirik ez zuten, sakelako telefono bakarra zuten, eta bateria gutxirekin, eta anaia «gero eta makalago» zegoen:«Aukera gutxi genuen, eta gaua mendian pasatzea erabaki genuen».

Bazter batean makurtu ziren, elkarren ondoan, elkarri «berotasuna» emateko. «Gaua oso latza izan zen», gogoratu du. Hipotermiak jota zegoen Jose, eta emozionalki «oso gaizki». «Dena beltza ikusten zuen. Esaten zigun zama bat zela, aurrera egitea eragozten zigula. Bere gorputza berotzen energiarik ez xahutzeko eskatu zigun; han uzteko eta guk bideari ekiteko».

Begiak ia itxi gabe igaro zuten gaua. Erreak kontatu duenez, noiz edo noiz lokartu egiten ziren, «minutu bat edo bi», eta etxerako bidearekin amesten zuten. Bitartean, euren xede bakarra zen anaia txikiari berotasuna ematea. «Gorputzean igurtziak ematen genizkion, eta bata bestearen gainean jartzen ginen, kroketa bat bezala».

Goizaldeko bostak aldera agertu ziren suhiltzaileak: «Ez genuen espero». Arropa, jatekoa eta edatekoa eman zizkieten. Nafarroako ospitalean erietxeratu zuten Jose, hipotermia eta giharretako nekeagatik. Gorputz adarren mugikortasuna berreskuratuta, atzo jaso zuen sendagiria eta etxean da. Mendian bizi izandako esperientzia gogorra izan bada ere, Erreak dio «ikasgai eder bat» ateratzeko balio izan diela: «Elkarri berotasuna emanda, hotzari aurre egin ahal izan genion. Ederra da hori».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.