Rangel Luan Da Rosa. Bidasoa taldeko jokalaria

«Ederra da sentitzea baloi bakar bat ere ezin dizutela sareratu»

Iruñean oraindik gogoratzen dira Rangel Luan Da Rosarekin, haren geldiketak erabakigarriak izan baitziren joan den larunbatean Bidasoak Anaitasunari derbia irabaz ziezaion. Oso gustura dago Irunen.

GORKA RUBIO / FOKU.
Julen Etxeberria.
2019ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
«Baloiak gelditzeko dohaina du». Hitz horiekin aurkeztu zuen Jacobo Cuetara Bidasoa taldeko entrenatzaileak Rangel Luan Da Rosa (Seara, Brasil, 1996), duela urtebete, Irungo taldeak atezain brasildarra fitxatu zuenean. Eta Rangel arrazoia ematen ari zaio teknikariari: bikain ari da. Joan den larunbatean Anaitasunaren aurkako derbian eman zuen erakustaldia da horren adibide: jaurti zizkioten baloien %40 gelditu zituen.

Zenbat jendek zoriondu zaitu azken partidan egindako lan bikainagatik?

Askok: taldekideek, zaleek... Egia esan, lehia biribila atera zitzaidan.

Bidasoan zaudenetik egin duzun neurketa onena izan da?

Ligan, bai. Denboraldi-aurrean ere oso neurketa ona jokatu nuen Tolosaren aurka.

Zer sentitzen du atezain batek halako norgehiagoka eder bat egiten duenean?

Pistan, sentipena duzu baloi bakar bat ere ezin dizutela sareratu. Ederra da sentipen hori. Lehia amaitutakoan, berriz, sentipen hori are ederragoa da, konturatzen zarelako egin duzun lan on horrek balio izan duela taldeak irabaz dezan.

Bidasoak gol gutxi jasotzea, ordea, ez da berria. Ligan gol gutxien sartu dioten taldea da.

Hala da, eta meritu handia du. Defentsa sendo ari da, eta horrek motibatu egiten gaitu atezainak. Eta aldrebes, gu ere ondo ari gara, eta horrek motibatu egiten du defentsa. Hala izan behar du nahi eta nahi ez; elkarrekin doaz biak.

Anaitasunaren aurka zu nabarmendu zinen, baina beste batzuetan Xoan Ledo nabarmendu da. Oreka handia duzue atean.

Biak ala biak ari gara oso lan ona egiten, eta hori oso garrantzitsua da taldearentzat, atepean bat edo bestea egon, eragikontasunak ez duelako behera egiten. Horrek konfiantza ematen die taldekideei. Gainera, biak ondo aritzeak mesede egiten digu Xoani eta niri une oro erne egoteko.

22 urte dituzue biek. Ezohikoa da talde berean bi atezain horren gazte egotea. Ohikoena da eskarmentu handia duen atezain bat izatea gutxienez.

Orain arte, beti izan dut postukide helduago bat. Lehen aldia da nire adineko atezain bat dudana ondoan, eta, egia esan, eskertu egiten dut, pistatik kanpo ere harreman estua baitugu. Horrek ere mesede egiten digu.

Apustu arriskutsua ere bada.

Izan daiteke, baina klubeko kirol arduradunek konfiantza handia erakutsi digute beti, eta hori babes handia da guretzat. Ez dugu beste atezain beterano batzuren eskarmentua, baina gabezia hori sekulako ilusioarekin eta hobetzeko eta ikasteko grinarekin estaltzen dugu. Uste dut ondo ari garela erantzuten klubak emandako konfiantzari.

Akuilurik ez zaizue falta: atezain izandakoak dira presidentea, Gurutz Aginagalde, eta kirol zuzendaria, Asier Zubiria. Gomendioak ematen dizkizuete?

Gurutzekin ia ez dugu hitz egiten. Asier, ordea, asko egoten da gurekin, eta, atezain ohia izanik, beti dago laguntzeko prest.

Iruñean lortutako garaipenak agerian utzi du etenaldiak ez dizuela kalterik egin. Bazenuten kezka hori?

Bai, baina, era berean, bagenekien oso lan ona egin genuela etenaldian. Zorionez, etenaren aurreko jokoari eusten diogu. Are gehiago, esango nuke freskoago itzuli garela. Orain, horri eustea da helburua.

Nola ikusten da mundua sailkapeneko bigarren postutik?

Ederra [barrez]. Poz handia ematen digu, ez baikenuen espero. Hori bai, merezita lortu dugu, oso ondo ari garelako. Hasieran, izan zitekeen ezustekoa, baina jada ez.

Klubean bat datoz denak: taldeak aurrerapausoa eman du. Iritzi berekoa al zara?

Bai. Klubak fitxatuek azkar eta ondo barneratu zuten Jacoboren estiloa, eta, taldean zeudenek lan hori egina zutenez, berehalakoa izan zen emaitza.

Zein da helburua?

Goian jarraitu nahi dugu, eta Europarako sailkatu. Badakigu oso zaila izango dela, baina daukagun guztia emango dugu.

Espainiako Kopa ere aukera ona da.

Ona ez, oso ona, Europarako sailkatzeko biderik laburrena baita. Lau lehia irabazita lor dezakegu.

Urtebete egin berri duzu Irunera iritsi zinenetik. Zein balorazio egiten duzu orain artekoaz?

Oso ona. Oso gustura nago. Hasiera zaila izan zen: Errumanian ari nintzen, eta egun batetik bestera taldea desagertu zen, eta korrika eta presaka etorri nintzen. Hori bai, oso argi nuen hona etorri nahi nuela. Jacobo ezagutzen nuen [entrenatzaile izan zuen Villa de Arandan], eta talde aproposa zen hazten jarraitzeko.

Horretan ari zara etengabe. Azkar hasiko zaizkizu ate joka.

Sasoi honetarako eta hurrengorako kontratua dut Bidasoarekin, eta, egun, hemen dut burua. Oso gustura nago hemen. Ahal dudan lan onena egin nahi dut Brasilgo selekzioan berriz toki bat egiteko.

Brasilgo eskubaloiak gorakada handia izan du azkenaldian.

Brasilgo zenbait jokalari Europako talde handietan ari dira, eta selekzioa ere inoiz baino hobeto ari da. Aldiz, Brasilgo liga oso egoera kaskarrean da. Handik irten beharra dago eskubaloitik bizitzeko.

Zer esaten dizu Tokio hitzak?

Ametsa litzateke han egotea. Horretarako ari naiz lanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.