Irabazi beharrekoa da

Kirolbet Baskoniak Zalgirisi irabazi behar dio gaur Buesa Arenan, beste atzerapausorik ez emateko. Aurkariak bi garaipen gutxiago ditu

Matt Janning, Nate Wolters Zalgirisekoarekin lehian, Kaunasko partidan. EFE.
Julen Etxeberria.
2019ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Azken txanpan da Euroligako liga erregularra. Zazpi jardunaldi besterik ez da falta. Erabakigarriak dira partida guztiak. Potoloa da saria: final-laurdenak jokatzea. Zortzi toki daude jokoan, eta horietako hiruk jada jabea dute, Fenerbahce, CSKA Mosku eta Real Madril sailkatuta baitaude. Argitzeko dago zeintzuk izango diren haiekin batera lehen kanporaketan ariko diren beste bost taldeak.

Gaur-gaurkoz, barruan da Kirolbet Baskonia. Hori bai, mugan dago, zortzigarren baita sailkapenean. Nahikoa estutasunik ez, eta bederatzigarrenarekin berdinduta dago. Zorionez, Bayern Munichek baino puntu alde hobea du. Horri esker dago barruan. Gertu ditu ere hamargarren eta 11. sailkatuak, Maccabi eta Panathinaikos, garaipen bakarrera. Baina dena ez da atzera begiratzea. Izan ere, garaipen bakarrera ditu ere zazpigarrena eta seigarrena, Armani Milan eta Olympiakos. Horrek guztiak agerian uzten du zeinen estu dagoen sailkapena: seigarrenetik 11.era bi garaipen bakarrik daude. Emozioz beterikoa izango da azken txanpa. Indartsuen aritzen direnak sartuko dute muturra lehen zortzien artean.

Baskoniak kosta ahala kosta egon nahi du bertan, eta, horretarako, nahi eta nahi ez pilatu behar ditu garaipenak. Eta asmo horretan, funtsezkoak izango dira hurrengo hiru partidak, etxean jokatuko baititu hirurak: Zalgirisek, Khimkik eta Buducnostek bisitatuko dute Buesa Arena, hurrenez hurren. Gasteiztarren atzetik daude hirurak; beraz, irabazi beharrekoak dira, are gehiago kontuan hartuta azken lau neurketak oso zailak izango direla: Panathinaikosi eta CSKA Moskuri egingo dio bisita, eta Real Madril eta Anadolu Efes hartuko ditu.

Zalgiris da gaur kontrarioa (20:30). Lituaniako taldeak lan bikaina egin zuen aurreko sasoian, hirugarren izan baitzen Euroligan. Denboraldi honetan, ordea, pattal dabil: hamabigarren da, Baskoniak baino bi garaipen gutxiagorekin. Azken jardunaldian, Buducnosti irabazi zion, baina aurretik, zortzi partidetatik zazpi galdu zituen. Kaunasen, 79-87 nagusitu zen Baskonia. Aspaldiko partez, Garino jokatzeko prest da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.