Agur iragarritako baten kronika

Ernesto Valverdek ez du jarraituko Athleticen; lau denboralditan entrenatu du talde zuri-gorria. Arrastoa utziko du, 306 aldiz eseri baita aulkian, beste inor baino gehiagotan. Bartzelona dauka zain

Julen Etxeberria.
2017ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Ofiziala da jada: Ernesto Valverdek Athletic utziko du ekainaren 30ean. Klubak atzo gauean jakinarazi zuen entrenatzaileak ez duela jarraituko talde zuri-gorria zuzentzen datorren denboraldian. Valverdek eta Josu Urrutia presidenteak agerraldia egingo dute gaur goizeko hamabietan, San Mamesen, eta orduan emango dituzte argibideak.

Ekainaren 30ean amaituko da, beraz, Valverdek Athleticen egindako bigarren aldia. Lau urtez jarraian zuzendu ditu aulkitik jokalari zuri-gorriak, 2013tik 2017ra klubean eginiko bigarren aro honetan, 213 partidatan guztira. Inoiz ez zen horrenbeste egon talde batean. Gehienez bi urte egin zituen jarraian, Athletic entrenatu zuen lehen aldian egin zuen moduan, 2013-14ko eta 2014-15eko sasoietan. 93 neurketa ofizialetan eseri zen aulkian orduan. Beraz, guztira 306 aldiz zuzendu du Athletic, beste inork baino gehiagotan —Javier Clementeren marka (289) gainditu du sasoi honetan—.

Estatistika oso onak lortu ditu Valverdek Athletic zuzendu dituen sei denboraldietan: 140 aldiz irabazi du taldeak —Clementek garaipen bat gehiago lortu zuen (141)—, 68 aldiz berdindu eta 90 aldiz galdu. Haren aginduetara, gainera, talde zuri-gorria beti izan da sailkapeneko erdialdetik gora: behin izan da laugarren, bitan bosgarren, behin zazpigarren eta bitan bederatzigarren. Hura aulkian zela irabazi du, halaber, Athleticek titulu bakarra azken 33 urteetan, 2015ean irabazitako Espainiako Superkopa, hain justu. Modu ikusgarrian lortu zuen, gainera, Bartzelona ahaltsuari astindua emanda (5-1).

Hain zuzen ere, Kataluniako taldea izango da ustekaberik ezean Valverderen hurrengo taldea. Luis Enriquek aspaldi jakinarazi zuen ez duela jarraituko, eta hori esan zuen unetik bilakatu zen Valverde hura ordezkatzeko faborito nagusia. Bartzelonak aspaldi dauka begiz jota, eta behin baino gehiagotan saiatu da hura konbentzitzen. Ezezkoa jaso izan du beti, baina badirudi oraingoan lortu duela helburua. Bartzelonak astelehenean du asmoa haren fitxaketa ofizial egiteko, Espainiako Kopako finala jokatutakoan.

Ordezkoa, Ziganda

Behin Valverdek ez duela segituko baieztatuta, klubak aurki jakinaraziko du nork ordezkatuko duen. Ezusterik ezean, Jose Angel Ziganda Kuko izango da aukeratua. Athleticen asko maitatu zuten futbolaria izateaz gain —zazpi denboraldiz aritu zen talde zuri-gorrian, 1991tik 1998ra, eta 291 partida jokatu zituen—, gorengo mailan eskarmentua duen entrenatzailea da. Osasuna eta Xerez zuzendu zituen. Ez zuen aparteko lanik egin, baina badaki zer eskatzen duten Lehen Mailan. Gainera, esperientzia handiagoa dauka.

Baina, batez ere, Lezamako egunerokoan erakutsi duen mailak konbentzitu du Urrutia. Zazpigarren sasoia du Athletic B-n, eta ikaragarria da egin duen lana. Hemeretzi urteren ostean, taldea Bigarren Mailara igotzeko gai izan zen 2014-15eko denboraldian. Halere, askoz balio handiagoa ematen diote gazteekin egiten ari den lanari: onenen artean lehiatzeko prestatzen ditu. Lezamako teknikari gehienek txalotu dute haren ekarpena, baita presidenteak berak ere. Etxea ezagutzeaz gain, ia jokalari guztiak zuzendu ditu. Hori abantaila handia da. Urrutiaren agendan ez omen dago beste entrenatzailerik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.