«Lehen ez zuen prestigioa eskuratu du komikiak»

mikel lizarralde
Donostia
2018ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Komigilea ez ezik, Ikastolen Elkarteak kaleratzen duen Xabiroi aldizkariaren editorea ere bada Dani Fano, hasiera-hasieratik. Hamahiru urte daramatza horretan, eta ikusi du nola joan den hazten euskal komikigitza urte hauetan guztietan.

Komigintza asko aldatu da azken hamarkadan?

Asko aldatu da. Aldaketa ikaragarria izan da. Xabiroi basamortu baten erdian sortu zen. Ipurbeltz artean bazegoen, baina oso gazteentzako aldizkaria zen, eta falta zen beste dena. Eta gero gertatu da beste fenomeno bat, mundu guztian gertatu ere. Komikiak lantzen dituen gaiak asko ugaritu dira. 1980ko hamarkadan, gai eta modu oso antzekoak erabiltzen ziren; orain, berriz, asko zabaldu da. Horrek ekarri du beste irakurle mota bat, lehen komikira hurbiltzen ez zena. Guk asko hobeto dugu, inguruko egoera ere aldatu delako.

Zein aldetatik?

Euskalgintzako agenteek ez diote komikiari behar zuen arreta jarri izan, eta orain hasi dira jartzen. Agente, argitaletxe, erakunde gehiagori bururatzen zaio istorio bat komikiaren lengoaiarekin zabaldu daitekeela. Xabiroi-ren inguruan lortu dugu egile sare bat egonkortzea, baina horretarako behar duzu denboran mantenduko den medio bat... Lehen ez genuen elkarren berri, eta orain bai. Eta horrek kristoren magma eratzen du gauza berriak sortzeko.

Komikipediaren datuen arabera, 2010-2014 urteen artean bost eta hamabi lan artean atera ziren urtero. 2015ean, hemeretzi, eta 2017an, 29.

Agian zenbaki potoloegietan ari gara sartzen, zeren eta guk ere ezingo dugu hainbeste lan geuretu urtean. Baina, dena dela, asetasunetik urruti gaude. Nik uste dut 20-25 berritasunen artean egonkortuko dela, eta hori eramangarria izango dela. Gure ustea da bazegoela gose bat, irakurle potentzial bat, aukera izan duenean erantzun duena. Gure albumen salmenta onak ditugu, eta jarraituko dugu argitaratzen. Egileen egoera prekarioa ez da hobetu, baina irakurle gisa bizi dugu garai oso interesgarri bat.

Komikilariak sortzearekin batera, literatura idatzian aritu izan diren hainbat egilek ere komikira jo dute euren istorioak kontatzeko. Zeren ondorio izan da?

Ezagutu dute medioa, eroso sentitu dira, eta ikusi dute beste tresna bat dutela lan egiteko. Orain dela gutxi idazle ezagun batek deitu zidan ideia bat zuelako, eta komikian ikusten zuelako. Orain dela hogei urte hori pentsaezina zen. Ez ginen prestigioa eskuratzen ari gara. Ez dakit modan gauden, baina, behintzat, lehen baino biziago daude.

Nahikoa laguntza dago?

Zaila da hori kuantifikatzea, zer den nahikoa. Nik nahiko nuke eraikuntza enpresen laguntzak izan! Baina, niri dagokidanez, esan dezaket Xabiroi-k beti izan duela laguntza. Nahikoa? Tira, gehiago jasoko bagenu, bada, hobeto! Sorkuntzarako laguntzak ere atera ditu Eusko Jaurlaritzak, eta horrek ekarriko du sortzaileak baldintza onetan lan egin ahal izango duela. Horrek egonkortuko du gure industriatxo hau. Nik, diru laguntzak baino gehiago, eskatuko nuke laguntza gure lana zabaltzeko. Batez ere, komunikabide publikoen aldetik. Lotsagarria iruditzen zait ETB-n zein leku txikia duten gure sortzaileen lanak eta produkzioak. Uste dut hausnarketatxo bat egin beharko luketela.

Baduzu proiekturik eskutan?

Orain hasiko naiz, Koldo Izagirrerekin elkarlanean, Elgetari buruzko komiki batekin Xabiroi-n. Sail bihurtuko da, eta gero album formatuan kaleratuko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.