Ajuria Eneko Itunaren sorrera. 30. urtemuga

Mugarri bat ezarri zuen ituna

Atzoko egunez, duela 30 urte, Ajuriaeneko Ituna sinatu zuten EAJk, PSEk, EAk, EEk, CDSk eta APk. Normalizazioa eta bakea lortzeko egin bazen ere, ezker abertzalea politikoki zokoratzea ekarri zuen
Ajuriaeneko Mahaiaren bilera, 1998ko urtarrilean, itunak hamar urte bete zituenean:Alfredo Marco Tabar (CDS), Inaxio Oliveri (EA), Txiki Benegas (PSE), Jose Antonio Ardanza (Jaurlaritzako lehendakaria), Kepa Aulestia (EE), Xabier Arzalluz (EAJ) eta Julen Gimon (AP).
Ajuriaeneko Mahaiaren bilera, 1998ko urtarrilean, itunak hamar urte bete zituenean:Alfredo Marco Tabar (CDS), Inaxio Oliveri (EA), Txiki Benegas (PSE), Jose Antonio Ardanza (Jaurlaritzako lehendakaria), Kepa Aulestia (EE), Xabier Arzalluz (EAJ) eta Julen Gimon (AP). BERRIA

Edurne Begiristain -

2018ko urtarrilak 13
Euskal gatazkaren arorik krudelenetakoan zegoen Euskal Herria duela 30 urte. Garai zailak ziren, ETAren eta estatuen indarkeriaren gurpil zoro batean murgilduta baitzegoen euskal gizartea. 1988an PSOEk agintzen zuen Espainian, eta jeltzaleek eta sozialistek koalizio gobernua osatzen zuten EAEn. Giro horretan, ETAren aurkako ituna sinatu zuen PSOEk Espainiako Gorteetan ordezkaritza zuten alderdiekin — EArekin eta HBrekin salbu—. Madrilgo akordioa EAEn errepikatzeko enkargua jaso zuen orduan Jose Maria Benegas Txiki sozialistak, eta Jose Antonio Ardanza lehendakariarekin batera martxan jartzea lortu zuten. 1988ko urtarrilaren 12an, Euskadi Normaltzeko eta Baketzeko Hitzarmena —Ajuriaeneko Ituna— sinatu zen.

Duela 30 urte, atzoko egunez, Ajuriaeneko jauregian eta mahai baten bueltan, HB ez gainerako alderdietako ordezkari banak sinatu zuen hitzarmena, Ardanza lehendakariaren gidaritzapean. Ardanza bera, Jose Maria Benegas (PSE), Xabier Arzalluz (EAJ), Iñaxio Oliveri (EA), Kepa Aulestia (EE), Alfredo Marco Tabar (CDS) eta Julen Gimon (AP) izan ziren itun horren sinatzaileak. Ordura arte ikusi gabeko konplizitatea erakutsi zuten alderdiek ETAren indarkeriaren aurkako printzipioak adosterakoan.

Akordioak mugarri bat ezarri zuen euskal politikan, eta aro politiko berri bat zabaldu zuen, batez ere demokraten eta biolentoen arteko marra ezartzeko balio izan zuelako. ETAren indarkeriari zilegitasuna kentzeko itun gisa aurkeztu bazen ere, ezker abertzalea politikoki zokoratzea eta bakartzea ekarri zuen akordio hark, beste ezer baino gehiago.

Hamazazpi puntu zituen Ajuriaeneko Itunak, bi ardatzen inguruan: normalizazio politikoa eta baketzea. 7., 8., 9., eta 10. puntuek biltzen zuten itunaren muina. Atal horietan, ETAren jarduera gaitzesteaz gain, indarkeria babesten zutenei dei egiten zitzaien bide «demokratikoekin» bat egiteko. Gainera, ETAk indarkeria uzteko borondate argia erakutsiz gero, irtenbide elkarrizketatu baten aldeko apustua egiten zuten akordioaren sinatzaileek. Presoen auzian, haien gizarteratzea babesten zuten, baldin eta biolentzia uzteko borondate argia erakusten bazuten. Bidenabar, Gernikako Estatutuak finkatzen zuen esparruari onespena ematen zioten sinatzaileek akordioaren bitartez.

Orduko elkar ulertzea lorpen handia izan zela adierazi diote Ardanzak eta Aulestiak BERRIAri. Lehendakari ohiak nabarmendu du HBk salbu gainerako alderdiek «ahalegin handia» egin zutela ados jartzeko: «Denok ginen demokratak, eta argi genuen jarrera batzuk ezin zirela biolentziarekin inposatu. Mezu hori bidali nahi genien ETAri eta haren inguruko munduari». Aulestiak, berriz, argi dauka ituna «beharrezkoa» zela eta mugarria izan zela: «Bloke demokratikoa zeritzonaren kontzeptua ospetsu egin zen, eta marra bat jarri genuen biolentzia justifikatzen zutenen eta horren aurka geundenon artean».

Bi blokeen arteko marra ezartzeak areagotu egin zituen, ezbairik gabe, ezker abertzalea politikoki bakartzeko saialdiak. Ordurako tenkatuta zegoen giroa mikaztu egin zen itunaren ostean, eta Herri Batasunaren eta gainerako indar politikoen arteko distantzia handitu. Jarrai gazte erakundeko arduradun politikoa eta HBko Nafarroako parlamentaria zen Floren Aoiz Ajuriaeneko Ituna sinatu zenean. Akordioak oroitzapen mingotsak dakarzkiola aitortu dio Aoizek kazeta honi: «Ezker abertzalearen eta independentismoaren aurkako eraso gisa hartu genuen ituna. Sentitu genuen gure aurkako erabaki bat izan zela».

Bi hilabete lehenago Espainiako alderdi politiko nagusiek ETAren kontra Madrilen sinatutako akordioaren «antzezpena» izan zela uste du Aoizek, sakoneko helburua ezker abertzalea politikoki bakartzea zelako: «Finean, Madrilgo erabaki bat izan zen. Guk interpretatu genuen txeke zuria eman zitzaiola estatuari errepresioaren bidean independentismoaren aurka aritzeko».

Negoziazio luzeak

Ituna sinatu aurreko hilabeteetan, 1987ko ekainaren 19an, ETAk atentatua egin zuen Bartzelonako Hipercor supermerkatuaren aurka, eta 21 lagun hil zituen. Erasoaren ondorioek gogor astindu zuten euskal gizartea, eta Ardanzak argi zeukan egoera larri horri erantzun beharra: «Egoera oso larria eta zaila zen, eta gizarteak politikarioi eskatzen zigun zerbait egiteko. Denok sentitzen ginen egoeraren errudun».

Elkarrizketa sorta hasi zuen lehendakariak alderdi guztiekin, akordio bat lortzeko asmoz. Negoziazioak ez ziren samurrak izan, Ardanzak berak aitortu duenez. Jarrerak urrun samar zeuden, eta «eszeptizismo handia» zegoen alderdien artean, baina elkarrizketekin aurrera jarraitzea erabaki zuen lehendakariak. Lehen bilera sortan ohartu zen nekeza izango zela ados hartzea, eta bigarren hartu-emanetara oinarrizko dokumentu bat eraman zien alderdiei, haiek ekarpenak egin ziezazkioten. Ordurako, HB negoziazioetatik kanpo zegoen, eta gainerako alderdiekin hizketan jarraitu zuen Ardanzak, baina arrakasta handirik gabe.

Elkarrizketak blokeatuta zeudenean, ETAk Zaragozako Guardia Zibilaren kuartelaren aurkako atentatua egin zuen, eta 11 lagun hil. 1987ko abenduaren 11n izan zen. Atentatuak gizartean sortutako atsekabea baliatu zuen Ardanzak ordurako impasse egoeran zeuden elkarrizketei beste bultzada bat emateko. «Gertaera horrekin konturatu ginen zerbait egin behar genuela, ezin ginela besoak gurutzatuta gelditu». Alde guztiak bilera batera deitu zituen Ajuriaeneko jauregira, han behin betiko akordioa lortzeko esperantzarekin. Bilerek hiru egun iraun zuten, testu baten inguruan ados jarri ziren arte.

Zailtasunak ere izan ziren itunaren edukia eztabaidatzerakoan. Ardanzak dioenez, PSEk «terrorismoaren aurkako akordio hutsa» nahi zuen, Madrilen sinatutakoaren antzekoa: «Txiki Benegasi esan nion hori ez zela akordio antiterrorista bat, eta era positiboan planteatutako ituna behar genuela. Eta hala egin genuen».

Ituna lortzeko negoziazioen inguruko oroitzapen gozoa dauka Aulestiak: «Giro onean egin ziren bilerak, konfiantza giroan». Euskadiko Ezkerrako buruzagi ohiak azpimarratu duenez, ituna lortzeko ezinbestekoa izan zen «sukalde lana», bereziki Ajuriaenean zeuden bi alderdiena. Nolanahi ere, argi du alderdiek ez zutela asmorik izan inolako protagonismorik eta etekin politikorik lortzeko. Hala ere, Euskadiko Ezkerrak hitzarmen horretan izan zuen garrantzia nabarmendu da azken urteotan, eta Aulestiak aitortu du EE «gakoa» izan zela akordioan.

Porrota eta gabeziak

Ajuriaeneko Itunaren ibilbidea gorabeheratsua izan zen, egoera politikoak eta barne tentsioek baldintzatuta. 1997ko uztailean, ETAk Miguel Angel Blanco PPko zinegotzia bahitu eta hil ondoren, goia jo zuen itunaren moldeak, eta 1998rako amaitutzat eman zen haren bidea.

Gaurtik begiratuta, hitzarmenari buruzko balorazio oso ezberdina egiten dute Ardanzak, Aulestiak eta Aoizek. Bakea lortzeko balio ez bazuen ere, Ardanzak ez du porrot gisa ikusten: «Porrota ETArena izan zen, hura eta haren ingurua konturatu zirelako euren bidetik ez zegoela zer eginik». Ajuriaeneko Itunaren ostean etorri zen Lizarra-Garaziko Akordioa, eta ondoren Loiolako elkarrizketak, baina Ardanzak argi du ETAk «zapuztu» egin zituela bakea lortzeko aukera guztiak: «ETAk galdu egin zituen bere jarduera elkarrizketaren bidetik amaitzeko eskaini zitzaizkion tren guztiak ».

Hiru hamarkadek ematen duten perspektiba baliatuta, itunaren interpretazio «kritikoa» egiten du orain Aulestiak, uste duelako hainbat «hutsune» agerian utzi zituela. Biktimak aipatu ditu lehenik: «Ez ginen konturatu biktimak jarri behar zirela soluziobidearen erdigunean». Bestetik, argi du okertu zirela pentsatzean ETA bakartuta ezker abertzalea «esparru komun» batean integratzea lortuko zutela. Azkenik, sinatzaileek pentsatu zuten akordioak berez egingo zuela bidea eta bere helburuak lortuko zituela, baina huts egin zuten: «Ez genuen kudeaketa estrategikorik egin, eta, bederatzi urteren buruan, akordio hura paperean geratu zen».

Aoizen ustez, bestalde, ituna «kaltegarria» izan zen Euskal Herriarentzat eta ezker abertzalearentzat, EAJk «gerra zikina eta tortura erabiltzen zutenekin sinatu zuelako hitzarmena». Gainera, azpimarratu du ezker abertzalearen aurkako «jazarpen politikoa normalizatzea» ekarri zuela: «Salbuespen neurrien justifikazioen bidean mugarri handia izan zen Ajuriaeneko Ituna. Hor landatu zen hazia».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Edurne Begiristain

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna