Aitor Renteria.
2014ko Iparraldeko herri bozak. Bigarren itzuliaren ondorena. Analisia

Ereduen higadura

2014ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Nagusi da ezkerra Baionan, eta, hala ere, zentro-eskuinak atxikiko ditu hiriko giderrak ondoko sei urteotan. Etxeto sozialistak 26 bozengatik galdu du kargua, 30 hautesleku toki zirelarik. Eta errua berarekin bat egitea onartu ez duten zerrenda abertzale eta ezkertiarrena da Etxetoren iritziz. Txistuka hartu zituzten hautagai abertzale-Ezkerreko Frontekoak Herriko Etxean. Eskua zabaldu ziela erran zuen Etxetok, bertzeek hartu nahi ez. Alta, mende erdi batez zentro-eskuinak Lapurdiko hiriburua ukan ondoren, ezkerreko gehiengoa izanik, auzapez ez izatearen errua bere erantzukizuna da oinarrian.

Lapurdi hegoaldeko hirietan abertzale eta sozialisten arteko akordioa posible izan da. Baiona eta Angelun, ez. Horren arrazoia Ipar Euskal Herriarentzako instituzioarekiko ezadostasuna da nagusiki, euskararekiko jarrera. Txarrago oraindik, hauteskunde kanpainan egin diren «mehatxu», tindaketa, dei anonimoak eta afixen desitxuraketak ez du hurbiltzea erraztuko. Zerrendaburuak ikusi ez duena zerrendako bigarren den Colette Capdeviellek ikusi du. Porrota jaso eta biharamunean, hego Lapurdiko eredua aztertzera deitu ditu sozialistak. Egindako hautu estrategikoa okerra zela adierazteko bidea. Ezagutza instituzionalaren aldarria gero eta handiagoa dela dio Capdeviellek, Baionan hartutako kontrako norabidean eta, batez ere, berandu.

Iriart zerrendaburu abertzaleak onartu du zerrendako heren batek abantzu sozialisten alde bozkatu duela. Azterketa zorrotza eta pausatua egin behar dela azaldu du, egun ezinezkoa dena, etorkizunean posible bihurtzeko asmoz. Herriko Etxearen gakoa abertzaleen esku zen. Abertzaleekin tratua lortzearena, aldiz, sozialisten esku.

Angelun arazo bera ukan du jakobinismoaren ikur den Espilondo sozialistak. Errepublikaren balioak hain ditu bere, non bidelagunik ez duen atzeman bigarren itzulirako. Abertzale eta ezkerreko bertze indarrengana heltzeko zubiak mozturik zituen. Diagnosia bera bi hirietan. Instituzioari buruzko jarrerak ekidin ditu akordioak.

Abertzaleek egindako emaitzek, bi itzulietan, bertze ezker baten eredua badagoela erakutsi dute. Engoitik, sozialistek ondoan dituzte Ezkerreko Fronteko indarrak eta bereziki, ezker abertzalea. Aniztasun horretan elkarrenganako zubiak eraikitzen ikasi beharko dute. Abertzaleek herri gehienetan egin dute gora, baina lehen aldiz %10eko langa gainditu arren Lapurdi iparraldeko eremua aldapatsua dute, Miarritze, Bokale edo Angelu adibide. Programak garatu eta ondoko urteotarako alternatibak eraiki beharko dituzte, akordioetarako gutxieneko oinarriak finkatuz.

Akordioa zuten abertzaleek eta sozialistek Lapurdi hegoaldeko lau herritan. Hirutan porrota, eta bakarrean garaipena, Hendaian. Alta, Uztaritzeko adibideak erakusten du presak eta berehalako garaipen goseak ez duela uztarik ekartzen. Duela sei urte, gutxigatik ez zuten eskuratu abertzaleek Lapurdiko hiriburu historikoa. Orduan falta izan zuten sinesgarritasuna, eskuratu dute. Lanerako eredu.

Pariseko gobernuak ezezkoa eman zion Lurralde Elkargoaren eskariari, eta goiz ala berandu, Lurralde Kontratuaren ondotik, proposamena egin beharko du. Alta, engoitik, eskuinaren esku geldituko dira Herri Elkargo gehienak. Berriz ere, aldaketaren motore izateko aukera galdu dute sozialistek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.