Euskararen Eguna

Zapalkuntzak eta erasoak salatzeko eguna

Donostiako euskaltzale talde batek euskaldunek jasaten dituzten erasoak salatzeko dinamika bat sustatu du sarean: '#EuskaldunokPlanto'. Euskararen Eguna borroka eta aldarrikapen eguna izatea nahi dute.

Eskubide urraketak salatzeko protesta bat, iaz, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Ostatu batera joan, hatzaz keinu eginez bi garagardo eskatu, eta erantzun txarra jasotzea. Eta, gainera, gaizki sentitzea. Eta, gutxi balitz, barkamena eskatuz erdarara jotzea. Edo gazteleraz eta frantsesez soilik idatzitako afixak, mezuak eta ikastaroak ikustea. Euskaraz egiteagatik irainak eta mespretxuak jasotzea. Askotarikoak dira euskaldunek egunerokoan jasotzen dituzten erasoak eta zapalkuntzak, eta horiek ikusarazteko asmoz dinamika bat abiatu zuten atzo Twitterren, #EuskaldunokPlanto traola erabilita. Donostiako euskaltzale talde batek sustatu zuen dinamika, helburu argiarekin: «Lehenik, erasoak salatzea eta ikusaraztea, eta, ondoren, ahalduntzea». Halaxe azaldu du Izarne Zelaia Arratibelek, talde sustatzaileko kideetako batek.

Horretarako, Twitterren zapalkuntza egoerak islatzen dituzten testigantzak idazteko eskatu zieten herritarrei, eta anitzek jarri zituzten sarean egunerokoan bizi izandakoak. «Aitzakia bat da hausnartzen hasteko: 'Nik zein eraso bizi izan ditut nire bizitzan zehar?' Oso sistematizatuta eta barneratuta dauzkagu», azaldu du Eneka Alvarez Loidik.

Joan den urteko azaroan erabaki zuten Donostiako euskalgintzan zebiltzan hainbat herritarrek elkartzea, Bagera elkarteak antolaturiko jardunaldi batzuen ondoren: «Konturatu ginen bazegoela hutsune handi bat: eskubide urraketen aldarria nola egin», dio Alvarezek. «Ikusten genuen eraso hitza bera edo erasoaren ikuspegia ez zegoela oso zabalduta», osatu du Zelaiak. Alvarezek nabarmendu du norbanakoaren gainean jartzen dela maiz euskaraz mintzatzearen ardura: «Euskara erabili behar dugu, maitatu behar dugu, 'Ez badugu guk erabiltzen nork erabiliko du?'...». Maiz entzuten diren esaldiak. Baina, Alvarezen ustez, «arduradun politikoak» daude: «Egoera soziolinguistikoa ez da kasualitatearen ondorio». Eta arduradun horiek ere seinalatu zituzten atzo, kanpainaren bitartez.

Deialdia atzoko egunerako egin izana ere ez da kasualitatea. Izan ere, Alvarezek salatu du Euskararen Eguna «folklorizatua» dagoela, eta instituzioek euren burua «zuritzeko» erabiltzen dutela maiz: «Gaurko eguna iristen da, eta 'dena ondo'». Haiek «irauli» egin nahi zuten eguna, eta «aldarrikapenerako eta borrokarako egun» bilakatu: «Zeren egoera ez baitago ospakizun handietarako. Oraindik asko dago egiteko».

Zelaiak uste du norberari gertaturiko erasoak ikusarazteak laguntzen duela hizkuntza eskubideen urraketak ulertzen: «Badirudi hizkuntza bati eraso egiten zaiola, zerbait abstraktuari, baina, azkenean, erasoak euskaldunok jasaten ditugu: hor jarri nahi genuen fokua. Hizkuntz eskubideak urratzen dira, baina zuzenean guri egiten digute eraso».

Feminismoaren iturritik

Erasoa, botere harremanak, ahalduntzea... «Asko elikatu gara feminismoaren iturrietatik», azaldu du Zelaiak. «Mugimendu feministatik asko ikasi dugu. Askotan sentitu dugu ispilu bat», Alvarezek. Zelaiaren arabera, Idurre Eskisabelen eta Lorea Agirreren Trikua esnatu da liburua da taldearen «Biblia»: «Erreferentzia garrantzitsua izan da ohartzeko eraso horiek gorputzean sentitzen ditugula, hizkuntzaz aldatzea eskatzen digutenean, adibidez». Izozmendiaren irudia ere erabili dute: «Hizkuntzaren auzian ere gertatzen da: azkenean, sistema oso bat dago naturaltzat jotzen ditugun eraso horiek guztiak sostengatzen dituena».

Abiapuntua baino ez zen izan atzoko kanpaina, sustatzaileen hitzetan. Alvarez: «Borroka egun bezala ulertu nahi dugu Euskararen Eguna, baina aurten horrela harrapatu gaitu». Koronabirusarekin, alegia. Ahal den heinean, «kalean» jarraitu nahiko luketela azaldu du Zelaiak: «Gure aletxoa jarri nahi genuen kanpainarekin, eta zerbaiten hasiera izan badaiteke, hala izan dadila».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.