EIPK: «Presoen auzian bezala, iheslarienean ere urratsak egiteko ordua da»

Erredakzioa
2017ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
«Zinez urte beltza» izan da 2016a euskal iheslarientzat. Hala adierazi du EIPK Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak, Sarek biharko Bilbon antolatutako manifestaziora (17:30, Casilla) dei egiteko prentsa oharrean. Egoera okertu egin dela esan dute, atxiloketak, «jazarpena» eta estradizioak aipatuta. «Artatze egokirik gabe» erbestean gaixotu eta iaz hil ziren bi iheslariak oroitarazi dituzte: Angel Aldana —apirilean zendu zen, Venezuelan— eta Gaizka Sopelana —abuztuan Mexikotik itzuli, eta azaroan hil zen—.

2013an Miarritzen aurkeztutako bide orria ere ekarri dute gogora. Hiru «korapilo» aipatu zituzten han: «Tortura eta lege antidemokratikoen ondorioz» hasitako prozedura judizialak bertan behera uztea; gaitz larriak dituzten iheslarien eta bazterketa egoeran direnen kasuak aztertzea; eta desagertzeei, hildakoei eta bestelako kalteei buruzko memoria lana egitea, «berriz gerta ez daitezen». «Presoen auzian bezala, ordua heldu da iheslarien alorrean ere urratsak egiteko».

Sareren martxari babesa

EH Baik, Sortuk, Aralarrek eta Alternatibak ere deitu dute Sareren martxara. EH Baik nabarmendu du «euskal presoak askatzea ahalbidetuko duen konponbide baten alde» dagoela gizartea: «Luhusoko [Lapurdi] gertakariek argi erakusten dute Frantziako eta Espainiako estatuek euskal jendartea dutela aurrean».

Sortuk «askapen prozesuan» kokatu du auzia. «Haustura demokratikoaren» alde egin du, eta EPPKren eztabaidak «askapen prozesuan aurrera egiteko aukerak biderkatuko» dituela esan. Aralarren ustez, «amnistia da gatazka politiko bati dagokion irtenbidea, eta, amnistiaren bidean, Bilbon izango gara». Alternatibak esan du giza eskubideen alde «aitzakiarik» gabe egin behar dela: «Presoen eskubideen alde egitea bidegabekeria jasaten dutenekiko elkartasuna sentitzen duten guztien ardura da».

Hiru eta CGT sindikatuek ere egin dute bat manifestazioarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.