Euskaraldia. Herriz herriko martxa

Hauspoa euskalgintzari

Aktibazioa eragin du jada Euskaraldiak: herri ugaritan berpiztu du euskaltzaleen mugimendua, eta antolaketan hasi dira. Gizarte eragileak eta erakundeak batera aritzea dute erronka bat. Sumatzen dute beste zeregin bat ere: gazteengana iristea.

Hauspoa euskalgintzari.
Garikoitz Goikoetxea.
2018ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Aktibatzea, hiztunak aktibatzea du helburu Euskaraldiak. Urte erdi falta da, eta jada aktibazioa martxan dago herri askotan eta askotan: Euskaraldirako izena eman dute 300 udalerrik baino gehiagok. Batzordeak osatu dituzte, aurkezpenak eta mintegiak egin. Mugimendua nabari da Euskaraldiaren bueltan; aspaldiko urteetan ikusi gabeko giroa euskaltzaleen taldeetan. Elkarlan eredu berrietarako proba ere bada Euskaraldia, herrietako gizarte eragileak eta instituzioak eskuz esku aritzea baitu jomugan.

Orain arte, 342 herrik eman dute izena Euskaraldian parte hartzeko. Zazpi herrialdeetako udalerriak daude tartean, eta zazpi hiriburuak ere bai. Hiztun gehienak bizi diren herriek, beraz, parte hartuko dute Euskaraldian. Bigarren txanda uda ondoren iritsiko da: herritarren izen ematea. Ahobizi edo belarriprest izan nahi duten adierazi behar dute, eta dagokien txapa jasoko dute orduan.

Kezka garaiak izan dira euskalgintzan: geldialdia erakutsi dute datuek, euskararen erabilera geldialdian dagoela, eta, areago, beherakada zantzuak ere ageri dira.

Mugimendua hedatzen

Beherakada zantzuak ageri diren udalerrietako bat da Bermeo (Bizkaia). Kaleko erabilera inoiz baino baxuagoa neurtu zuten azken aldian: %34 euskaraz. «Datu kezkagarriak izan ziren, baina buelta eman ahal diogu. Badaukagu horretarako aukera: hamar bermeotarretik bederatzik ulertzen dute euskara». Aitziber Arregi mintzo da, Bermeoko Euskaraldiko eragilea. Mugimendua sortu da herrian. «Kike Amonarrizen hitzaldi bat izan genuen abenduan, eta hor hasi ginen taldea sortzen». Hogei herritar ari dira batzordean.

Amonarrizen hitzaldi bat izan zen txinparta beste herri batean ere: Zarautzen (Gipuzkoa). «Oso arrakastatsua izan zen; jende asko piztu zen». Euskara elkarterik ez dute izan Zarautzen, eta jendea biltzen hasi zen. Batzorde bat dute martxan, Rita Aldabaldetrekuk azaldu duenez: «Kulturaren arloa eta erabilerarena ditugu. Erabileraren arloak bat egin du Euskaraldiarekin, eta 30 bat kide ari gara: herritarrak eta udala». Lehen urratsetan dihardute.

Tolosaldean ere (Gipuzkoa) hedatze betean daude. Galtzaundi euskara taldea Tolosan jardun da azken urteetan, baina eskualdeko 28 herrietara zabaldu da orain. «Eskualdetzearekin lotu dugu Euskaraldia», azaldu du Imanol Artola ordezkariak. «Herri bakoitzean talde motor bat sortzea da gure nahia». 28 herrietan kaleko erabilera neurtu dute, Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearekin elkarlanean, eta herrietan aurkezten ari dira orain.

Beste herri batzuetan beroketa egina dute jada: aurreko urteetan egin dituzte gisa bereko egitasmoak. Agurain (Araba) izan zen aitzindarietako bat; 2016ko azaroan, 75 orduko proba egin zuten. «Amaitu zenean, antolakuntzako bost-sei lagunek konpromisoa hartu genuen taldeari eusteko», kontatu du Asier Lafuente ordezkariak. Buruan zerabilten aurtengo azaroan eskualdean egitea aktibazio egitasmoa, baina, Euskaraldia ikusita, horra moldatu dira.

Lapurdin, Baiona-Angelu-Miarritze eremuan egin zuten horrelako egitasmo bat azaro-abenduan. Inguruko eskualdeetara zabaltzea dute erronka. Pixkanaka ari dira; Amikuzen (Nafarroa Beherea), esate baterako. «Ez da zinezko mugimendurik oraingoz, baina berria zabaltzen ari da». Pitinka ari direla adierazi dute eskualdeko taldeko kide Amaia Etxandik, Mirentxu Intzagaraik eta Laida Harluxetek. «Agian, ilusio bat nabarituko da geroago, uda bukaeran hain segur gehiago».

Beste eragile batzuk

Batzordeak osatuta, zabaltze lanean ari dira herri gehienetan. «Argi dugu ez dugula nahi soilik euskara elkarteko kideok antolatzea: beste elkarteak, udala, guraso elkartea... Jende berria», kontatu du Atarrabiako (Nafarroa) Karrikaluze elkarteko kide Maider Iriartek. Aliatuak biltzea da gakoa. «Gure kasuan, ikastetxeetan indar handia dago: eskualdeko 6.000 familiarengana heltzen gara bide horretatik», adierazi du Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluko kide Aitziber Alavak. Zabalkundearekin baikor dira herri gehienetan. Zarautzen, adibidez, pozik daude: «Saretze lanean ari gara mota guztietako eragileekin, eta sekulako harrera izan dugu».

Erakundeak ari dira parte hartzen gutxi asko batzorde horietako gehienetan. Agurainen, adibidez, ez zuten horrela egin 2016ko egitasmoa. «Dena era boluntarioan egin genuen, autofinantzaketaz; orain, hori desaktibatu gabe, erakundeekin elkarlanean». Arrigorriagan (Bizkaia) azken bi urteetan antolatu dituzte gisa bereko egitasmoak. «Udalak hasieratik parte hartu zuen antolatze lanetan, elkarlan estiloa errotu zen, eta asko hazi zen inplikatutako taldea», kontatu du Karmelo Aiesta kideak. Euskaraldiak hori areagotu egingo duela uste du, Euskal Herri osoko eragileak tartean izanda. Herritarrei mezu hori eman behar zaiela nabarmendu du Bermeoko ordezkariak: «Jendeak jakin gura izaten du atzean nor dagoen: ados gaude eragile guztiak, denen babesa dauka, eta oso inportantea da hori jakitea».

Gazteak eta 'belarriprestak'

Herritarrengana iristeari dagokionez, sektore bat aipatu dute herri askotan: gazteak. Arrigorriagan, esaterako: «20-35 urte artean izan zen iaz izen ematerik ahulena. Gazte taldeekin batzen ari gara Euskaraldia euren erara sustatzera animatzeko». Bermeoko ordezkariaren ustez, hori egin behar da, oro har: «Sektoreka joan nahi dugu, eta bakoitzean ikus dezatela zer egin dezaketen. Herritarrei beti esaten diegu zer egin behar duten. Ez. Guk galdetu egin diegu zer egin behar duten».

Batzordeei eurei dagokienez, ohar bat egin dute Zarauzko eta Tolosaldeko ordezkariek: emakume gehiago ari dira parte hartzen. Beste herri askotan ere bai.

Euskaraldiko rolei dagokienez, belarriprestak bilatzea ere lehentasunen artean dute: batzordeetan ari diren gehienak euskaltzaleak dira, ahobizi rola izan dezaketenak, eta belarriprest gutxiago izatea dakar horrek. Lizarrako (Nafarroa) taldeko kide Rakel Herrerok, adibidez, ohar hori egin du: «Belarriprestak behar ditugu, rol hori indartu. Buruan dugu mintzodromo bat egitea, ahobiziekin eta belarriprestekin, elkarrizketa elebidunetara ohitzeko».

Euskaraldiaren mezua zabaltzeko, hamaikakoak osatzen ari dira. Euskal Herrikoa aurkeztu zuten orain hilabete, eta herrietan ere ari dira: sarea osatu nahi dute horien bidez. Amikuzen ere asmo hori dute: «Sare handiago bat osatu nahi genuke herri bakoitzeko euskaltzaleekin, Euskaraldiaren berri eman diezaieten ingurukoei».

Hiru zeregin nagusi dituzte datozen hilabeteetan herrietan, Arabako Lautadako ordezkariaren esanetan: izena emateko kanpaina bultzatu, herritarrak prestatu eta sustatzaileak lortu. Eskualdeko entitateen zerrenda egin dute Lautadan —lantegiak, saltokiak eta horrelakoak—, eta haiekin lanean hasiko dira Euskaraldian bidelagun izan daitezen. Parte hartzaileak «babesteaz» mintzatu da Zarauzko ordezkaria: «Herria bera prestatu egin behar dugu».

Bitartean, hauspoa indartzen jarraitu nahi dute herrietan: Tolosaldean, adibidez, 150 kide gehiago sartu dira Galtzaundin. «Komunitatea handitzen ari gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.