Euskaraldia. Ordezkari politikoak

Erakundeetan ere, aho-belarriak prest

Hainbat erakundek bat egin dute Euskaraldiaren helburuekin, eta konpromiso zehatzak eskatu dizkiete herritarrei. Euskal Herriko ordezkari politiko zenbaitekin hitz egin du BERRIAk, haiek ere erronkari helduko dioten jakiteko.

Euskal Elkargoaren biltzarra.
Ion Orzaiz.
2018ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Ezohiko babesa jaso du Euskaraldiak Euskal Herriko erakunde publiko eta administrazioetan. Sostengua adierazi diote, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, Euskal Elkargoak, Eusko Legebiltzarrak eta ehunka udalerrik. Instituzioen jarreraz harago, ordea, erronkari heltzeko prest azaldu dira hainbat ordezkari politiko.

DABID ANAUT

EH Bilduko legebiltzarkidea

«Urte osoan euskaraz bizitzeko erronka jarria diot neure buruari»

Nafarroako Parlamentuan euskara gehien erabiltzen duten legebiltzarkideetako bat da Dabid Anaut. Euskara hutsean egiten ditu interbentzio guztiak bilkuretan eta batzordeetan, baita idatzizko mozioak eta galdera parlamentarioak ere. Hortaz, Euskaraldiak irauten duen bitartean ere, ahobizi izanen da: «Zaila izanen da 11 egun horietan are gehiago nabarmentzea, urte osoan euskaraz bizitzeko eta lan egiteko erronka jarria baitiot neure buruari». Ahozko erabileran ikusten du abagunea: «Euskara menperatu ez baina ulertzen duten parlamentariekin, adibidez, euskaraz solastatuko naiz, haiek belarriprest izan daitezen». Izan ere, Euskaraldiak «gogoeta pertsonala nahiz kolektiboa pizteko» balio behar duela uste du: «Gure egunerokoan, denok egin dezakegu zerbait euskararen erabilera sustatzeko; hori identifikatu behar dugu, aurrera egiteko».

IDOIA MENDIA

PSEko idazkari nagusia

«Euskaraldiak erabileran jartzen du arreta, eta hori da desafio nagusia»

PSEko legebiltzarkide eta idazkari nagusiak ere babesa adierazi dio Euskaraldiari, «erabileran jartzen baitu arreta, eta hori da, egun, euskarak duen erronka handiena». Nabarmendu du «berdin euskaraz zein gaztelaniaz» egiten duela bere jardun politikoa. Hala ere, ez du erabaki Euskaraldian zein modalitateri helduko dion: ahobizi ala belarriprest. «Ez dakit zein neurritan egingo dudan nire ekarpena; azaroa hurbildu ahala, zehaztuko dut». Euskararen etorkizunari baikor begiratzen dio Mendiak: «Belaunaldi aldaketak eragina izango du datozen urteetan. Eztabaida ez da izango ezagutzari buruzkoa, erabilerari buruzkoa baizik. Gehiago izango dira euskara ulertzeko gai».

BEÑAT ARRABIT

EEPko lehendakaria

«Nire parte hartzea Arrosan eginen dut, han baitira nire oinarriak»

Ipar Buru Batzarreko kidea izateaz gainera, Euskal Elkargoko eleduna eta Euskararen Erakunde Publikoko lehendakaria da Arrabit. Esan du Euskaraldiak babes zabala duela Ipar Euskal Herrian. «Diruztatze bat izanen da, parte bat Euskal Elkargotik, eta beste parte bat Euskararen Erakunde Publikotik, bakoitzak 20.000 euro». Hala ere, Arrabitek berak ez du oraindik erabaki nola hartuko duen parte: «Arrosan lehen bilkura dugu Euskaraldian parte hartzeko. Nire parte hartzea han eginen dut, Arrosakoa naizelako, eta han baitira nire oinarriak. Zer modutan, hori ez dakit oraindik».

AINHOA AZNAREZ

Nafarroako Legebiltzarreko presidentea

«Orain, parlamentuan naturaltasun handiagoz erabiltzen dugu euskara»

Euskaraldiak irauten duen egunetan ez ezik, «urte osoko dinamika eta lantaldeetan» parte hartzeko asmoa agertu du Nafarroako Legebiltzarreko presidente eta Ahal Dugu-ko eledunak. Belarriprest izateko konpromisoa hartu du, gainera: «Euskaraz aritzeko gonbita eginen diet besteei». Parlamentuko lehendakaria euskalduna denetik euskara parlamentuan erabiltzeko baldintzek hobera egin dutela uste du —«naturaltasun handiagoz erabiltzen dugu»—, eta, AEKren bidez, euskara eskolak eskaintzen dizkiete erakundeko langileei. «A1 eta A2 mailako eskolak eskaintzen hasi gara, eta, bertan, politikariez gain,atezainak, dokumentalistak, teknikariak eta foruzainak aritzen dira».

MADDALEN IRIARTE

EH Bilduko legebiltzarkidea

«Euskaraldiaz harago, badugu garaia neurri eraginkorrak hartzeko»

Euskaraldia «abiapuntu» edo «akuilu» gisa ikusten du Maddalen Iriartek. «Euskaraldia aukera izan daiteke herritarrak eta eragileak bildu eta motorra martxan jartzeko, baina, hortik harago ere, aro berri bat abiatu behar dugu. Garaia dugu hizkuntza politikan urrats sendoak egiteko, benetan herri hau berreuskaldundu nahi badugu». Horregatik, azaroaren 23tik abenduaren 3ra «ahobizi» ariko da EH Bilduko legebiltzarkidea, baina baita gainontzeko egunetan ere. «Egunero egiten dudana egingo dut nik: euskaraz bizitzen ahalegindu, eta hori bermatu ahal izateko baliabideak jarri eta aldarrikapenak egin».

Euskaraldiaren gisako egitasmoak «oso garrantzitsuak» direla uste du Iriartek, «herritarrak erdigunean jartzen dituztelako». Hori da, legebiltzarkidearen ustez, euskara beste maila batera eramateko formula egokia: «Sinetsita nago herritarrak direla edozein aldaketaren motorra; hortaz, herritarren, eragile aktiboen eta erakundeen arteko elkarlanak eramango gaitu neurri eraginkorragoak hartzera».

RAMIRO GONZALEZ

Arabako ahaldun nagusia

«Euskaraz egingo dut ulertzen dutenekin, nahiz eta haiek erdaraz egin»

Ahobizi modalitatea hautatu du Arabako ahaldun nagusi eta EAJko kideak. «Euskaraz hitz egingo dut ulertzen dutenekin, nahiz eta haiek gaztelaniaz erantzun. Eta ezagutzen ez ditudan pertsonei hitz egiteko, lehenengo hitzak, behintzat, euskaraz izango dira beti. Izan ere, erakundeko kargu publikoa naizen heinean, uste dut ahal dudan guztietan euskaraz hitz egitea dela erabilera indartzeko modurik onena».

Arabako Foru Aldundian euskara sustatzeko neurriei dagokienez, berriz, eginiko lana egoki ikusten du Gonzalezek, «baina, bizitzaren edozein arlotan bezala, beti hobetu daitezke gauzak».

ANA OTADUI

Bizkaiko Batzar Nagusietako burua

«Honek balio dezake elebidun pasiboak euskarara hurbiltzeko»

«Guztientzat zabal-zabalik dagoen ekinbide bat da». Hori da Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakari eta EAJko kide Ana Otaduik Euskaraldiaz nabarmendu duena: «Asko gustatzen zait, adibidez, ulertu bai baina euskaraz egiten ez dutenak hain era atseginean identifikatuta sentiaraztea, horrek esku ematen digulako haiekin euskaraz egiteko. Ideia polita da, eta benetan balio dezake elebidun pasiboak euskarara hurbiltzeko, eta ez pentsa hori beti erraza denik». Otaduik ez du zehaztu nola ikusaraziko duen euskararekiko konpromiso hori bere jardun politikoan, baina azaldu du gurasoen etxean belarriprest ikurra jarriko dutela: «Horrek lagunduko die elebitasun pasibo hori normaltasunez baliatzen eta euskaraz are gehiago egiten».

BORJA SENPER

PPko legebiltzarkidea

«Murgiltzea, ikasten ari garenontzat, ezinbestekoa da»

Borja Senperrek «bete-betean» parte hartu nahi du Euskaraldian. Euskara ikasten ari da, baina, euskaltegitik eta etxeko girotik kanpo, gaztelania erabiltzen du nagusiki. 11 egun horiek baliatu nahi ditu mihia askatzeko: «Euskaraldian parte hartuko dut nire eguneroko jardunean eta familiartean, baina baita lanean ere; plataforma egoki bat bilatuko dut, euskararen aldeko egitasmo horrek nire jardun politikoan ere isla izan dezan; adibidez, agerraldiren bat euskaraz eginez».

Senperrek «baliabide gehiago» galdegin ditu: «Euskara txikitan ikasi ez genuenok aukera izan behar dugu, euskaltegitik kanpo ere, euskara hobetzeko; adibidez, aisialdian». Izan ere, Senperrek uste du euskara ikasten ari direnentzat ezinbestekoa dela «murgiltze linguistikoa». «Nik orain aukera dut etxean familiarekin hitz egiteko, baina beharrezkoa da esparru akademikotik kanpoko jarduerak bultzatzea, euskara erakargarri bihurtzeko». Horregatik, Euskaraldia «hizkuntzak behar zuen arnasa» izan daitekeela uste du PPko legebiltzarkideak: «Herri honek duen historiagatik, batzuk besteei erruak leporatzen ibili gara urteetan, eta euskara izan da pagaburuetako bat; zorionez, gure ondorengo belaunaldiek ez dute sentituko aurreiritzien zama hori».

MARIA SOLANA

Nafarroako Gobernuko bozeramailea

«Euskaraldiak garrantzi handia du berez, baina Nafarroan, are gehiago»

Euskaraldiak «berebiziko garrantzia» duela uste du Maria Solanak. Euskararentzat espazio berriak sortzea bainoago, erronka nagusia «dauzkagun esparru horietan euskaraz egin ahal izatea» dela dio. Hortaz, «ideia ederra» iruditzen zaio 11 egunez euskaraz bizitzeko konpromisoa hartzea: «Askotan, egunerokoan, pizgarri bat behar dugu inertziak gainditzeko eta kontzientziak astintzeko». Solanaren irudiko, egitasmoak «balio erantsia» du Nafarroan: «Euskaraldiaren mezua garrantzitsua da berez, baina Nafarroan, egoera dagoen bezala, are gehiago. Frontismoaren politikan eroso daude batzuk, eta euskarari kalte handia egiten dio horrek». Konpromisoei dagokienez, ahobizi eta belarriprest, biak izatea egokituko zaiola uste du Nafarroako Gobernuko bozeramaileak: «Etxean, senarra euskaldun berria denez, belarria prest izanen dut, laguntzeko; erakundeetan, berriz, ahobizi ariko naiz».

MATHIEU BERGE

Akitaniako kontseilaria

«Ongi etorriak dira erabilera sustatzen duten dispositibo guztiak»

EEP Euskararen Erakunde Publikoko lehendakari izandakoak ez du oraindik erabaki nola hartuko duen parte Euskaraldian, baina begi onez hartu du egitasmoa: «Ikusi beharko dut nire lurraldean zer proposamen dagoen, eta Baionan ditudan aukerak baliatu. Euskararen erabilpena sustatzen duten dispositibo guziak ongi etorriak dira, are gehiago maila ertaina dutenak euskara erabiltzera bultzatzen baditu».

BINGEN ZUPIRIA

Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua

«Konplizitate berriak bilatzeko balioko du Euskaraldiak»

Euskaraldiak hainbat helburu dituela uste du Bingen Zupiriak: «Administrazioen eta herritarren artean konplizitateak bilatzea, erabilera bultzatzea, gizartearen aktibazioa, eta euskara harreman eta lan hizkuntza gisa erabiltzea». Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailean, euskaraz lan egiten dute egunero; hortaz, ahobizi izanen dira Euskaraldiko 11 egunetan ere. Eremu horretan «aldaketa handia» sumatu du Zupiriak: «Nik Ardanza lehendakariaren garaian lan egin nuen administrazioan, eta 30 urte geroago itzuli naiz. Bada, aldea izugarria da. Hizkuntza paisaia erabat aldatu da, onerako, eta lan hizkuntza bihurtu da».

JON DARPON

Osasun sailburua

«Urrats egokia da, baina konpromisoa egunero erakutsi behar dugu»

«Inflexio puntu txiki bat izango da». Jaurlaritzako Osasun sailburu Jon Darponen ustez, euskararen erabilera sustatzeko urrats «egokia» da Euskaraldia. Halere, «egun zehatzei begiratu» beharrean, konpromisoa «egunero» erakutsi behar dela uste du: «Euskara ikasten ari naiz, eta egunero eskaintzen diot tarte bat. Nire agerraldietan ez da falta; euskara beti dut gogoan eta ezpainetan».

MARKEL OLANO

Gipuzkoako ahaldun nagusia

«Erakundeok eredu izan behar dugu euskararen erabilera bultzatzean»

Euskara sustatzeko lanean «elkarlanean oinarritutako bide berriak jorratzea» ezinbestekotzat jo du Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, eta aitortu du Euskaraldia «ilusioa pizten» ari dela: «Aurrerabidea ekar dezake». Gogoratu du diputazioa «indar berezia» jartzen ari dela hizkuntza berdintasuna gauzatzeko: «Erakundeok eta herri ordezkariok eredu izan behar dugu euskararen erabilera bultzatzean». Beraz, egitasmoan parte hartzeko asmoa du: «Ahobizi eta belarriprest jarrera mantentzen saiatzen naiz nire eguneroko bizitzan eta jardun politikoan; uste dut garrantzitsua dela inguruan ere jarrera positibo horiek bultzatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.