Sener

Neguriko klanaren ikur

Iñaki Petxarroman -

2018ko azaroak 21
Frankismo betean sortu zuen Sener enpresa Enrique Sendagorta Aranburuk —aurtengo urtarrilean hil zen—, eta munduko herrialde askotan jarduten duen multinazional indartsu bihurtu da. Urtean 1.000 milioi euro baino gehiago fakturatzen ditu Senerrek, eta milaka langile ditu hamaika herrialdetan barreiatuta, sei hamarkadaz egindako lanaren fruitu. Horretarako, eraikuntzan, industria aeroespazialean, energiaren sektorean, armagintzan eta beste alor batzuetan aritu izan da.

Sendagorta sendiak harreman estua eduki du elite finantzarioarekin —Bizkaiko bankuko presidenteordea izan zen, eta BBVko kontseilaria—, ekonomikoarekin eta politikoarekin, bai frankismoan, bai ondoren. Petronorreko lehen presidentea izan zen, 1968tik 1976ra arte. Opus Deiko kide izanik, Nafarroako Unibertsitatearen sorreran diruz lagundu zuen. 1970eko hamarkadan eman zuen Senerrek jauzi handi bat, Iberduerok Lemoizko zentral nuklearraren ingeniaritza proiektua esleitu zionean. Egitasmoa bertan behera utzi zuten, ETAren esku hartzeagatik, baina horrek ez zuen gelditu Senerren hazkundea.

Ibarra, Sota, Lezama-Legizamon, Delclaux, Agirre, Ampuero eta Neguriko (Getxo, Bizkaia) enpresarien belaunaldi ezagun baten altzoan, Sendagortak harreman estua izan du Espainiako erregearekin ere. 2014an eman zion Juan Carlos I.ak Espainiako Enpresari Ibilbidearen saria. Hain zuzen ere, Errege Etxeak ireki dio Senerri munduko hainbat merkatutara sartzeko atea. Horietako bat, Saudi Arabiakoa. 2017an Felipe VI.ak herrialde hartara egindako bisitan parte hartu zuen Sendagortak berak, SETEM erakundeak egindako txosten baten arabera. Herrialde hari ez ezik, Israeli ere armak eta teknologia militarra saldu dizkio Senerrek, Bizkaiko hainbat gizarte eragilek salatu dutenez.

Zabalgarbi errauste planta kudeatzen du, FCCrekin batera. CDCren finantzaketa irregularrarena ez da gertutik pasatu zaion ustelkeria kasu bakarra. Mexikon, OHL enpresarekin batera egin behar zuen hidrogeno planta baten proiektua ere ikertzen ari dira, OHL eta PRI alderdia lotzen dituen ustelkeria auzi sonatuaren barnean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna