Arrauna. Kontxako bandera

Gauza txikiak batuz

Riveira Galiziako taldea duela bost urte sortu zen. Mailegu bat eskatu behar izan du Donostian aritzeko, trainerua Tiranek utzi dio, eta atoia desegite leku batetik hartu eta beren kabuz eraiki dute, duela gutxi.

Aitor Manterola -

2018ko irailak 2
Riveira Coruña probintziaren mendebaldean dago, itsas bazterrean, Galizian. Duela bost urtetik, arraun elkartea ere badauka, Club Nautico Riveira. Ez da izen ezaguna izan hango beste batzuekin alderatzen hasita. Tiran, Cabo, Meira, Mecos, Chapela, Ares... Horiek ezagunak zaizkio hemengo arraunzaleari. Iaz hasi zen ezagun egiten, emakumezkoen taldea Kontxa jokatzeko sailkatu zenean, Mecosekin taldea elkarrekin osatu eta gero. Aurten egin da erabat ezagun, ordea, osteguneko sailkatze estropadan denbora onena egin baitzuten.

Jesus Silva da klubaren iparrorratza, presidente eta entrenatzaile baita. Kontxa bezperan, azken entrenamendurako prestatzen ari da, arraunlariekin batera: «Sekulako ilusioa eta poza daukagu hemen egoteagatik, eta ahalegin berezia egin dugu horretarako». Ez da ari Galiziako taldeek errepidean jaten dituzten kilometro astunen inguruan; beste zerbait dauka buruan: «Mailegu bat eskatu behar izan dugu Kontxarako gastuei aurre egiteko. Asteartetik gaude hemen». Dirua behar, eduki ez, eskatu egin behar, bildu sosak, eta laster zorra kitatzen hasi beharko du taldeak: «Arraunlariek sekulako lana egiten dute urte osoan, eta, klubaren ustez, merezi dute hemen egotearen saria. Horretarako ahalegin berezia egin behar badugu, egin egiten da, aurten ikusi den bezala». Diruak, baina, ez du dena hartzen, eta ekonomiaren estutasunagatik, uko egin behar izan diote Euskotren ligara igotzeko kanporaketan aritzeari, Galiziako txapeldun gisa irabazitako lekuari, hain zuzen.

Diru arazoena maileguak egiaztatzen du, baita beste bi kontu hauek ere: «Trainerua Tiranek utzitakoa da, eta atoia desegite lantegi batetik hartu genuen. Ez zegoen erabiltzeko moduan, eta guk gure kabuz berreraiki dugu, duela gutxi». Arraunak ez, arraunak ez dira mailegu: «Ez da denbora asko geureganatu ditugula». Oso garbi dauka nola eraiki behar duten oraina presidenteak eta entrenatzaileak: «Gauza txikiak elkarri lotuz eta batuz egin behar dugu aurrera». Horregatik, etorkizunaz galdetzen zaionean, galiziarrek askotan erabiltzen duten esaldia osatu du: «Ikusiko dugu...».

Arraunlari historikoa dauka

Silvak lanean jarri ditu arraunlariak, beroketa ariketak egiten, eta multzo horretako batengana begira jarri du hatza:«Sandra Sanchez da, bigarren entrenatzailea eta nire bikotekidea. Kontxako sailkatze estropada guztietan egin du arraun». Hariari tiraka, sailkatze estropada guztietan aritu den beste arraunlari bat ere bada, hau euskal herritarra: Amaia Gezala [gaur Hibaikan ariko da].

Sanchezen palmaresari tiraka, beste datu handi bat ere nabarmendu egin behar zaio: Kontxako Banderaren lehen bost aldietan Rias Baixas taldean ibili zen, eta, beraz, bost aldiz izan da garaile Donostian. «Sekulakoa da hemen irabaztea. Lehen aldi hura handia izan zen. Baina uste dut orain irabazteak beste zerbait berezia izango lukeela, emakumeen traineru estropadek urteak daramatzatelako jokatzen, eta bilakaera ona izaten ari da. Beste balio bat izango luke oraingo garaipenak».

Hori esan duenerako, izango du buruan aurtengo bandera astintzea: «Ez dakit zer esan. Dakiguna egitera aterako gara, eta ikusiko dugu non jartzen gaituen horrek». Hala ere, garbi dauka behin sailkatuz gero denaren bila atera behar dela: «Anbizioa eduki behar da bizitzan eta kirolean. Gure helburua sailkatzea zen, eta lortu dugu. Orain, gehiagoren bila goaz».

Hamabost urtez segidan arraunean ari den arraunlariak badaki honaino heltzeko zer-nolako lana egin duen taldeak: «Galizian, trainerua lantzen ez gara hasten trainerilletako sasoia bukatu arte, eta harrezkeroztik sekulako lana egin dugu. Itsasora ahalik eta gehienetan atera gara, eta talde gisa asko-asko hobetu dugu».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna