Itxaropena, epaitegian

ITP Castingek aldi baterako erregulazioa ezartzeko arrazoirik ez zuela ebatzi zuen epaile batek irailean. Langileek diote egoera ez dela aldatu. Apirilaren 20an dute beste epaiketa.

ITP Castingeko langileek Tubacexekoen babesa jaso zuten atzo. A. L. / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko martxoaren 14a
00:00
Entzun
ITP Castingeko langile batzordeak ez zuen sinatu erregulazio espedientea. Batzordean ordezkaritza duten sindikatuek (UGT, CCOO, LAB eta ELA) espedientea epaitegietara eraman dute, eta apirilaren 20an izango da epaiketa. Modu orokorrean azalduta, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak hiru ebazpen posible eman ditzake: bidezko kaleratzeak direla esan, bidegabeak direla esan, edo espedientea baliogabetu. Azken hori emango balu, ITPk berriro hartu beharko lituzke langileak. Kaleratuen %80ri bidegabe ebazpenak ere balio diezaieke; izan ere, kontratuan duten klausula baten arabera, bidegabeki kaleratuak badira langileak erabakitzen du enpresa utzi edo ez. Urte gehien daramatenak dira. Geroago, klausula hori kendu egin zuten kontratuetatik.

Epaibidearen aurrean jarrera ezberdina dute kaleraturiko lau langileek. «Kaleratzeak berresten badituzte, nik bizkarreko handia hartuko dut. Egun baikorragoak eta ezkorragoak izaten ditugu, eta ni orain goian nago. Justiziari gauza bakarra eskatzen diot: justua izatea», esan du Ana Adeliñok. Antzera mintzatu da Rosa Alijarte: «Atzean esku ilunik ez egotea nahi dut. Aldeko argudio asko ditugu. Justizia bidezkoa bada, barruan gaude».

ITP Aero, jabe eta bezero

Lan erreforma aldatu zenetik, ITP Castingen egoeran dauden enpresek malgutasun handiagoa dute lantaldea murrizteko. Lan ikuskaritzaren txostenak, baina, ezbaian jarri du kaleratzeen ezinbestekotasuna. Aurrekari bat ere badute, gainera. Iragan udaberrian, enpresak aldi baterako erregulazio bat aplikatu zuen, eta epaile batek atzera bota zuen, neurria hartzeko arrazoirik ez zegoelakoan. «Besteak beste, PCBren bezero moduan agertzen zen ITP, eta, aldi berean, enpresak emaniko agiriek ITPren zigilua zuten. Epaileak argitzeko eskatu zuen». Ñabardura Juan Kortadirena da.

Aste honetan atera da Zamudioko GTSren (Bizkaia) ingeniaritza enpresaren erregulazioaren ebazpena, eta kaleratzeak bidegabetzat jo ditu epaileak, baina ez ditu baliogabetu. Hori ikusita, Diego Rendok nahiago du zuhurra izan: «Pozten nau lankideak baikor ikusteak, baina ez naiz fio justiziarekin. Justiziak normalean ez digu arrazoia ematen langileoi, pobreei... Tamalez, mundua horrelakoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.