ALAVES 0 GRANADA 2

Lozorrotik esnatu ezinik jarraitzen du

Alavesek galdu egin du etxean Granadaren aurka, eta hala, sei puntura hurbildu zaizkio jaisteko postuak. Joa falta izan zaio, eta jota gelditu da bigarren gola jaso eta gero

Granadako Foulquier eta Alaveseko Tomas Pina, lehian, atzoko partidan. RAUL BOGAJO / FOKU.
enaut agirrebengoa
2020ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Antoñinek (26. min). 0-2: Soldadok (48. min). Epailea. Prieto Iglesias. Txartel horiak Alaveseko Duarteri, Martini eta Ponsi; eta Granadako Antoñini eta Soldadori. Bestelakoak. Koronabirusaren pandemia dela eta, ikuslerik ez Mendizorrotzan.

Alavesek laugarrenez jarraian galdu zuen atzo, Mendizorrotzan, Granadaren aurka. Irabazi beharreko partida zuen mailari eusteko lehian, baina kale egin zuen. Aurkari oso eraginkorra izan zuen aurrean, eta ez zuen gaitasunik izan jasotako kolpeei erantzuteko. Konfinamendutik erdi lo itzuli zen Arabako taldea, eta asteen joanean, lozorroan geratu da erabat. Alarma joka dauka, geroz eta ozenago, jaisteko postuak sei puntura hurbildu baitzaizkio.

Munta handiko partida zen Alavesentzat, eta hasieratik erakutsi nahi izan zuen hori. Lehenik, hamaikakoa goitik behera aldatu zuen Asier Garitanok, Wanda Metropolitanon ordezkoei aukera eman ostean. Hamar aldaketa egin zituen bergararrak; Aleix Vidal mantendu zuen bakarrik. Arabarrak jakitun ziren neurketaren garrantziaz, eta partidaren bila irten ziren. Bere egin zuten baloia, eta ezker hegaletik barneraldi arriskutsuak egiten saiatu ziren. Baloia zehaztasunez erdiratu zuten Lucasek, Duartek eta Aleixek, baina ez zuten errematerako inor aurkitu.

Ekimena etxekoena zen nabarmen. Granada nahiko atzean sartu zen, kontraerasora espazioekin irteteko asmoz. Alavesek ondo zapuztu zion intentzioa: presioaren bidez baloikadak bidaltzera behartu zuen. Goiko baloietan, nagusi ari ziren agertzen Laguardia eta Magallan. Alabaina, mantso eta bigun aritu ziren Granadaren golean. Atzelarien ezina lagun, Puertas bakarrik gelditu zen Robertoren aurrean. Atezainak erantzun ona eman zion haren ahaleginari, eta aldaratzean, gutxigatik ez zuen gelditu Antoñinen erremate behartua. Baloiak, ordea, sareetan bukatu zuen. 26. minutua zen, eta lehiak itxura txarra hartu zuen Alavesentzat.

Gasteiztarrak, ez ziren etsiak jota gelditu. Gola jaso eta minutu batera, banakoa egitear izan zen Magallan, falta batean. Dena alde zuen ateko zuloan, baina jaurtitzen ere ez zuen asmatu. Arabako taldeak beste aukera on bat izan zuen Lucasen oinetan. Aurrelariak zutoinera errematatu zuen Joseluk orpoz egindako pase loratua. Gehiago merezi arren, atsedeneraatzetik joan zen Alaves.

Suspertu ezinik

Modurik okerrenean ekin zion bigarren zatiari: 0-2koa jasota. Granadaren jokaldi harilkatuari amaiera ezin hobea eman zion Soldadok. Dotore errematatu zuen, oinaren barrukaldearekin. Harri eginda gelditu zen Roberto. Alaves ere halaxe utzi zuen golak. Aulkia mugitu zuen Garitanok, baina taldea ez zen suspertu. Burkeren diagonal bat izan zen etxekoen hurbilketa on bakarra. Granada, ordea, hazi egin zen, eta min egiten jarraitu zuen kontraerasoetan. Robertok ozta-ozta eragotzi zuen Machisen gola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.