Albistea entzun

Ricardo Zierbide Martinena. Filologo historizista

«Jakin-minak bizia salbatu dit»

Gaztetatik bidea bere kabuz egin behar izan du Zierbidek. Teologia ikasketak egiten hasi zen, baina fraideek kaleratu egin zuten. «Ez naiz komentuan egoteko pertsona», azaldu du. Nafarroako Erdi Aroko hizkuntza erromanikoak ikertu ditu.
CAMPELLO FOTOGRAFIA Tamaina handiagoan ikusi

Jon Rejado -

2017ko uztailak 23

Tafallako semea da Ricardo Zierbide Martinena (1936), beste ezeren gainetik. Nafar peto-petoa. Bihotzez, eta jatorriz. Hala nabarmendu du, bere abizenen jatorria xehatuta. Horrek bidea baldintzatu dio; hala, Filologia Erromanikoak amaitu, eta tesia egin nahi izan zuenean, jaioterrian jarri zituen begiak. Nafarroako hizkuntza erromantzeetan aditu bihurtu zen. EHUko katedraduna izan zen 1986tik 2006ra arte. Orduan erretiroa hartu zuen. Ordea, ez zion Nafarroa ikertzeari utzi. Elkarrizketa telefonoz egin du, Campellotik (Alacant, Herrialde Katalanak).

36ko gerra hasi zen urtean bertan jaio zinen, frankismoaren jazarpen handia gertatu zen eremu batean. Nola gogoratzen duzu haurtzaroa?

Jose Maria Esparzak ikertu izan du hori. Pertsona asko hil zituzten. Ebro inguruan bereziki gogorragoa izan zen jazarpena: Sartaguda, Lodosa... Oso gogorra izan zen. 3.500 hilketa izan ziren. Segurtasun falta eta beldurra suma zitekeen herriko etxeetan. Inor ez zen ausartzen Francoren aurka egiteaz hitz egitera. Jendea minduta zegoen, bai, baina isildu egiten zen.

Sei anai-arreba zineten. Horrek nolabait eragin al zizun?

Garai horretan horrelakoak izan ohi ziren familiak: bost seme-alaba zituzten, zortzi... Etxeko gazteena nintzen. Laborea nahikoa ez zenez guztien etorkizuna bermatzeko, txikienak komentuetara bidali ohi zituzten. Iruñeko apaiztegira bekadunak baino ez ziren joaten, eta horretarako dirua behar zen. Eskolapioetara bidali ninduten, Gipuzkoara, Goierrira. Bost urteren buruan Iratxera joan nintzen, eta, azkenik, Errioxara [Espainia], Albelda de Ireguan teologia ikastera.

Zer moduz ikasketak?

21 urte izango nituen garai horretan, eta... Tira, ikasturte bat baino ez nuen iraun bertan.

Zergatik?

Kaleratu egin ninduten. Nire jarrera zen... Esan dezagun ez nintzela komentuan egoteko pertsona. Oso independentea naiz, menderakaitza, eta fraide bati obeditzeak ernegatu egiten ninduen. Naizen tokiko berezko geneengatik datorkit jokabide hori.

Baina ikasle ona zinen?

Iratxen nengoenean, batxilergoko azterketa egitera bidali ninduten Gasteizera, egun Eusko Legebiltzarra den eraikin horretara. Alegia, bota nindutenerako banituen ikasketa horiek.

Familiak nola hartu zuen ikastetxetik kaleratua izatea?

Garai horretan, familiak baztertu ohi zuen komentutik kaleratutako senide hori. Gaur egun ulertezina da, baina hala gertatzen zen. Hortaz, nire kabuz egin nuen aurrera. Nik neuk egin nuen egun naizen pertsona.

Bide horretan ez zenion ikasteari utzi, ezta?

Kaleratu nindutenean soldaduska egin genuen, Muru Artederretan [Nafarroa]. Dena den, nire kabuz ikasten jarraitu nuen, Zaragozako Unibertsitatean. Ahal nuen moduan ikasten nuen. Gerora Madrilera joan nintzen, unibertsitate ikasketak egiteko: Filologia Erromanikoan lizentziatu nintzen.

Irakasle izateko ere ikasi zenuen, eta urteen joanarekin irakasle izan zara. Zerk erakarri zintuen irakaskuntzan?

Soziologia eta ekonomiak erakartzen ninduten, baina ez nuen gai horiei heltzeko behar beste ezagutza matematiko. Madrilen, Konplutentsean, maila handiko irakasleak izan nituen: Rafael Lapesa Melgar... Tesia berarekin egin nuen, Nafarroako erromantze zaharrari buruz. Horren bitartez, Luis Mitxelena, Julio Caro Baroja... eta maila goreneko beste filologo eta hizkuntzalari batzuk ezagutu nituen. Haiengandik asko ikasi nuen. Orduan maitemindu nintzen filologiarekin eta historiarekin.

Zure ikerketek jakintza esparru zabala hartzen dute. Esan berri duzunaren adibide al da hori?

Berezko jakin-mina dudalako da. Jakin-minak bizia salbatu dit. Kultura dena da, eta gauzez maitemintzea ahalbidetu dit. Nafarroako lurrekin eta Euskadikoekin maiteminduta nago. 2006an, unibertsitateko lanetik erretiroa hartu nuenean, erabaki nuen gehien maite dudan horretan zentratzea: Nafarroa aztertzea ikuspuntu etnografikotik, historikotik, soziologikotik... Ez naiz lotsatzen egin dudanarekin. Ez naiz erreferentzia bat, baina...

Behinik behin, Onomastikako Euskadiko Elkarteak liburu bat eskaini dizu aurten...

Haien ekimenez izan zen. 81 urterekin, zer irakatsiko diet egungo gazteei? Tematu ziren omenaldi bat egin behar zidatela, eta hunkitu nintzen. Ez zen omenaldi akademikoa, lagunek egindakoa baizik, eta horrek bereziki hunkitzen nau. Ofizialtzat hartzen dena tentuz hartu ohi dut; mundu horretan tranpa asko daude, interesak... eta ni independentea naiz, zer egingo diogu!

Independentea izanda ere, bidea egitea lortu duzu.

Bidea bai, baina ez zama handiko ibilgailuak hartzeko modukoa! [Barre egin du]. Kontu apaletarako balio dit egin dudan bideak. Lurrari lotutako pertsona naiz, eta pozik nago horregatik.

Zure ibilbidea aztertuta, badago une deigarri bat. 1964. urtean Zairen aritu zinen lanean, egungo Kongoko Errepublika Demokratikoan. Zergatik heldu zinen hara?

Baliabide ekonomikoak behar nituen, eta nire kabuz irabaztea zen aukera bakarra. Madrilen nengoen garai horretan. Kanpoko Gaietarako Ministerioaren bitartez aukera sortu zen: unibertsitateko titulua zuten pertsonei Kinshasara joatea eskaintzen zieten, han eskolak emateko. Eta hara joan nintzen.

Nolakoak izan ziren bizipenak?

Infernuaren hondoa ezagutu nuen, garapen falta... zer ez nuke kontatuko han bizitakoari buruz. Baina hango paisaia... Pasarte garrantzitsua da nire bizitzan. Halako zenbait izan ditut. Behargin izan nintzen beira lantegi batean, Dusseldorfen, Westfalian [Alemania]; hainbat uda eman nituen han, ikasten jarraitu ahal izateko dirua irabazten, baita eskarmentua lortzeko ere. Berlinen ere egon nintzen, Herbehereetan...

Kongon lau urte eman ondoren, Euskal Herrira itzuli zinen, eta Deustuko Unibertsitatean hasi.

Han hasi aurretik doktore tesia aurkeztu nuen. Rafael Lapesa Melgarrek tratu handia zuen Deustuko jesuitekin, eta bertara joatea iradoki zidan. Luis Mitxelenak ere gutun bat eman zidan, Deustura eramateko. Ameriketako Estatu Batuetara joatea nuen buruan, baina kasu egin nien. Gutuna eman, eta berehala hartu ninduten. Aitabitxi onak omen ziren! Hamar urte eman nituen bertan.

EHU sortu zen arte?

Aurretik esan dut. Ez naiz jaio komenturako, ezta instituzio erlijiosoei men egiteko ere. Unibertsitate publikoan askatasun handiagoa zegoen, eta tokia oposizio bidez lortu behar zenuen. Lan handia egin behar izan dut, eta asko ikasi dut bidean. Atzera begiratzen dudanean, pentsatzen dut: ez zaizu txarto joan! Eta hemen nago [Barre egin du].

Hizkuntzak ikertu izan dituzu, baita horiek ikasi ere. Zer dira hizkuntzak zuretzat?

Komunikatzeko bide bat dira. Uler dezaket gaur egun, egoera batzuetan, hizkuntza objektu politiko bihurtzea. Nik ez dut hala ulertzen. Horrez gain, aukera ematen dute tokian tokiko kulturan sartzeko. Beste hizkuntza batean maila onargarria lortuz gero, munduaren beste ikuspuntu bat lortzen duzu.

Euskaraz hitz egiten duzu...

Tamalez, nire euskara maila ez da onargarria, hizkuntza erromanikoetan zentratu nintzelako, ia modu obsesiboan. Argi dut ez naizela ezeren erreferentzia, baina herritar zentzuduna naiz, eta badakit non bizi naizen. Eta horrek ingurua ezagutzera eramaten nau beti.

Baieztapen horrek gogora ekartzen du aurrez esan duzuna, jakin-minak bizia salbatu zizula...

Hori bera. Kulturak barrutik elikatzen nau. Nire asmoa da hori guztia besteei igortzea. Ez dut bizia gizabanako gisa ulertzen. Zerbait ikasten badut, komunikatu behar dut. Ez nire ezagutzak agerian uzteko, baizik eta ezagutza horrek bere bidea egin dezan.

Esan izan duzu hizkuntza erromanikoekin obsesionatu zinela: Nafarroakoa, okzitaniera... Nola heldu zinen horretara?

Bitxia da... [Barre egin du] Lapesak Valpuestari [Burgos, Espainia] buruzko ikerketa proposatu zidan. Ordea, ni nafarra naiz, beste ezeren gainetik. Nafarroako erdialdean, Zangoza eta Viana artean sortu zen erromantzean murgildu nahi nuen. Euskararen ondoan sortu zen, euskara gehiengoaren hizkuntza zen garai horretan, XVIII. mendera arte. Ikertzen hasi, eta 700 txosten baino gehiago aurkitu nituen okzitaniera zispiriniotarrean idatzita. Inork ez zekien ezer horri buruz, eta hori izan zen nire erreferentea unibertsitatean. Areago, hori izan nuen ardatz EHUko katedrarako aurkeztu nintzenean.

Nola izan zen?

Tribunalaren aurrean okzitaniera berezi horren gramatika historikoari buruzko lana aurkeztu nuen. «Baina gutako inork ez daki ezer honen inguruan!», bota zidaten. «Hobe, horrela ez zarete erasotzen saiatuko!», erantzun nien [barre egin du]. Lan hori bikaina zela esan zidaten, eta segituan argitaratu zuten. Bizitzak ematen dituen poz txiki horietako bat izan zen, nork bere lanaren bitartez lortua.

Zure ikerlanetan aipatu izan duzu Nafarroan, garai batean, gertatzen zen hizkuntzen arteko elkarbizitza. Nolakoa zen elkarbizitza hura?

Ulertu behar da idatzizko hizkuntzak daudela, administratiboak, nolabait esateko, eta besteak, ahozko harremana ahalbidetzen zutenak. Hizkuntza bat gortearena izango zen, frantsesa, seguruenik, boterea zutenen adierazpidea. Dena den, hizkuntza erromantzeak ere erabiliko zituzten, baita euskara ere. Ordea, idatzizko hizkuntzak erromantzeak ziren, garai horretan.

Nola ikusten duzu egoera egun?

Agerikoa da euskararen elementua berreskuratzeko asmo irmoa, Nafarroako gizartearen nortasuna berreskuratzeko lanean. Oso zilegizko iruditzen zait, eta beti babestuko dut. Dena den, modu didaktikoan egin behar da. Aurka daudenei erakutsi behar zaie euskara ere haien ondarea dela. Orduan elkarbizitza gertatuko da. Hori da niri gustatzen zaidana; ez naiz gatazkaren laguna.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Consonni kreatura mutante bat da»

Amaia Igartua Aristondo

Consonnik 25 urte bete berri ditu. 2012tik argitaletxea ere bada, eta Murrek dio horrek «autonomia» eman diela. Andrazko idazle euskaldunak eta zientzia fikzio feminista itzuli dituzte, besteak beste.
 ©BERRIA / HISTOLABET

Gizakiak, txerri organoak amets

Jakes Goikoetxea

David Bennettek astebete baino gehiago darama bizirik txerri baten bihotzarekin. Transplante hori mugarria izan da, baina ikerketa asko falta da prozedura orokortzeko.
Jokin Unamuno eta Adur Ramirez de Alda dira <em>Pressumptes culpables. Els altres Altsasu</em> dokumentaleko gidariak. ©TV3

Errepresioari pultsua TV3en

Urtzi Urkizu

'Pressumtes culpables. Els altres Altsasu' dokumentala 345.000 herritarrek ikusi dute TV3en. 'Altsasu auziko' bi gaztek Kataluniako errepresio kasuak ezagutzen dituzte hartan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.