urtzi urkizu
Donostiako 67. Zinemaldia. BASQUEWOOD

Sua

2019ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Harkaitz Canok Zurriolako butaka saioan ongi nabarmendu zuen moduan, aurreneko egunetan sua izan zuten komunean pelikula ugarik. «Pospolo berak piztutako pelikulak» jarraian ikusten aritu zela aipatu zuen idazleak. Aldiz, erretzeko arriskurik gabe joan da Belodromoan Sua-irabazi arte dokumentalaren estreinaldia. Realaren emakumezkoen taldeak Espainiako Kopako finalaren aurreko egunak nola bizi dituen jasotzen du lanak: xume, aparteko hots kirrinkaririk gabe. Ikusleak une oro badaki in crescendo joango dela emozioa, finala irabazten duten arte. Historia egin zuten jokalariek, natural ageri dira kamera aurrean, eta talde txuri-urdinaren zaleentzako opari txukuna da dokumentala. Bere funtzioa betetzen du, inor eta ezer kiskali gabe.

Kandelak piztuta ageri dira Lourdesko santutegian (Okzitania), Maider Fernandez Iriarteren Las letras de Jordi dokumental sentiberan. Garuneko paralisia du protagonistak, gaztetan Jainkoak hitz egin zion, baina egun ez du haren ahotsa entzuten. Gurasokerian erretzeko arriskua izan zezakeen zinemagileak, baina ez da halakorik gertatzen. Pizgarria da azken emaitza.

Batetik eta bestetik, Oliver Laxeren O que arde filma ikusteko gomendioa zabaldu da egunotan —Cannesen saritua izan eta gero, urriaren 11n iritsiko da aretoetara—. Lugoko (Galizia) herrixkabatean dago girotuta, eta Donostiako Kowalski Films ekoiztetxeak parte hartu du bertan. Suteak dira pelikulako ardatza.

Zinemaldiko maratoiarekin erreta amaituko zuen batek baino gehiagok. Baina ondo pentsatzen jarrita, gustagarriagoa izan daiteke pantaila handi bateko su garretan murgiltzea, sakelako telefonoari klika eta klika sua ateratzen ibiltzea baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.