Espainia. Gobernua osatzeko ahalegina

Bermerik gabe atzerako kontuan

Hilaren 22an hasiko da Pedro Sanchezen inbestidura saioa Kongresuan. Presidentegaiak urruti du lehenbiziko bozketan beharrezkoa den gehiengo osoa, eta kontsultak hasiko ditu alderdiekin

Bermerik gabe atzerako kontuan.
mikel rodriguez
2019ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Bi hilabete baino gehiago igaro dira Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egin zirenetik, eta, PSOE irabazleak egoera aldatu eta gobernua osatzeko behar bertzeko gehiengoa limurtu ezean, hasi da atzerako kontua hurrengoetarako. Meritxell Batet Kongresuko presidenteak Pedro Sanchezen inbestidura saiorako data paratu zuen atzo: hilaren 22a. Oraintxe bertan, presidenteak aurka du markagailua, 124 diputatuk adierazi baitute alde bozkatuko dutela —PSOEko 123k eta PRC Kantabriako Alderdi Erregionalistako bakarrak—, eta eskuineko diputatuak eta CC Coalicion Canaria batzen dituen bertze 151ko taldea, berriz, ezezkoan baitago. Babesaren, abstentzioaren eta ezezkoaren artean behin betiko jarrera bat hartu ez duen bertze 71 diputatuko multzo plural horretan paratuta dago orain arreta. Sanchezek kontsultak hasiko ditu, gaur-gaurkoz ezustekoa dirudien emaitza lortzeko helburuarekin.

Batetek inbestidura saioaren epea jakinarazi zuenean, Sanchez Bruselan zegoen, Europar Kontseiluaren bileretan. Mezu bat idatzi zuen Twitter bidez, eta elkarrizketetan erabiliko duen karta zein izanen den erakutsi zuen: premiarena. «Espainiak gobernu bat behar du lehenbailehen, berdintasunerantz, trantsizio ekologiko bidezkorantz, digitalizaziorantz eta Europako proiektuaren azkartzerantz jarraitzeko». 350 ordezkari ditu Espainiako Kongresuak, eta 176 behar dira gehiengo osoa lortzeko. Sanchezek kopuru hori behar du hilaren 23ko bozketan presidente izenda dezaten. Bertzela, handik bi egunera bertze bozketa bat eginen da, eta hor baldintza izanen da aldeko boto gehiago lortzea kontrakoak baino. Hortaz, abstentzioak sartuko dira jokoan, eta konbinazio posibleen aukera are gehiago zabalduko da. Sanchezek bi alderdi baztertu ditu kontsultetatik: Vox eskuin muturrekoa(24 diputatu) eta EH Bildu (lau diputatu).

Talde nagusien artean, Unidas Podemos ezkerreko koalizioa da PSOEri baiezkoa emateko jarrera argien azaldu duena, baina koalizio gobernu bat osatzeko baldintzarekin, eta, oraingoz, ez dira ados paratu. «Sanchez huts eginen duen inbestidura batera doa, inorekin deus negoziatu gabe Ciudadanos estutzeko, baina posible da uztailean gobernu aurrerakoi bat lortzea. Ez dugu etsiko», idatzi zuen Twitterren Irene Montero Unidas Podemosen Kongresuko taldeko buruak, atzo. Ezkerreko koalizioa PSOEren elkarrizketarako bazkide nagusi gisa ageri da, baina, ados paratuko balira ere, 165 boto batuko lituzkete —166 PRCrekin—; ez lirateke gehiengo osora ailegatuko.

Bigarren bozketari begira

Printzipioz, Monterok aipatutako alderdiarekin lortuko lukePSOEk gehiengo oso egonkorrago bat: Ciudadanosekin. Eskuineko alderdi horrek 57 diputatu ditu, eta aise gaindituko lukete 176ko langa. Bien arteko harremana 180 gradutan aldatu beharko litzateke, ordea: «Ez dut deus gehiago solas egiteko harekin aitzineko hiru aldietan solas egin ez dugunik», adierazi zuen atzo Albert Rivera Ciudadanoseko buruak, kazetariek Sanchezekin elkartzeko aukeraz galdetu ziotenean, Kongresuan.

Beraz, Sanchezek hagitz aukera eskasak ditu gehiengo osora ailegatzeko. Alderdi txikiagoek ere ez baitute ikusten PSOE eta Unidas Podemosen aliantza posible bati elkartu eta gehiengo hori emateko aukera. ERC Esquerra Republicanaren hamalau botoekin lortuko lukete hori, errate baterako, baina Gabriel RufianERCren Kongresuko taldeko buruak gehien jota bigarren bozketarako abstentzio bat negoziatzeko aukera eskaini dio Sanchezi.

ERC baino txikiagoak diren taldeen elkarketak eman lezake gehiengo osoa, baina are txikiagoa da horretarako aukera, kontuan hartuta EH Bilduk ERCrekin koordinatuko duela botoa, eta Kataluniako bertze zerrenda independentista, JxC Junts Per Catalunya, aldekoagoa dela ezezkoarena abstentzioarena baino.

Horregatik, alderdi gehienak hilaren 25ean eginen litzatekeen bigarren bozketa horri begira daude. Eskuinak ere joko horretan sartu nahi du, Pablo Casado PPko presidenteak atzo adierazi zuenez. Eskaintza bat egin zion Sanchezi, PSOEk Nafarroan Navarra Suma eskuineko koalizioaren gobernua erraztearen truke, eskuinaren eta CCren ezezko 151 botoak desblokeatzeko. Itzulinguru handia da Casadok atzo proposatu zuena; hau da, PPk (66 boto) eta Ciudadanosek (57 boto) ez lukete Sanchezen inbestidura erraztuko, baina ahalbidetuko lukete Navarra Sumako bi diputatuek eta CCko biek aldeko botoarekin edo abstentzioarekin Sanchez presidente izatea, betiere Kataluniako independentistak eta EH Bildu ekuazioaren parte ez badira. Eskaintza horrek badu bertze zailtasun bat, ordea, CCk ez baitu babestu nahi PSOE eta Unidas Podemos elkar hartuta edukiko lituzkeen ekinbiderik. Casadok erran du prest dagoela bitartekaritza lana egiteko CCren eta PSOEren artean.

Sanchezek hiru aste ditu hari mataza hori askatzeko. Huts eginez gero, irailaren 23a da presidente bat izendatzeko gehienezko epea. Espainiak ordurako presidenterik ez badu, azaroaren 10ean hauteskundeak eginen dituzte berriz ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.