Koronabirusa

Ez du edozein maskarak balio

Maskara nahitaez erabili behar da Hegoaldean, baina debekuak iritsi dira: KN95 maskara ez da merkaturatuko, eta Osakidetzak ez du telazkoa onartzen zentroetan. Kirurgikoen alde jo dute.

Bi pertsona maskara kirurgikoarekin Donostiako ospitalean. J.R. / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Maskarak aurpegiko anatomiaren parte izatera iritsi dira azken hilabeteotan. Hego Euskal Herrian beharrezkoa da egunerokoan, nahi ala nahi ez. Ipar Euskal Herrian 11 urtetik gorakoek erabili behar dute; gune itxietan eta enpresetan erabili behar da maskara, baina baita leku zehatzago batzuetan ere: Baionako, Miarritzeko eta Donibane Lohizuneko hiri barneetan, adibidez. Maskara motak ere hainbat dira, oihalezkoetatik hasi eta iragazkia dutenetaraino. Hala ere, debekuak areagotu egin dira maskaren erabileran, eta ez du edozeinek balio.

Hain zuzen, Osakidetzak debekatu egin du osasun zentroetan telazko maskarak erabiltzea, eskuz eginak eta homologatu gabeak. Osakidetzaren osasun etxeetan eta erietxeetan, beraz, maskara kirurgikoak erabili beharko dituzte hemendik aurrera. Adierazi dute segurtasuna «areagotzeko» asmoz hartu dutela erabaki hori, sarritan maskara horien erabilera «desegokia» egiten dela iritzita. Estibaliz Goienetxea Gipuzkoako Farmazialarien Elkargoko zuzendari teknikoa da, eta bat egin du erabaki horrekin. Ez da aldaketa bakarra: Espainiako Gobernuak KN95 maskara txinatarrak —FFP2 europarraren parekoa— merkaturatzeko debekua ezarri du, Europako Batzordearen ziurtagiria ez dutela gaineratuta. Hegoaldeko botiketan ere eragina izango du debeku horrek.

Goienetxeak azaldu duenez, Espainiak apirilean onartu zuen maskara horiek merkaturatzea. «Beharrezkoak ziren maskaren unitateak ez ziren aski, eta maskara horiek onartu zituen, behin-behineko baimen batekin». Hasieran, erabaki zuten baimena irailaren 31ra arte ezartzea, baina azkenean hiru hilez luzatu dute, abendu amaierara arte, botiketan dagoen stocka gastatzeko, besteak beste. «Ezarri duten arau berriak dio maskara mota horiek saldu ahal direla, baina ezin direla Txinatik inportatu». Goienetxeak gaineratu du maskara horiek «seguruak» direla, eta erabakiaren zergatia administratiboa izan dela. Uste du dagoeneko Europako ziurtagiria duten FFP2 motako maskara nahikoa daudela, eta ez dagoela Txinatik ekarri beharrik.

Maskara motak ere oinarri izan ditu botikarien elkarteko zuzendariak, eta lau motatan mailakatu ditu: oihalezkoak, higienikoak, kirurgikoak eta iragazkia dutenak. «Telazko musukoak homologatu gabeak dira, etxean eskuz eginak, eta horiek erabiltzea ez da gomendatzen; aldiz, higienikoak homologatuta daudenak dira». Haren arabera, maskara higienikoak berrerabili daitezkeenak izan daitezke, ala ez. Horretarako, UNE Espainiako Normalizazio Erakundeak ezarritako arauak bete behar dituzte. Berrerabil daitezkeenek UNE 0065 kodea izan behar dute, eta berrerabili ezin direnek, UNE 0064 araua. Azkenik, maskara kirurgikoak eta iragazkia dutenak daude, hala nola FFP1 motakoak.

Elena Artetxe botikariak salgai ditu aipatutako maskara guztiak. Markina-Xemeinen (Bizkaia) du farmazia, eta maskara homologatuak saltzen ditu. KN95 motako maskarak ere baditu, eta oraindik ere gelditzen zaizkio saltzeko. Jakinarazi du herritarrek badutela maskara horien inguruko kezka, baina oraindik jar daitezkeela. Hala ere, batez ere maskara kirurgikoak saltzen dituztela kontatu du: «Erabilera bakarreko maskarak eskatu ohi ditu jendeak, baita berriro erabili daitezkeen higienikoak ere, baina horien babesa ez da berbera». Hain zuzen, erantsi du jendeak prezioari baino gehiago maskarek eman dezaketen babesari erreparatzen diola: «Sarritan galdetzen dute ea zeintzuk diren maskaren ezaugarriak, ea babesten duten ala ez».

Maskaretan, zein hobea

Maskaren fidagarritasunari dagokionez, Goienetxeak uste du iragazkia dutenek dakartela babesik handiena: «Bi aldeetara babesten dute: bai erabiltzailea, bai ingurukoak». Nabarmendu du horregatik erabili ohi direla positibo eman duten pertsonekin lan egiteko. Are, erantsi du profesionalek erabiltzeko gorde beharko liratekeela, hala nola osasun langileek eta garbitzaileek. Gainontzeko maskaren erabileran, ohartarazi du maskara homologatu gabeek ez dutela babesik bermatzen, eta arnasteko zailtasunak ere sor ditzaketela, gainera, ez dituztelako «iragazte irizpideak» betetzen. Beraz, aholkatu du maskara higienikoak eta kirurgikoak erabiltzea, bigarrengoen erabilera lehenetsita: «Maskara kirurgikoak erabiltzea gomendatzen dugu elkartetik, pertsona osasuntsuentzat eta gaixo daudenentzat bideratuta baitaude; halakorik ez bada, homologatutako maskara higienikoak erabili».

Hala ere, gogorarazi dute maskara erabiltze hutsak ez duela bermatzen segurtasuna, eta beharrezkoa dela egoki jartzea. «Sudurra estaltzen ez bada, maskarak ez du babesten, eta berdin ahoa; beraz, behar bezala jarri, ahoa, sudurra eta kokotsa estalita», esan du Goienetxeak. Maskara ez ukitzeko aholkatu du, eta erabilera orokortua aldarrikatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.