Estrategiaz aldatzeko eskatu diete gobernuei

2020ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Sortuk eta ELAk nabarmendu dute COVID-19 izurriaren aurka orain arte izandako estrategia alboratu egin behar dela. Sortuk nabarmendu du orain arte birusari erantzuteko moldeak «porrot» egin duela: «Estrategiaz aldatu beharko litzateke. Helburua zen birusarekin bizitzea, ekonomiaren mesedetan. Emaitza da ez dugula ez osasunik ezta ekonomiarik ere». Diagnostikoan bat dator ELA; sindikatuak uste du azken gertakariek «argi» erakusten dutela «osasuna eta ekonomia zaintzeko estrategiarik egokiena birusa erauztea dela, ez berarekin bizitzea». Biak bat etorri ziren mobilizazioaren beharra azpimarratzen, eta herritarrei dei egin zieten sektore publikoko langileek nahiz pentsiodunek antolatutako protestetan parte hartzera.

EH Bilduk, berriz, inbertsio publikoak egiteko eskatu dio Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariari, eta datu bat nabarmendu du: Osasun Sailak 2.792 milioi euro gastatu dituela irailaren 30era bitartean; iaz baino 142 milioi gutxiago: «Datua kezkagarria da, eta krisiari aurre egiteko Jaurlaritzaren esfortzu ekonomikoaren benetako tamaina islatzen du».

Bestalde, Ernaik protestak egin zituen atzo Nafarroako Gobernuaren egoitzaren eta Eusko Jaurlaritzarenaren atarian, «osasun neurri eraginkorrak» eskatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.